2024-05-02
HomeEkintza PolitikoaEuskal herritar guztiei eskubide guztiak bermatzea, elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko gakoa

Euskal herritar guztiei eskubide guztiak bermatzea, elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko gakoa

Idazkari Nagusi Garbiñe Aranburu buru duen ordezkaritzak LABen ekarpena eman die Foro Sozialeko ordezkariei, azken hau elkarbizitza demokratikorako oinarriak zehazteko egiten ari den prozesuaren testuinguruan. LABen ekarpenak hiru atal dauzka.

Lehen atalean, Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatuak eragindako ondorio guztiei erantzun eraginkorra emateko beharra nabarmentzen da. Horretarako landu beharko liratekeen gai nagusiak honako hauek lirateke:

    • Biktima guztiei egia, justizia eta erreparazioa ematea. Ezin dira lehen eta bigarren mailako biktimak egon. Horretarako, erakunde estatal eta autonomikoek eragindako biktimekiko diskriminazio ororekin amaitu beharra dago. “Sindikatu garen aldetik, arreta berezia jarri nahi dugu borroka sindikalen testuinguruan egondako biktimengan, hala nola Erandio eta Gasteizko kasuetan, edota torturatutako sindikalistengan”.

    • Salbuespenezko jarduera judizialarekin (besteak beste, Auzitegi Nazionalarekin) nahiz salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu eta arrazoizko epe batean euskal preso guztiak kaleratzeko nahiz erbesteratuak etxeratzeko prozesua bururaino eramatea. Era berean, euskal preso eta iheslari ohiei lanerako sarbidea ahalbidetu behar zaie eta oinarrizko eskubide eta beharrak aintzat hartu, hala nola, pentsiorako eskubidea. Horretarako, instituzio publikoek plangintza zehatza jarri beharko lukete martxan. Era berean, Patronalaren eta sindikatuon arteko akordio bat onuragarria litzateke.

    • Gatazka armatuak euskal jendartean eragindako zauriak ixtea, besteak beste aurkaritzat izandako horri eragindako minaren aitortza eginez; bizipen guztiak errespetatuko dituen memoria inklusiboa sustatuz; kaltetuak izan eta beharra duten herritarrei babes material eta emozionala emanez; eta herritar nahiz eragileen arteko elkarrizketa eremuak ahalbidetuz.

Bigarren atalean, gatazka armatuaren erroan dagoen auzi politikoari (euskal herritarren borondate demokratikoaren egikaritza) heltzea proposatzen du LABek:“Euskal herritarrok badugu egitasmo politiko desberdinen (autonomia, estatu konfederatua, independentzia) artean erabakitzeko eskubidea. Eskubide hori gauzatzea ahalbidetuko duen prozedura juridiko-politikoa ezarri beharra dago hiru euskal lurralde esparruetan (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria). Eta Espainiako eta Frantziako Gobernuek euskal herritarren borondate demokratikoa errespetatzeko konpromisoa hartu behar dute. Eremu sindikalari dagokionez, Euskal Herriko hiru lurralde esparruetan eredu sozioekonomikoaz, lan harremanetarako esparruaz nahiz babes sozial sistemaz erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Ildo honetan, euskal langileok hauteskunde sindikalen bidez adierazitako borondatea aintzat hartu beharra dago: bertako ordezkaritza sindikalak izan behar du bertako langileen lan baldintzak negoziatzeko eskumen osoa”.

Hirugarren atalean, indarkeria eta zapalkuntza forma oro gainditu eta euskal herritar guztientzat bizitza duina eta anitza ahalbidetuko duen ortzimugarantz urratsak emateko beharra nabarmentzen du: “Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatua gainditzea eta gatazka politikoa konponbidean jartzea aurrerapausu itzela litzateke Euskal Herriaren historian. Alabaina, gure anbizioak harago joan beharko luke: indarkeria eta zapalkuntza oro ezabatu eta herritar guztiei bizitza duin, anitza eta askea ahalbidetzea. Elkarbizitza, demokrazia, berdintasuna edo bakea bezalako baloreak landu nahi baditugu, aurre egin behar diogu indarkeria matxistari, injustizia sozialei, arrazakeriari eta zernahi diskriminaziori. Eskubide guztiak herritar guztientzat, aniztasunean; horixe izan behar du euskal herritarron arteko hitzarmenaren oinarrizko premisa”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:04:13

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.
00:02:19

Bazterketa sindikala gaindituta, aberastasunaren banaketa aldarrikatu du LABek Baionan

Urte luzez pairatutako bazterketa sindikala gaindituta, intersindikalarekin batera pankartan izan da LAB gaur Baionan, Maiatzaren Lehenean.

Basogintza intentsiboak 22 urteko langilea hil du Artzentalesen

Joan zen astean Artzentalesen basogintza lanetan larriki zaurituriko M.A.A, 22 urteko langilea, azkenean hil egin da zauri larrien ondorioz.