2026-10-02
HomeUncategorizedManifestazio jendetsuak arratsaldean herri eta hiriburuetan Euskal Herrirako eskubude sozialen gutun baten...

Manifestazio jendetsuak arratsaldean herri eta hiriburuetan Euskal Herrirako eskubude sozialen gutun baten alde

Arratsaldean eskubide laboral eta sozialen alde eta Euskal Herrirako eredu propioa aldarrikatzeko Hego Euskal Herriko herri ezberdinetan izandako mobilizazioak ere oso jendetsuak izan ziren. Mobilizazio amaierako interbentziotan, apirilak 19an gure herrirako alternatiba sozial bat eraikitzeko prozesua bultzatzeko hartutako erabakiaren garrantzia azpimarratu zen. Lehenengo urratsa Euskal Herrirako Eskubide Sozialen Gutuna osatzean kokatu dute greba deitzaileek eta bide horretan dago joan den maiatzak 25ean lan honi hasiera emateko eragile sozial eta sindikal anitzek Eibarren burututako lehenengo asanblada nazionala.

EUSKAL HERRIRAKO ESKUBIDE SOZIALEN GUTUN BATEN ALDE

Gaur maiatzak 30ean, milaka eta milaka pertsonak Euskal Herriko kaleak bete ditugu. Euskal Herrian lan eta bizi den jendartearen sektore gero eta zabalagoak gezurtaratu, engainatu, maula egin, lapurtu eta explotatzen duen eredu ekonomiko, politiko eta sozialari ezetz ozen eta indartsua esan diogu. Gutxi balitz, euren grina produktibista eta konsumista dela eta, krisi energetikoa, klimatikoa eta elikadurazkoak kolapso ekologikora eramaten gaitu.

Madrileko Gobernuak lege eta dekretuak imposatu, langileriaren kontrako lan eta pentsioen erreformak egin, zerga politika erregresiboak aurrera atera, zerbitzu publikoen pribatizazioa eta liberalizazioaren alde legislatu eta goiko klaseen onurako politikak ezartzen ditu. Hego Euskal Herriko instituzioek, gehiengo sozialaren kontra doazen eraso hauei aurre egin beharrean eta beraien etekinak haunditze aldera, politika horiek goitik behera onartu eta beraien eremuetan gehiengoaren pobretze orokorra dakarten politika antisozial berdinak aplikatzen dituzte.

Egoera hau pertsona migranteengan areagotzen da. Arrazakeria bultzatu eta murrizketak eta era guztietako bidegabekeriak justifikatzeko, oinarririk gabeko aurreiritzi interesatuek jopuntuan jartzen dituzte. Era berdinean, kriminalizatu eta egiten duten giza ekarpen ekonomiko, sozial eta kulturala izkutatzen dute. Migrazioa bera ez da eskubidetzat hartzen.

Borrokaren ondorioz lortutako eskubide laboralak lan merkatuaren erreformen bitartez suntsitzen dituzte. Lan orduen luzapena, soldaten murrizketa, azpikontratazioa, kaleratzeen merketzea eta pobreziaren mugeen azpiko Langileen arteko Gutxienengo Soldata. Euren helburu bakarra gure lan eskubide guztiekin amaitzea da.

Gure eskubide sozialekin ere amaitu nahi dute. Prestazio sozial duinen bitartez gutxienengo dirusarrerak izatea milaka pertsonei ukatu eta langabeziaren prestazioak gutxitu eta gogortzen dituzte. Gutxi balitz, Dirusarrerak Bermatzeko Errenta eta Oinarrizko Errentaren erreforma eta murrizketez gain, prestazio hauek jasotzen dituzten pertsonak presionatu eta kriminalizatzen dituzte. Sistemak duintasuna, etxebizitza, greba eskubidea, elkartasuna, ingurugiroa, enplegu duina eta oro har gure bizitza beste modu batera antolatzeko aukera defendatzen dituzten mugimendu sozialak erasotzen eta kriminalizatzen defendatzen du bere burua. Isunak, debekuak, gezurrezko inputazioak, atxiloketak, muntaia polizialak, eskaera fiskal gogorrak…Den dena gu ixilarazteko!

