2024-05-06
HomeEkintza PolitikoaSalbuespenezko espetxe politikaren amaiera exijitu dugu Iruñean eta Bilbon

Salbuespenezko espetxe politikaren amaiera exijitu dugu Iruñean eta Bilbon

Presoen aldeko sindikatuen ekimenak ugaltzen ari dira. Iruñean manifestazio propioa antolatu dugu LABetik, eta, Bilbon, hainbat sindikaturekin batera, hilabeteroko ekimenari eman diogu jarraipena, Sareren “Izan bidea” dinamikaren baitan. Batean zein bestean, salbuespenezko espetxe politikaren amaiera exijitu dugu. Bizkaiko hiriburuan, era berean, euskal presoei laguntza juridikoa eta soziala emateagatik auzipetzen duen 13/2013 sumarioa artxibatzeko eskatu dugu LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuok.

Aipatu behar da ere Iruñean, ostegunean aurkeztu genuen bezala, uztailaren 3an manifestazio bat egingo dela presoen Euskal Herriratzea eskatzeko, Sareren “Ibilian ibilian” eta “Izan bidea” dinamiken barruan, sindikatuek eta Nafarroako hainbat lantokitako enpresa-batzorde ugarik deituta.

Bilboko mobilizaziora bueltatuz, honako irakurketa plazaratu dugu sindikatu deitzaileok (LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE):

Gaur ikasturte honetako azken konzentrazioa da, eta “Izan bidea” ekimen sindikalaren barruan egiten ari garen dinamika honen eta bigarren ikasturte honen oso balorazio ona egiten dugu.

Oraindik ere balioa ematen diogu sindikatu gehienek bat egiteari, sinatzaile guztien  konpromisoari eta konstantziari, gure desberdintasunen gainetik aldarrikapen honetan batzen gaituena.

Argi daukagu dinamikarekin jarraitu behar dugula; izan ere, nahiz eta urratsak eman diren hurbilketei eta gradu aldaketari dagokienez, oraindik urrun gaude egiten ditugun aldarrikapenak lortzetik: legeria arruntean jasotako espetxe-onurak eskuratzea, gaixotasun larriak edo sendaezinak dituztenak espetxetik ateratzea, espetxetik ateratzen diren pertsonak lan-mundura itzultzea, eta kondenak salbuespenez luzatzeko legeria berrikustea.

Hiru hamarkada baino gehiago igaro behar izan dira, gaur bestelako egoera batez hitz egiteko. Baina gaur egun ere, preso askok Penintsulako iparraldean sakabanatuta jarraitzen dute, eta Hego Euskal Herriko espetxeetara noiz eramango dituzten zain daude.

Orduan hitz egin ahal izango dugu gure herriko bizikidetza normalizatzeaz.

Hasteko, larriki gaixo dauden pertsonak eta 70 urtetik gorakoak espetxetik atera beharko lirateke.

Espetxeratutako pertsona horien % 90ek baino gehiagok, irizpide hertsiki politikoetan oinarritutako sailkapen-politika baten xede izan ez balira, bigarren graduari dagozkion baimenak izan zitzaketen.

Herenak baino gehiagok bete ditu – zenbait kasutan, aspalditik – ezarritako zigorren 3/4ak.

7/2003 Lege Organikoa onartu ondoren epaitu eta kondenatu zituzten 60 euskal presoak, 40 urtera arteko askatasun-gabetze efektiboarekin eta hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko muga gaindiezinekin, salbuespenezko araudi batekin epaitu eta kondenatu zituzten, eta araudi hori araudi arruntera bihurtu behar da.

Frantziako Estatuko espetxeetan zigorra bete zuten 50 euskal presori “ad hominem” idatzitako lege bat aplikatzen ari zaie, soilik euskal presoentzat, eta horrek galarazi egiten die Europar Batasuneko espazioan askatasunik gabe pasatu duten denbora zenbatzea.

Era berean, euskal presoei laguntza juridikoa eta soziala emateagatik (13/2013 sumarioa) laster 8 pertsona epaituko direnez, hemen gauden sindikatuok honako hau adierazi nahi dugu:

  • Gure kezka eta gaitzespena adierazten dugu kaltetutako pertsonek adierazitako irregulartasunei buruz, eta bereziki, inkomunikazio-aldian tortura praktikatzeari buruz.
  • Kausa hori artxibatzea eskatzen dugu, bai aipatutako irregulartasunengatik, bai ekintza anakroniko bat delako, gure gizartean bake eta bizikidetza demokratikoaren eszenatoki baten aldeko gehiengoaren eskaria urratzen duena.
  • Espetxe-politikaren salbuespenaren amaiera behin eta berriz eskatu dugun bezala, salbuespen judizialaren amaiera ere eskatzen dugu. Euskal herritarrek eskubidea dute dagokien auzitegi arruntean epaituak izateko.

Bizikidetzan oinarritutako gizarte gisa berreraiki behar dugu, horregatik irailaren 17an, uztaila eta abuztuko etenaldiaren ondoren, berriz ere Eliptika plazan izango gara, hileko hirugarren ostiraletan mobilizatzen jarraituko dugu, kontzentrazio bakoitza modu zehatzean ezaugarrituz.

Ostiral honetan bultzada txiki bat eman nahi izan diogu mobilizazioari, gure afiliazioari dei zabalago bat eginez, sindikatuon aldetik aldarrikapenokin dugun konpromiso irmoa erakutsiz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.