2024-05-05
HomeEkintza SindikalaGarbiñe Aranburu: "Mobilizatzen eta aliantzak eraikitzen jarraituko dugu, bizitza erdigunean jarriko duten...

Garbiñe Aranburu: “Mobilizatzen eta aliantzak eraikitzen jarraituko dugu, bizitza erdigunean jarriko duten akordio sozialak gauza daitezen”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak agerraldia egin dute Bilbon, Covid-19aren pandemiaren bigarren olatu honetan bizi dugu egoera soziokonomikoaren inguruan egiten dugun irakurketaren berri emateko. Kurtso politikoaren hasieraren harira egindako prentsaurrekoan, akordioak beharrezkoak direla nabarmendu dugu, baina inolaz ere egungo sistema elikatzen jarraitzeko; enpleguaren suntsiketa gelditzeko, lan baldintzak duintzeko, zerbitzu publikoak indartzeko, zaintza lanak aitortzeko eta aberastasuna modu bidezkoago batean banatzeko baizik.

“Herritarren interesak eta beharrak erdigunean jartzeko akordioak behar ditugu, eta honek elite ekonomikoaren interesekin talka egiten du. Horregatik, patronala-erakundeak bikoteak ez dio gai honi heltzen”.

Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, Bilbon egindako agerraldian esandakoak. Herri honetan arduraz jokatzen ari direnak herritarrak direla esan du; horregatik, ardura politikoak saihesteko erakundeetatik norbanakoei zuzendutako ardura dei etengabea salatu du, ondoko gabeziak daudenean:

-Ez dago inolako planik enplegua salbatzeko. Lan erreformak bertan behera utzi behar dira, eta formula berriak bilatu enplegu suntsiketa saihesteko eta berria sortzeko; zaintza, osasungintza eta irakaskuntza arloetan, kasu. Era berean, egungo enplegua duindu behar da. Pandemia honek erakutsi digu zeintzuk diren oinarrizko sektoreak, zer den garrantzitsua bizitza sostengatzeko. Sektore horietako asko eta asko feminizatuak eta prekarizatuak daude.

-Ez dira hilabete hauek baliatu osasungintza publikoa indartzeko, ez da kontratazio berririk egon. Oso larria da Lehen Arretan ematen ari den egoera. Aurreikuspen eta planifikaziorik eza egon da.

-Hezkuntzari dagokionez, urteak eman ditugu ratioak jaitsi behar direla esaten eta murrizketak salatzen. Ez dago Hezkuntzan inbertitzeko apusturik. Ikasturte hau planifikatzeko unean, berandu eta gaizki ibili dira. Ez da borondaterik egon eskola itzulera negoziatzeko hezkuntza komunitatearekin, ez Nafarroan, ezta EAEn ere, eta neurriak oso motz geratu dira.

-Pertsona helduen eta adin txikikoen zaintza lanak berrantolatu behar dira erabat. Ez da inolako neurririk hartu ratioak jaisteko eta lan taldeak indartzeko helduen egoitzetan, eta ez dakigu nola erantzungo ahal zaion adin txikikoen zaintzari etxera itzuli beharko dutenean.

-Oinarrizko beharrak bermatuak ez dituzten pertsona kopuruak gora egin du.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “gobernu desberdinek elkarrizketa eta akordioak behar direla diote. Ideia hori oso presente egon zen atzo, Jaurlaritzako sailburu berrien izendapenean. Kontua da gobernu honentzat elkarrizketa dela mahai sozioekonomiko bat egokitzea propaganda hutsa egiteko. Gobernu honek aldebakartasunez jokatzen du, gobernu honek gehiengo sindikalari muzin egiten dio. Hau guztia ez dator bat elkarrizketa eta akordioen aldarriarekin”.

LAB sindikatuari oso garrantzitsua iruditzen zaio abiapuntua ezartzea eztabaidari ekin aurretik, “behar duguna ez baita eredu kapitalistaren berreraikitze bat, behar duguna norabide aldaketa bat da. Beste eredu ekonomiko eta sozial batera abiatzeko oinarriak jarri behar dira. Trantsizio ekosozialista eta feminista bat behar dugu”.

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “arduraz jokatuko dugu, eta mobilizatzen eta beste eredu ekonomiko eta sozial bat defendatzen dugunon artean aliantzak eraikitzen jarraituko dugu, bizitza erdigunean jarriko dituzten akordio sozialak gauza daitezen”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.