2024-05-04
HomeZerbitzu PribatuakElikagaigintzaEzinbestekoa da Gipuzkoako LIDLeko dendetako langile-taldea indartzea, pandemiak eragindako egoeratik harago

Ezinbestekoa da Gipuzkoako LIDLeko dendetako langile-taldea indartzea, pandemiak eragindako egoeratik harago

LIDLek 9 denda eta 220 langile inguru ditu Gipuzkoan. Martxotik jo eta su ari dira lanean langileak. Hasieran enpresak neurri batzuk hartu bazituen ere, hilabeteak aurrera joan ahala, ustezko normaltasunaren aitzakian enpresa erlaxatzen joan da eta, eta gaur egun, langileak bakarrik aurkitzen dira denda aurrera ateratzeko garaian.

Hasieratik egindako eskaera da; ezinbestekoa da LIDLeko dendetako langile-taldea indartzea. Eta ez da Covid-19aren pandemiak zein ondoriozko segurtasun neurriak lan karga biderkatu dutelako bakarrik, lehenagotik ere ezagutzen genuen egunerokoa delako. Eta orain, ia 8 hilabete beranduago, oraindik ere pandemia garaian eta Gabonek dakarten salmenten igotzearekin, LIDLeko langileak nekatuta eta haserre daude.   

Azken asteetan, gainera, hainbat dendetan egoerak eztanda egin du. Galarretako dendan, esaterako, 10 pertsona bajan izan dira ia bi astez. Eta enpresak kontratazio puntualen bat egin badu ere, lanaldiak handitu edo beste dendatik laguntzaren bat bidali, ezinezkoa da 10 pertsonen lana ordezkatzea. Eta beraz, gainontzeko langileen bizkar erori da denda, ezer gertatu izan ez balitz bezala aurrera ateratzea. Honezkero handia den lan karga areagotzeaz gain, tentsioa biderkatzea ekarri du honek. Presioa, denbora guztian berandu eta presaka dabiltzalako lanean, haserrea lan ordu gehiago egin behar dituztelako, nekea behar bezala atsedena hartu ezin izan dutelako, larritasuna segurtasun neurriak dendan betearazteko, beldurra langileek ere gaixotzeko.

Galarretan bezala, Eibarren 9 langileren hutsunea izan dute. Duela aste batzuk antzekoa gertatu zen Hernaniko zein Azkoitiko dendetan, 4-5 lankideren hutsunearekin. Eta denetan, langileek egin behar izan duteahalegina aurrera ateratzeko. Batzuetan, gainera, beste denda batzuetatik errefortzuak eginda, eta, beraz, haien dendetan ere, lan kargak eraginda.

Honek ezin du horrela jarraitu. Langileen osasun fisiko zein psikologikoan eragin zuzena du, eta, neurriak hartu ezean, horrelakoak zein bestelako arriskuak biderkatu egingo dira.

LAB sindikatutik, egoera honi aurre egiteko, ondorengo eskaerak helarazi dizkiogu enpresari:

– Kontratazio gehiago egitea denda guztietan.

– Nahi duten langileei lanaldiak handitzea.

– Dendetako aforoak gehiago mugatzea.

– Produktuen aniztasuna mugatzea.

– Dendak arratsaldeko 20:00etarako, beranduenez, ixtea.

– Produktibitatea presio mekanismo zein helburu bezala ez erabiltzea.

Enpresarekin harremanetan gaude, eta oraingoz kontratazio eta lanaldiak handitzeko saiakera egingo dutela adierazi badute ere, beste neurrien inguruaz ezezkoa besterik ez dugu jaso. Horregatik, berriz azpimarratu nahi dugu, epe motzean beste neurriak direlako benetan langileen eguneroko lan karga aritzen lagunduko dutenak, eta, noski, segurtasun neurriak bermatzen.

Bestalde, LAB sindikatutik, modu urjentean azken hilabeteetan langileok egindako sakrifizio zein esfortzua balioan jartzeko neurriak eskatzen ditugu. Galdutako atseden egun bakoitzeko bi eskatzen ditugu, eta orokorrean egindako esfortzu plus hori konpentsatzeko, langile guztientzako lau opor egun gehiago eskatzen ditugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.