Pentsionen erreforma berriak helburu garbia du, Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugunon jubilazio duin baten izatearen ukazioa. Egungo eta etorkizuneko pentsioak gure lanarekin sortu eta sortzen dugun eskubidea izateari uztea nahi dute. Jasotzen dutenen, hots gure nagusien, gaitasun ekonomikoari erasotzeaz gain, etorkizuneko belaunaldiak, hau da gure gazteria, ezegonkortasuna eta babesgabetasunera kondenatzen du.
Elektrizitatea, ura, gasa, garraioak, zaborraren bilketa, telefonoa edo BEZaren etengabeko igoerak jasatzen ditugun artean, kenketa fiskalak enpresen mesedetarako aplikatu eta aberastasunaren konzentrazio hobesten duen zerga politika erregresiboak bultzatzen dira.

Zerbitzu publiko eta sozialen gero eta gehiago pribatizatzeak, bereziki hezkuntza, osasungintza, arreta soziala eta dependentzia zerbitzuak dagoeneko oso ahula den sistema publikoa, goitik behera txikitzeko aitzakitzat krisia erabiltzen ari dira. Prekarizazioa eta deseraketa soziala sakonagoa egiteko eta langile klasea zatitzeko. Emakumeon kasua bereziki larria da. Bizitzaren oinarria eta euskarria izanik lan erreproduktiboa eta zaintza lanak gure gain daude, batez ere.

Krisitik ateratzeko ezin dugu sistema honen kolaboratzaileak izan. Eraldaketa soziala eta sistema sozioekonomikoaren aldaketaren alde egin behar dugu eta explotazioa eta metaketari mugak jarri eta bizi baldintzak hobetuko dituen sistema bateranzko bidea hasi.

Era berdinean, apirilak 19an gure herrirako alternatiba sozial bat eraikitzeko prozesu bat bultzatzea erabaki genuen. Parte hartze sozialaren bitartez emango den prozesu honen lehenengo urratsa Euskal Herrirako Eskubide Sozialen Gutuna osatzea izango da. Zentzu honetan, joan den maiatzak 25ean lan honi hasiera emateko eragile sozial eta sindikal anitzek Eibarren lehenengo asanblada nazional egin genuen.

Egungo kapitalismo neoliberalaren aurrean patriarkatua, non emakumeok gero eta eskubide gutxiago izango dugun, militarismoa, kontsumismoa, kreditu errezak azpiegutura erraldoiak, AHT adibidez, fracking eta diru-gose harraparia oinarria izango ez dituen sistema berri baten sorrera, aukera bakarra dugu. Elkartasunezko sistema bat. Pertsonekin, naturarekin eta beste herriekin bat egingo duen sistema.
Politika publikoen lehentasunetan aldaketa sakona aldarrikatzen dugu eta Euskal Herriko egungo instituzioei beharrezkoak diren ekimen instituzional, politiko eta legislatiboak aurrera atera ditzaten deitzen ditugu, planeta amaikor batean hazkunde amaigabearen ilusioa bertan behera utziz. Instituzio horiei Estatuek zein nazioarteko instituzioek inposatzen dituzten neurriak ez aplikatzea, defizit publikoaren mugak ez onartzea eta Euskal Herrian lan eta bizi garen pertsonak fiskalitate orekatu eta progresiboa, kalitatezko serbitzu publiko unibertsalak, prestazio sozial egokiak, aberastasunaren banaketa orekatuagoa, kontsumo neurtua eta arduratsuagoa, aztarna ekologikoaren murrizketa zorrotza eta enplegu duina zein lan produktibo eta erreproduktiboaren banaketaren bidez bizi baldintza duinak eta ingurugiro osasuntsua izateko iniziatiba hartzea exijitzen diegu.
Salaketa eta borroka ezinbestekoak izanik haratago joan nahi dugu. Eskubide Sozialen Gutuna aldarrikapen tresna ez ezik, helburu argien inguruan indarrak eta borroka batzeko tresna ere izatea nahi dugu. Parte hartze herrikoiaren bitartez, Euskal Herrirako eredu propioa ahalbideratuko duen bidea egiten joan behar gara, ekonomiaren erdigunean eta merkatuaren lekuan bizitza bera jarriz.

Gaur, gobernu ezberdinetatik gure eskubideen kontra datozen eraso guztien eta jendarte eredu honen aurrean “nahikoa da!” ozen, irmo eta indartsua oihukatu dugu. Gure herrian bizi eta lan egiten duen biztanleriaren onuran oinarrituko den alternatiba eraikitzeko prozesu horri hauspoa emateko bultzada izan da. Mundu eta Euskal Herri ezberdin bat eraikitzeko dugu!

Euskal Herrian 2013ko maiatzaren 30ean

 

LAB SAREAN
{module[111]}

    

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.