2026-08-02
HomeEkintza SozialaEtxebizitza eskubidearen defentsan herri harresia antolatu eta mobilizazioetan parte hartzera dei egiten...

Etxebizitza eskubidearen defentsan herri harresia antolatu eta mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Pandemia iritsi baino lehen ere, etxebizitza larrialdiaren testuinguru orokor batean bizi ginen, zaurgarritasun ekonomiko eta soziala areagotzen ari baitzen. 12 urte igaro dira higiezinen burbuilak eta krisiak eztanda egin zuenetik, eta euskal administrazioen borondate politikoa falta izan da, lehen etxebizitza larrialdi izan zena, gaur, egiturazko krisi bilakatzeko. Ordutik, pobrezia arriskua %41,4 igo da. Alokairuen gorakada neurrigabea eta lan eremuarenprekarizazio prozesuaren ondoriozko soldaten eta eros-ahalmenaren galera dela eta, hipoteka ordain ezinak, alokairu ordain ezinetan bilakatu dira.

Etxebizitzaren giza eskubide sozial eta ekonomikoari EAEn (2015ean) eta Nafarroan (2018an) lege-garapena eman bazitzaion ere, eskubidea ez da inon egiaz gauzatu. Etxebizitza parke publikoa handitzeko eta alokairu soziala sustatzeko politika publiko eraginkorrekin etxebizitza larrialdia irauli beharrean, etxebizitza sistema neoliberal harrapariaren merkatu-ondasun egin dute. COVID-19ak zapalkuntza sistemiko hauek azkartu egin ditu.

Azken asteotan berretsi dugun bezala, Euskal Herria ez da inongo oasia. Ehundaka pertsona dira, hirigune zein landa eremu, etxebizitza galtzeko arriskuan aurkitzen direnak hipoteka zein alokairu neurrigabeak ordain ezinagatik; kontratua berritu gabe bukatu zaielako; Azora, Blacstone, Catella, funts putreek erositako babes ofizialeko etxebizitzetan bizi direlako; turistifikazio eta gentrifikazio prozesuek eraginda garestitu egin dituzten etxebizitzetatik kanporatuak direlako.

Era berean, oldarraldi neoliberal honen aurrean, Euskal Herri osoan zehar bizilagun eta langileon arteko babeserako herri antolakuntza areagotzen ari dela ikusten ari gara eta etxebizitza eskubidea defendatzeko aldarria mugimendu sozial ugariren artean zabaltzen.

Sindikalgintzatik eskubide sozialen defentsa irmoa dagokigu egitea. Horregatik LABetik, lehentasunez etxegabetzeen odolustea gelditzeko exijitzen dugu, merkatu libreko alokairuak erregulatu, etxebizitza turistikoei muga jarri, eta parke publikoa handitzea exijitzen ditugu. Etxebizitza estrategikoki jabetza publiko eta komunitariokoa izan behar duela aldarrikatzen dugu.

Horretarako, eremu honetan lanean dabiltzan eragile eta kolektiboekin aliantzak sustatu eta, etxebizitza negozio bilakatu nahi dutenen aurrean, herri harresi handi baten eraikuntzan eskuz esku aritzea dagokigu. Inor etxerik gabe egon ez dadin, langileon arteko elkartasuna sustatu eta antolakuntza espazioak eskaintzea dagokigu. Eta lehentasunez, etxebizitzaren aldeko mobilizazio orotan parte hartuz giza eskubide unibertsal honen aldarria kaleratzea dagokigu. 

Honenbestez, LABetik larunbatean, hilaren 22an, Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera dei egiten dugu. Etxebizitza ez da negozioa! Eskubidea da!

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.