2024-05-07
HomeEkintza PolitikoaEnpleguaren egoerak mobilizazioetan sakontzea eskatzen du

Enpleguaren egoerak mobilizazioetan sakontzea eskatzen du

Azken hilabeteetan bezala langabeziak beheranzko joerari eutsiko ziolakoan bageunden ere, abuztuko datuek langabeziaren igoera erakutsi digute. Nafarroa izan da langabezia txikiagoa zenbatu duen herrialde bakarra, baina beste herrialde guztien baturarekin Hego Euskal Herrian langabeziak gora egin du abuztuan. Udako denboraldiak eta COVID- 19aren aurkako murrizketak malgutu izanak langabeziaren jaitsiera bat eragin izan badu ere, abuztuak dagoeneko datozen hilabeteetako joera zein izan daitekeen aurreikuspen bat egiteko moduko datuak eskaini dizkigu.

Urte arteko datuei erreparatuz, langabeziak beherantz egin du, baina iazko urtea enpleguari begira desastre hutsa izan zela kontuan izanik hori ez da pozik egoteko motiboa. 2019ko datuekin alderatuz ordea langabezia %6,22 altuagoa daukagu eta gazteena da, beti salatu ohi dugun moduan, muturreraino igo den langabezia %22,62ko igoerarekin.

Gainera, egin diren kontratuen nolakotasunak ere ez digu optimismorako tarterik uzten, abuztuan egin diren kontratu berri guztietatik %94 behin-behinekoa baitzen. Hego Euskal Herrian enpleguaren eremuan dugun prekarietate maila eskandaluzkoa da, egungo sistema neoliberalaren helburua ez da inolaz ere kalitatezko eta nahiko enplegu eskaintzeko euskal gizarteari.

Egun, 156.313 pertsona daude langabezian Hego Euskal Herrian, eta beste hainbatetan salatu izan dugun moduan, bi herenek ez du inolako langabezia-prestaziorik jasotzen.

Estatuko babes-sistemak ematen duen estaldura-maila hain txikia izatearen arrazoien artean ditugu sistemaren ahulezia bera eta gurea bezalako lan-merkatu prekarioaren errealitatera egokitzeko ezintasuna. Gainera, pandemiaren ondorioz gora egin du iraupen luzeko langabeziak, izan ere, egoera horretan daude langabeen erdia baino gehiago.

Euskal Herriko langileriak kalitatezko enplegu nahikoa eta babes sistema behar du premiaz, eta ez Espainiako Gobernua, ez Eusko Jaurlaritza eta ezta Nafarroako Gobernua ere ez dira gai jendartearen beharrei erantzuteko. Lan erreformaren indargabetzea behar dugu, pentsio sistemaren erreforma atzerakoiak alde batera utzi eta burujabetzan sakonduz lan kode eta gizarte segurantzako lege propioaren garapenean urratsak eman.

Urrats horiek ordea ez dira bere kabuz emango. Mobilizatzeko garaia dugu, langileriak kaleak hartzea ezinbesteko baldintza izango baita geure beharrizanak agenda politikoaren erdigunean kokatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bi greba egun deitu ditugu Nafarroako ANFAS-en, hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

Greba egingo dute maiatzaren 8an eta 11n, zuzendaritzari soldata igoerak eta erosahalmena berreskuratzea eskatzeko, besteak beste. Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatzen dute lan baldintzak hobetzeko, azken 4 urteetan Gobernuak ANFASi bere aurrekontuaren bi heren dirulaguntzetan eman arren, lan baldintzak ez direlako hobetu.

Munduko Federazio Sindikalaren Herrien Koordinadorak garai berri bat hasi du

Maiatzaren 2an, arratsaldez, Munduko Federazio Sindikalaren Herrien koordinadorak bilera egin zuen. Sindikatu berriei ongi etorria emateaz gain, fase berri baten hasiera ekarri du bilera horrek, MFS-an afiliatutako estaturik gabeko nazioetako sindikatuen presentzia eta indarra gero eta handiagoa delako.

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.