2026-10-02
HomeEkintza PolitikoaNafarroak Europako Funtsak zein proiektutara bideratuko diren erabakitzeko gaitasunik ez duela izango...

Nafarroak Europako Funtsak zein proiektutara bideratuko diren erabakitzeko gaitasunik ez duela izango salatu dugu

LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak agerraldia egin duten Iruñean, Europako Funtsak ardatz, sindikatuak gai horren aurrean duen iritzia plazaratzeko. Hain zuzen ere, Nafarroak ez duela negoziatzeko eta funtsen kudeaketan eta erabakietan zuzenean parte hartzeko gaitasunik nabarmendu dugu. Hortaz, datozen urteetako politika publikoak goitik behera baldintzatuko dituzten funts horiek zein proiektuetara bideratuko diren erabakitzeko azken hitza estatuek izango dutela salatu dugu. Funtsek Nafarroan hartu duten norabidea eta kudeaketa eredua kritikatu dugu, hortaz, eta trantsizio ekozialista eta feminista aldarrikatu dugu.

Funtsak ematea hainbat baldintza, orientabide estrategiko, lan eta pentsio erreforma eta neurri politiko betetzeari lotuta dago, Europako Batzordeak kontrolatuko dituenak: “Diziplina fiskalera itzultzea, lehenago edo geroago, mehatxu larria izan liteke laguntzak kobratzeko, aurrekontu-defizitak bideratzeko ezarritako bidea betetzen ez bada. Hortaz, funtsak, konfiguratuta dauden moduan, presio-tresna indartsuak dira”.

Bestalde, elite ekonomikoen aldeko gobernantza sustatzen dute funtsek: “Elkarrizketa politikorako eta eztabaida sozialerako edozein aukerari ateak itxita, ‘Gizarte zibila’ deritzon partaidetza baztertzen da. Ondorioz, eliteen elkarrizketa deitzen dugunera mugatzen da. Azken horren erronka udarako Enplegu Plana onartzea da, zeina, nagusiki, Europako funtsetatik elikatuko da, baldintza guztiekin. CEN patronalak, enpresarien lobbyak, alfonbra gorria du, eta Espainiako Gobernuarekin koordinazio esklusiboa eta zuzena duen proiektu-bulego bat du bere interesak bermatzeko, helburu guztien oinarri den lankidetza publiko-pribatuaren isla fidela”.

Adibide gisa, Volkswagenek Espainiako Gobernuari egindako ohartarazpena. Taldeak Landabenen alde egitea nahi badute, konpromisoa behar omen dute; Europako Funtsetatik datozen laguntza publikoen zati bat, eta ziurrenik plantillen doikuntza.

Gero eta jende gutxiagok ulertzen du, gehiengo sozialaren beharrei erantzuteko erabili beharrean, diru publikoko ehunka mila milioi euro, langileek urteetan sortutako errentetatik datozenak, esku pribatuetan jartzea, milioi askoko irabaziak dituzten enpresetan. Hala, Nafarroako Parlamentuari berari informazio hori ukatuz, ez da ezagutzen proiektuen jatorri publikoa edo pribatua, ez eta gerora lankidetza publiko-pribatuaren bidez garatuko oten diren ere: “Funtsen xurgapena errazteko, Gobernu zentralak lankidetza publiko-pribatua indartzea aurreikusten du eta kontrol administratiboak nabarmen murriztu ditu. Aitortutako helburua ahalik eta laguntza gehien lortzea da, eta kudeaketa administratiboaren arintasuna ez dator bat kontrolarekin eta gardentasunarekin. Horrela, bezerokeriarako eta ustelkeriarako aukera paregabea dago”.

Kapitalismo berdea

Nafarroako Gobernuak dituen estrategiak, ildo nagusiak, helburuak eta proiektuak ezagutu eta aztertu ondoren, apustua kapitalismo berdea dela esan dezakegu; hots, kapitalak eta enpresari handiek behar duten hazkunde ekonomikoa bideratzeko edo sortzeko apustua, eko-sozialismotik eta feminismotik planteatzen diren erronkei bizkarra emanez: “AHT (dokumentuetan agertzen ez bada ere, ezaguna da Espainiako Gobernuak Estatuko planean jaso duela eta Nafarroan ezarriko duela), Nafarroako ubidea, plan eta instalazio industrialak, errepide bidezko garraioa, eguzki eta haize-parkeak, hidrogenoa, eraikuntzak, ospitalean oinarritutako sistema, teknologia eta farmaziako inbertsioa, egungo hezkuntza-sistema eta zahar egoitzen eredua, euskarafobia, beste batzuen artean, Nafarroako kapitalismo berdea irudikatzen duten proiektuak dira”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...