2024-05-14
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: "Izenetatik harago, Espainiako Gobernuak zein politika egingo dituen ikusi nahi...

Garbiñe Aranburu: “Izenetatik harago, Espainiako Gobernuak zein politika egingo dituen ikusi nahi dugu”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk elkarrizketa egin du Radio Euskadiko Boulevard saioan, eta, bertan, aktualitateko hainbat gairi buruz hitz egin du. Besteak beste, Espainiako Gobernuaren barruan egondako aldaketei buruz galdetu diote: “Izenetatik harago, Espainiako Gobernuak zein politika egingo dituen ikusi nahi dugu eta ea lan erreforma indargabetzen duen eta zein neurri hartuko dituen pentsioen gaiarekin. Era berean, ikusi nahi dugu zein politika egingo dituen herri honek bizi duen gatazka politikoarekiko eta ea behingoz epaiketa politikoak egiteari uzten dioten”. Azken honi buruz, 13/13 sumarioko epaiketak ez duela inondik inora lekurik eta logikarik aipatu du, ezta bestelako sumarioak irekitzeak ere: “Termino politikoetan ez zaio gatazka politikoari heldu, eta, horretatik harago, herri honetako sektore independentisten aurkako kultura errepresiboak bere horretan darrai”.

Beste gai batzuk ere izan ditu hizpide; Tubacex-eko langileen aldeko epaia, kasu. Albistea bikaina dela esan du, baina enpresak helegitea jarri izanak borrokarekin jarraitzeko beste biderik ez duela uzten azpimarratu du: “Epai hau ez litzateke existituko sindikalismo borrokalari bat egongo ez balitz”. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren jarrera lotsagarria azaldu du. Hasieratik patronalarekin lerrokatu dela adierazi du, eta, hori gutxi balitz, Ertzaintza langileak kolpatzera bidali duela ekarri du gogora: “Negoziazio bat ezin da abiatu ERE bat mahai gainean jarrita. Xantaia hutsa da hori”.

Azkenik, aldaketa garaia dela nabarmendu du, eta egungo egoerak mobilizazioak indartzeko beharra eskatzen duela berretsi du; Greba Orokor bat tarteko. Honi buruz luze eta zabal hitz egin du honako iritzi artikuluan

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lan istripuan zendu den garraiolari nafarraren kasuaren aurrean, sektorean prebentzio neurriak ezartzea premiazkoa dela azpimarratu dugu

Atzo, maiatzak 13, 51 urteko Lizarrako garraiolari bat hil zen lan-istripuan Valareñan (Zaragoza), gidatzen ari zen kamioia iraulita. Cerio Ensilados enpresako behargina zen. Heriotza honekin 23 dira jada aurten lan-istripuz hil diren langileak, eta horietatik 8 garraiolariak. Datu honek esan nahi du aurten Euskal Herrian lan-istripuak eragindako heriotzen %35 garraioaren sektorean gertatu direla.

Sokoa enpresan mobilizazioei ekingo diegu

2024ko Urteko Derrigorrezko Soldata Negoziazioen baitan langileen Biltzar Nagusiak hartutako erabaki baten berri emateko agerraldia egin dugu gaur LAB eta CFDT sindikatuok bulego-aulkien lantegiaren aurrean. Biltzar Nagusi horretan erabaki zen Soldata Negoziazioen blokeoa ematen bazen blokeo horren berri ematea gizarteari eta, aldi berean, gure aldarrikapen nagusiaren alde engaiatzea gaurtik bertatik mobilizazio bat antolatuz.

Polizien kidegoak Iruñeko ospitalean egindako erakustaldia gaitzesten dugu

LAB sindikatuko kideok salatu nahi dugu, Ospitaleratutako Haurraren Eguna dela eta, polizia-indarrek ospitaleetako zabalgunean egindako erakustaldia. Propagandarako ekintza honen aitzakia izan da goizean zezen-plazara joaterik izan ez duten haurrei ikuskizun hau eskaintzea.