2026-09-26
HomeEkintza SozialaArgindarraren prezioak gora egin du berriz; oligopolioei muga jartzeko garaia da

Argindarraren prezioak gora egin du berriz; oligopolioei muga jartzeko garaia da

Pandemiaren bigarren olatua deitu duten honetan eta urte hasieran bizi izan dugun hotz bolada betean, sektore energetikoa kontrolatzen duen oligopolioak argindarraren igoera abusibo, neurrigabeko eta ilegala egin du. Energia oinarrizko beharrizana izanik ere, azken hamarkadetako politika neoliberalek eskubideak urratu, ukatu eta mozkinak arteratzeko ondasun bilakatu arazi dute, geroz eta herri sektore gehiago pobretze energetikora eramanez eta kolektibo zaurgarrienak gogorrago kolpatuz.

Pandemiaren bitartean, herritarron lan eta bizi baldintzak nabarmen okertzen ari direnean, Iberdrola eta oligopolioko enpresa elektrikoek energiarako sarbidea garestitzen jarraitu dute, irabazi eskandalagarriak izateraino. Ezin aipatu gabe utzi enpresa hauek direla Europako funtsekin trantsizio energetikoa gidatzeko Urkulluk aukeratutako enpresak, beste behin ere, berdez tindatutako kapitalismo are basatiago bati bide emateko, herritarron behar sozialen kontura sistema indartzen jarraitzeko.

Egoera honetan ezagutu dugu gainera Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren izozketa, Espainiako Gobernuak aberastasuna banatu eta soldata duinak bermatzeko inolako borondaterik ez duela agerian utziz beste behin. Oraindik indarrean dauden lan erreformak bertan behera uzteko keinurik egin gabe, LGS izoztuta eta oinarrizko eskubideak oligopolioen esku. Horixe da Madrileko gobernutik, Gasteiz eta Iruñeakoen konplizitatez euskal langileoi egiten zaigun eskaintza.

Beharrezkoa da ekoizpen eta kontsumo ereduaren eraldaketa sakona egitea, trantsizio ekosozialista abian jartzea, energiaren sektore publikoa indartzea, eta pribatizazio politika eta oligopolioei muga jartzea. Beharrezkoa ere, krisia gehien dutenek ordain dezaten neurriak har daitezela, natur baliabideen esplotazio muturrekoari eta kanpo dependentzia gehiegizkoari burujabetza energetikoa eta iraunkorra sustatuz aurre egitearekin batera energiarako sarbide unibertsala eta justua bermatzeko.

Lan, pentsio eta bizi duina bermatzeko ezinbesteko eraldaketa ekosozialistan, Europako Gutun Sozialak Euskal Herrirako ezartzen duen 1.200 eurotako gutxieneko soldata aldarrikatzen jarraituko dugu, enpleguan eta babes- sozialean eskumen osoak izango dituen esparru baten alde borrokatuz. Izan ere, koiuntura honetan langile eta herritarron mobilizazioa giltzarri izango da aldaketa sozialaren eta burujabetza energetiko, ekonomiko eta politikoaren alde urratsak emateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.