2024-05-04
HomeZerbitzu PublikoakGarraioaGarraio Publikoko enpresa batzorde guztiek atxikimendua eman diote Bizkairako bidai-txartel bakarraren aldeko...

Garraio Publikoko enpresa batzorde guztiek atxikimendua eman diote Bizkairako bidai-txartel bakarraren aldeko adierazpenari

Garraio Publikoko enpresa batzorde guztiek ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek joan den martxoan Bizkaian txartel bakarraren alde egindako adierazpenarekin bat egiten dutela adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo Bilboko Plaza Biribilean. Raul Mendezek, Metroko LABeko delegatuak, komiteen irakurketa plazaratu zuen.

GARRAIO PUBLIKOKO ENPRESA BATZORDE GUZTIEN IRAKURKETA BIZKAIKO BIDAI-TXARTEL BAKARRAREN HARIRA
Deialdi honen bidez gure babesa erakutsi nahi diogu garraio publikoko langileok ELA-LAB-CCOO-UGT-ESK eta USO sindikatuek joan den martxoan Bizkaian txartel bakarraren alde egindako adierazpenari.

Bizkaiko garrio publikoko enpresa-batzorde GUZTIETAKO ordezkariak gaude hemen ordezkatuta. 14 enpresa-batzordek egin dugu bat txartel bakarraren adierazpenarekin, eta gehien-gehienok, denka ez esatearrean, AHO BATEZ gainera.

7 tren-enpresa: EuskoTren, Euskal Trenbide Sarea, Metro Bilbao, Renfe, Adif eta oraingo Renfe zabalera metrikoa eta Adif zabalera metrikoa, FEVE zenetik datozenak.

7 autobus-enpresa: BioBide (Bilbobus), eta Bizkaibusen 6 emakidak (TCSA, CAVSA, PESA, ADNOR, Enkarterriak eta Loiuko Autobusak).

Gainera, hasierako adierazpena sinatu genuen 6 sindikatuei ELA-LAB-CCOO-UGT-ESK eta USO, indar sindikal gehiago ere batzea lortu dugu, hala, SEMAF, SCF, CIM, TRENBIDEGINEN, eta abar.

Azken batean, baieztatzen dugu sektoreko 3.000 langile baino gehiagok babesten dugula Bizkaian txartel bakarraren aldeko adierazpena.

Bizkaiak txartel bakarra behar du garraio publikoaren kalitatea hobetuko bada, sektoreko langileen lan-baldintzak bermatuz. Horregatik, gure txartel bakarraren proposamena BARIK kontaktu gabeko txartela baino askoz urrutirago doa.

BARIK euskarri elektronikoa baino ez da, plastikozko txartela, hainbat garraiobidetan erabiltzeko aukera ematen duena. Baina poltsa edo zorroan abonu eta txartel gutxiago eroatea soilik dakarkigu, ez, ordea, kalitate hobeko garraioa.

Garraio publikoko langileok TXARTEL BAKARRAREN alde gaude, ezaugarri hauekin:

1.- Bi punturen aldeko bidaiak, edozein garraiobidetan, tarifa bera izatea beti. Tarifak bateratzea, alegia.

2.- Garraio publikoaren erabilera sustatu eta saritzea. Zenbat eta bidaia gehiago, hainbat eta merkeago.

3.- Justizia sozialean oinarritzea, pertsonen diru-sarreren araberako tarifekin.

4.- Intermodalitatea bermatu eta erraztea, zerbitzuaren kalitatea hobetuz inplikatutako alde guztientzat, erakunde, herritar zein langile.

5.- BIZKAIKO garraio publikoko enpresa guztietan erabilgarria izatea, eta operadoreen arteko lehiaren aurrean garraioa koordinatzea erraztea. Premiazkoa da Garraioaren Agintaritza Bakarra eratzea.

Horrela soilik, TXARTEL BAKARRAREN ezaugarriak ikuspegi sozialetik definituz, alegia, lortuko dugu Bizkaiko garraio publikoaren kalitatea hobetzea hainbat ikuspegitatik, kudeatzen duenaren, erabiltzen duenaren eta egunero funtzionatzea ahalbidetzen dugunon ikuspegietatik: ERAKUNDEAK, JENDARTEA ETA LANGILEAK uztartuta, hain zuzen.

GARRAIO PUBLIKOAREN ALDE txartel bakarra orain.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.