2026-03-20
HomeIndustriaMetalgintzaBenetako negoziazioa ematen ez den bitartean LABek Metalgintzako mahaietan bere partehartzea etengo...

Benetako negoziazioa ematen ez den bitartean LABek Metalgintzako mahaietan bere partehartzea etengo du

Patronalaren blokeorako jarrerak, Eusko Jaurlaritzak negoziazio bultzatzeko hartutako konpromezu antzuak eta patronalari ez aurre egiteko ELA, CCOO eta UGTk hartutako erabakiaren aurrean, LABek Metalgintzako mahaietan bere parte hartzea etetea erabaki du. Sindikatuak hitzarmenen defentsa denori dagokigula deritzo eta Metaleko hitzarmenaren defentsan mobilizatzen jarraituko duela iragarri du.

LAB sindikatuak pasa den maiatzaren 9an EAEko metalgintzako hitzarmenak berritzeko proposamena aurkeztu zuenean, patronalak, hau da, Confebaskek, negoziatzeko borondatea ote zuen ala ez egiaztatu nahi zuen. Gogoratu patronalak berak uztailaren 7a baino lehen negoziazioak bukatutzat eman zituela eta mahaietatik altxatu egin zela.

Proposamen honek metalgintzan bizi duen blokeo egoerari erantzuten zion, oso oinarrizkoa zen proposamena. Proposamen hau Confebaskek berak iada hainbat sektoreetan sinatu du azken hilabeteetan (grafikagintza, merkataritza, elikagaien industria…). Beraz, LABek proposamena erabat gauzagarria dela frogatu du. Zergatik metalgintzan ez da posible eta beste sektoreetan bai? Gaur da eguna inork erantzun ez diguna.

Negoziazio mahaiak eratu zirenetik dagoeneko 3 hilabete eta bilera batzuk igaro dira. Denbora pasa da eta LABek lau ondorio ateratzen ditu:

1.- Ez dago patronalik hitzarmena negoziatzeko. LABek akordioa bilatuz pausu bat aurrera egiten duen bakoitzean, patronalak bi pausu egiten ditu atzera. Gero eta jarrera gogorragoa du CONFEBASKek. Gero eta proposamen atzerakoiagoak aurkezten dizkigu Bizkaian eta Araban. Gipuzkoan, Adegi ez da eseri ere egin. Hau da daukagun benetako patronala!

2.- Patronalaren jarreraren ondorioz, ez dago negoziazio mahairik. Antzerki hutsa besterik ez. Lan erreforma inposatu nahi digute, hitzarmenari balioa kenduz. Negoziatzeko prest dagoen gauza bakarra da zenbat malgutasun orduak onartu behar ditugun, ze eskubide kenduko diguten, azken batean, ze eskubide kentzea nahiago dugun. Hor ez dago negoziaziorik, inposaketa besterik ez. Ez dute hitzarmenik nahi langileek eskubide galera jasoko dutela bermatzeko ez bada, lan erreforman sakontzeko ez bada.

3.- Patronalaren jarrera metalgintzako sektorea desarautzeko ahaleginaren baitan bakarrik ulertu daiteke. Patronala lasai dago negoziazioa blokeatuta baduelako B plan bat metalgintzako sektorerako: enpresaz enpresa sektorea desarautzea, enpresa eremuan errazago lortzen baititu bere neurrikoak diren akordioak.

4.- Gaur egun Confebaskek ez ditu enpresari txiki eta ertainen interesak defendatzen, enpresari handien interesak baizik. Jarrera honen aurka badaude enpresari asko baina tamalez ez daude oraindik antolatuak.

Confebaskek enpresen arteko lan kostuetan oinarritutako konpetentzia sustatu nahi du, jakin badakielako enpresa handiek hortik aterako dutela etekina lana azpikontratatuz.

ETA EGOERA HONEN AURREAN, ZER?
Dagoen blokeoa nabarmena da. Bizkaian denok hala erabakita, ez dago beste datarik biltzeko. Arabako kasuan hilabete bateko epea eskatu da egoera aztertzeko.

Egoera honek baditu noski erantzuleak noski. Egoera honen erantzule nagusia patronala da, jakina. Baina patronalaren jarrera ezin da ulertu Eusko Jaurlaritza eta beste sindikatuen jarrera aztertu gabe.

Eusko Jaurlaritzak LABen aurrean konpromiso bat hartu zuen negoziazioa bultzatzeko. Gure proposamena begi onez ikusi zuten. Beraien hitzetan “ oso gauzagarria zela” adierazi ziguten.

Non geratu da euren konpromisoa? Zer egin dute ordutik? Ezer ez. Ixilik egon dira. Eta ixiltasun horrek sostengua ematen dio Confebaski.

Bestalde, ELA, CCOO eta UGTren jarrera onartezina da. Estrategia eta helburu zeharo ezberdinak izan arren, gauza baten ados jarri dira: ez diote patronalari aurre egin nahi. LABek elkarlanerako dei egin dien bakoitzean ezetza eman digute. Konpromisorik gabe, ze nolako hitzarmena lor daiteke?

Egoera honen aurrean LAB ez dago jarrera hori babesteko prest. Ez diogu inolako zilegitasunik emango patronalaren inposaketari. Ez gaude negoziazio baten aurrean eta irtenbidea ezin da izan patronalak nahi duen guztiari men egitea. Hor ez dago konponbiderik. Langileentzat prekarietate eta langabezia gehiago baino ez luke ekarriko horrek.

Beraz, jakinarazten dugu LABek mahaietan duen bere partehartzea eten egingo duela, benetako negoziazioa ematen ez den bitartean. Are gehiago, benetako negoziazioa lortzeko ezinbestekoa da antzerki honekin bukatzea. LAB negoziazio hori eman dadin ahaleginduko da aurrerantzean.

Argi diogu. LABek sektoreko hitzarmenak defendatzen jarraituko du. Baina benetako negoziazio bat behar dugu. LAB ez da geldirik egongo.

Hauek dira aurrera begirako LABen konpromisoak:

1.- Eusko Jaurlaritzaren esku hartzea exijituko dugu. Ez al du ezer egin behar?
2.- Erakunde publikoetara eramango dugu metaleko hitzarmenen aldarria.
3.- Metaleko hitzarmenaren defentsan mobilizatzen jarraituko dugu.
4.- Enpresa eremuan sektoreko hitzarmena babesten eta defendatzen jarraituko dugu eta eremu honetan ere ekimen berriak martxan jarriko ditugu.

Hitzarmenaren defentsa ez dagokio soilik LABi, denon ardura da. Horregatik, dei berezia egin nahi diegu sektoreko langile guztiei hitzarmenak defendatzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.