2024-05-05
HomeEmakumeakMartxoak 8Enplegu duina emakumeontzat! Independentzia ekonomikoa bizi proiektu independentea garatzeko

Enplegu duina emakumeontzat! Independentzia ekonomikoa bizi proiektu independentea garatzeko

Krisiari aurre egiteko aitzakipean saldutako eta aplikatutako “errezetek” prekarietate laborala eta soziala izan dute emaitza modura, eta emakumeontzat hilgarriak izan dira.

– Hego Euskal Herrian 100.000 emakume langabezian zeuden 2013. urte bukaeran.

– 2008tik hona emakumezkoen 68.000 lanpostu baino gehiago suntsitu dira.

– Emakumeok enplegua mantentzea lortu dugun kasuetan ere diskriminazioak dirau:
• Emakumeen jarduera tasa %47koa izanik, erdiak baino gehiagok, %28’8ak, lanaldi partzialean egiten du lan.
• Lanaldi partzialeko enpleguaren %83’7 emakumeek burutzen dute eta behin behinekotasun tasa altuagoa daukagu.
• Gizonezkoek baino %37 gutxiago irabazten dugu.

– Espainiar Estatuak inposatutako lan erreformak enplegu prekarioa hedatu du eta enplegua izateak ez du jada bizi baldintza duinik bermatzen.

Erreforma honek ere lan harremanen indibidualizazioaren alde egin du, nagoziazio kolektiborako eskubidea ezerezean utzi, eta guretzako funtsezkoak ziren herrialdeko hitzarmenak deuseztatu ditu, emakumeok gure lan baldintzak hobetzeko eta lan merkatuan pairatzen dugun diskriminazioarekin bukatzeko genuen aukera saihestuz.

Emerjentzia sozial egoeran gaude eta enpleguaren arazoa konpontzeak lehentasun politikoa izan beharko luke: premiazkoa da enplegu politika eraginkorrak burutzea eta ez gobernuetatik egiten dituzten itxurakeriak.

Kalitateko enpleguari eusteko eta enplegu duina sortzeko neurriak barnebilduko dituen benetako ENPLEGU PLANA behar dugu.
– Enplegu suntsiketa gelditu: kaleratzeak burutzea errezten duten neurriekin amaitu behar da. Gaur egun modu honetan, isilean, kaleratze indibidualen bidez, suntsitzen ari da emakumeon enplegu gehiena.

– Enplegu duina sortu: enplegua sortzeko aukerak badaude, Europan aurreratuen diren herrialdeekin konparaturik, oso enplegu publiko gutxi daukagu, sektore publikoan beraz kalitateko enplegua sortzeko aukerak daude.

Gaur egun gauzatzen ari den pribatizazioarekin amaitu eta instituzioek kalitateko zerbitzu publiko unibertsalen aldeko apustua egin behar dute. Badira oraindik garatu beharreko zerbitzu publiko asko. Sistema publiko indartsu batek, enplegu duina sortzeaz gain, emakumeon bizkar egon diren zaintza lanak bere gain hartu behar ditu.

– Lan munduko diskriminazioarekin bukatzeko neurri eraginkorrak: emakumeak lan merkatura sartzeko aukera berdinak izango ditugula, eta gure bizitza osoan lan merkatuan presente egongo garela bermatu behar da. Horretarako, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko erantzukidetasuna oinarri izango dituzten kontziliazio neurriak ezarri beharko dira, eta ez orain arte bezala emakumea lan merkatutik ateratzea saritzen zuten neurriak (lanaldi murriztua, eszedentziak…).

Baina, noski, emakumeok, zein euskal jendarte osoak, behar dugun enplegu politika garatu ahal izateko, eta Madriletik zein Parisetik inposaturiko erreformak Euskal Herrian aplikatu ez daitezen, lan harremanak arautzeko ahalmen osoa behar dugu (enplegu politika aktiboak zein pasiboak arautzeko ahalmena ezinbestekoa da). Horregatik lan munduan eragiten duten eragile ezberdinei dei egiten diegu lan harreman eredu berri adostu eta konpartitu baten eraikuntzan urratsak egiten has gaitezen!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.