2026-07-11
HomeZerbitzu PublikoakGarraioaELA, LAB, CCOO, UGT, ESK ETA USO sindikatuek Bizkaiko txartel bakarra sortzea...

ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK ETA USO sindikatuek Bizkaiko txartel bakarra sortzea eskatzen dute

ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek Bizkaiko txartel bakarra sortzea eskatzen dute, herritarren joan-etorriak errazteko, zerbitzu hobea eskaintzeko, eta sektoreko enpleguari eta lan-baldintzei eusteko asmoz.

Sindikatu sinatzaileen ustez dena delako ibilbide bat egiteko ordaindu beharreko prezioa berdina izan behar da, erabiltzen den garraiobidea zein den kontuan hartu gabe. Gaur egun hori ez da horrela, ibilbide bera egiteko 4 edo 5 prezio desberdin egon daitezke-eta.

Gure iritziz herri-erakundeek garraio publikoa sustatu behar dute; azken finean, gizartearen eta ingurumenaren onerako izango baita. Gogora ekarri nahi dugu, orain dela egun gutxi, Bizkaiko Garraio Partzuergoak berak jakitera eman zuen txostenean esandakoa. Horren arabera garraio publikoari esker 600 milioi eurotik gora aurreztu dira, eta 4.200 bat lanpostu -zuzeneko eta zeharkako- sortu dira. Albiste horrek akuilatu egiten gaitu kalitatezko garraio publikoa sustatzera.

Garraio publikoa pertsona guztien eskubidea izan behar da; eta norbaiten errentak galarazten du eskubide horretaz baliatzea, garraio publikoa egokitu behar da errenta apalen eskueran utzi arte. Zenbat eta errenta apalagoa izan, orduan eta merkeagoa prezioa.

Lehenago aipatu dugunez, garraio publikoak kostuen aurrezkia dakarkio gizarteari; horregatik, dagoen enplegua, eta sortu behar dena, kalitatezkoa izan behar da, eragin ona izan dezan Bizkaiko langabezia-tasa ikaragarrietan.

Esandako guztia kudeatze eta gauzatze aldera, beharrezkotzat jotzen dugu Garraio Agintaritza bakar bat sortzea Bizkaian, erakunde guztiak eta enpresa eragileak koordinatzearren, eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua kalitatezkoa eta eskuragarria izan dadin, mugikortasuna gizarte-kohesiorako tresna baita.

Horregatik guztiagatik, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuok Bizkaiko txartel bakarra lehenbailehen sortzea eskatzen dugu. Horren bidez lortuko den hobekuntza garraio publikoaren, erakundeen, orokorrean gizarte osoaren eta sektoreko langileen onerako izango delakoan gaude.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gasteizko Mercedesen Aldi Baterako Laneko Enpresen presentzia handiak prekarizazioa dakarrela salatu dugu

Mercedeseko LAB, ELA eta ESK-k, lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu Mercedes-Benz Gasteizko lantegian egiten ari den inbertsioak eta apustua bere plantillaren eta inguruko industriaren profesionaltasunaren eta lan onaren emaitza direla.

Esku-hartze sozialeko langileek elkarretaratzea egin dute Zaramagako Bizan berriaren inaugurazioan

Gasteizko alkate Maider Etxebarriari eta Gizarte Politiketako zinegotzi Lucho Royerori eskatu diete benetako bitartekaritza bat abian jar dezatela sektorearen gatazka konpontzeko; izan ere, dagoeneko 7 greba-egun eta mobilizazio ugari pilatu dituzte, erakundeak jarrera pasiboa izan duten bitartean.

Bergarako eta Zarauzko Ibilgailuen Azterketa Teknikoko langileak greban

Bigarren greba eguna izan dute gaur ITASUAko beharginek, eta egoera desblokeatu eta benetako negoziazioa ahalbidetu ezean, greba mugagabeari ekingo diote.