2026-06-18
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzak Tolosako Asuncion Klinika bere baitan txertatzeko eta langileak subrogatzeko eskatu dugu

Osakidetzak Tolosako Asuncion Klinika bere baitan txertatzeko eta langileak subrogatzeko eskatu dugu

Agerraldia egin dugu Tolosan, Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari Gorka Berasategik buru, Asuncion Klinika kudeatzen duen Inviza enpresaren inguruan dabiltzan albiste eta mugimendu desberdinen aurrean gure jarrera azaltzeko. Hala, berretsi dugu klase sindikatu bezala Invizako langileak defendatuko ditugula beti, eta Tolosaldeko herritar guztien eskubideak bermatzeko beharra ikusten dugula; hots, ospitale publiko bat izateko eskubidea. Hain justu, horregatik izan gara hasieratik Tolosaldeko Osasun Publikoaren aldeko Plataformaren (TOPA) parte.

LABen iritziz, Eusko Jaurlaritzak zor historikoa dauka Tolosaldearekin, EAE-ko eskualde bakarra delako ospitale publiko bat ez duena; aldiz, ospitale pribatu kontzertatu bat inposatu digute. “Argi dago esperimentua gaizki atera zaiela, nabarmen gaizki”, adierazi dugu. Era berean, zor historikoa dauka ere Invizako 350 langileekin, zeintzuk urteetan zehar beste eskualdeetako zerbitzua eskaini behar izan dute bitarteko eta baldintza okerragoetan. Erabat diskriminatzailea.

Agerraldian azaldu dugun bezala, “ibilbide luze baten ondorioz gaude gauden tokian eta hasiera hasieratik egin genuen aldarrikapenak oraindik ere indarrean jarraitzen du: eskualdeko ospitale publikoa nahi dugu. LAB urteetan zehar aldarrikapen honen alde borrokan egon da eta horretan jarraitzen dugu: Asuncion Klinika publifikatzearen alde!”.

Gorka Berasategiren esanetan, “Tolosaldeako ESIan diru publikoa mozkin pribatua sortzeko erabilia izan da. Osakidetzak bere zerbitzuak handitu eta indartu beharrean, pribatizazioari eta kontzertazioari ekiten dio behin eta berriz. Hiritarron osasunarekin diruzalekeria sustatzea erabat salagarria dela uste dugu eta horrela adierazi nahi izaten diogu Osakidetzako zuzendaritzari egiten ditugu mobilizazio eta greba guztietan”. 

Pandemia egoerak zerbait erakutsi badigu, oinarrizko zerbitzuetan inbertsioa eta kontrola handitu behar dela da. Osasun langileak babes neurririk gabe lanean egon dira denbora luzez; osasungintza eremu pribatuetan egoera are eta okerragoa izan da. “Argi eta garbi esan behar dugu, osasungintzan ematen diren pribatizazio eta kontzertazioekin amaitu egin behar dela. Kalitatezko osasun zerbitzu publiko bat beharrezkoa dugu, baita Tolosaldean ere”, azaldu du Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkariak.

LABen iritziz, Tolosaldean osasun zerbitzu publiko bat martxan jarri behar da lehen lehenbailehen. Diru publikoa esku pribatuetara bideratzea utzi eta kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaini behar zaie hiritarrei. Horrelaxe adierazi izan du Tolosaldeako biztanleriak urteetan egin diren mobilizazioetan. Premiazkoa dela uste dugu; ospitale berriaren eztabaidatik harago, zerbitzu publikoa lehenetsi behar da, gure iritziz. 

Hori guztia dela eta, Asunción Klinika publifikatzeko pausoak eman daitezen aldarrikatzen dugu. “Osakidetzak klinika bere baitan txertatu eta langileak subrogatzea eskatzen dugu, prozedura legalek agintzen duten bezala, hain zuzen ere. Invizari ematen zaion dirutza zerbitzua hobetzeko erabiltzea eskatzen dugu, diru publikoaren xahuketarekin amaitzeko. Era berean, Tolosaldeak beharrezkoak dituen osasun zerbitzuei buruzko hausnarketa kolektibo bat abiatu behar dela aldarrikatzen dugu”, erantsi du Gorka Berasategik.  

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.