2026-10-02
HomeZerbitzu PribatuakTelekomunikazioakMasMovilen EEPak Euskaltelen pribatizazio prozesu eskandalagarriari amaiera ematen dio

MasMovilen EEPak Euskaltelen pribatizazio prozesu eskandalagarriari amaiera ematen dio

Atzo ezagutu zen MasMovilek Euskalteli egindako Erosketa Eskaintza Publikoa (EEP). Honekin, Eusko Jaurlaritzaren bermea izan duen pribatizazio eta espoliazio prozesua amaitu da. LABek borrokan jarraituko du beharrezkoa den trantsizio digital eta ekologikoa ikuspegi ekosozialista eta feministatik gauzatu dadin, telekomunikazioen sektore estrategikoetan jabetza eta kontrol publiko eta sozialari lehentasuna emanez.

Euskaltel 1995ean sortu zen, %100eko kapital publikoarekin. %40 Eusko Jaurlaritzarena zen eta gainerako %60a garai hartan guztiz publikoak ziren 3 aurrezki kutxena. Kapital pribatuaren sarrera etengabea izan zen, 2012an Eusko Jaurlaritzak akzio guztiak saldu eta Kutxabank %50 baino gutxiagorekin geratu zen arte; jabetza eta kontrol publikoa betirako galdu ziren. 2015ean burtsaratzea gauzatu zen eta akziodun pribatuek akzioak saldu zituzten erosketa-prezioaren hirukoitzagatik. Zegona funts britainiarra 2019an sartu ondoren eta Masmovil EETa iragarrita, pribatizazio prozesua gauzatu da, Eusko Jaurlaritzaren oniritzia izan duena une oro.

LABek beti salatu du prozesu hori, bai enpresaren jabetza publikoa saltzea, bai enpresa burtsara ateratzea. Pribatizazio prozesu guztia interes espekulatiboz josita egon da, Euskalteleko langileen lan-baldintzak okertuz eta euskal gizarte osoari funtsezko zerbitzu publikoa kenduz.

Egitez edo ez-egitez, Lakua egoera horren konplize izan da. Ez du inolako interesik izan Euskaltelen izaera publikoa defendatzeko, ezta bere erabakigunea Euskal Herrian mantentzeko ere. Gogora ditzagun Tapiaren hitzak 2019an, Euskaltelen errotzea arriskuan ez zegoela esatean gezurra esan zuenean. Hain zuzen ere, horretan oinarritzen da Eusko Jaurlaritzaren lankidetza publiko-pribatua: enpresa publiko estrategikoak esku pribatuetara transferitzea, kapital publikoa xahutuz eta oinarrizko eskubideak pribatizatuz. Hori are larriagoa da aldaketa teknologikoaren eta produkzio sarearen birkonfigurazioaren testuinguruan. Euskal jendarteari lapurtu egin zaio bere eredu digitala birpentsatzeko eta herri honetako langileen zerbitzura dagoen eredu baterantz aurrera egiteko zuen tresna publiko bakarra.

Amaitzeko, LABek babesa eman nahi die Euskalteleko langileei, beren etorkizunari eta lan-baldintzei buruzko ziurgabetasunez beteriko astelehen bati aurre egin beharko baitiote. Era berean, sindikatuak salatu nahi du MasMovilek EETa iragarri izana albiste txarra dela Euskal Herriko langile guztientzat.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...

125 udal baino gehiagotako langile batzordeek bat egin dute EAEko udaletan urriaren 8ko greba deialdia babesteko aurkeztu dugun mozioarekin

Hamarnaka udal eta zerbitzu itxiko dira urriaren 8ko greba egunean. Izan ere, 125 langile batzordetik gora dira EUDELi eta EAJ, EH Bildu, PSE-EE...

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.