2024-05-05
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaLOMCE aurreproiektua ezartzea Euskal Herriko hezkuntzari eraso egitea dela salatu dute ELA,...

LOMCE aurreproiektua ezartzea Euskal Herriko hezkuntzari eraso egitea dela salatu dute ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek LOMCE aurreproiektuak inposatu nahi dituen atzerapausoak onartzeko prest ez daudela esateko prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon. Erreforma proiektu hau inposatzailea, zentralizatzailea, uniformitzailea, espainolizailea, atzerakoia, adoktrinatzailea, segregatzailea eta elitista dela deritzote eta Hego Euskal Herriko eta Nafarroako gobernuei gure herrian ez ezartzeko bideak jartzea eskatzen diete.

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuen irakurketa

MURRIZKETARIK EZ! LOMCE EZ!
EUSKAL HERRIAN, GURE HEZKUNTZA!

«Azken urte eta hilabeteetan hezkuntza komunitatea eta euskal jendartea, orohar, izugarrizko erasoak pairatzen ari da. Espainiar Estatuko gobernuak, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak inposaturiko dekretuen bidez eta toki eta modu ezberdinetan ezartzen ari diren murrizketak direla eta, hezkuntzako langileak, ikasleak, gurasoak eta jendarte osoa hezkuntza kalitatearen kaltetzea eta funtsezko ditugun zerbitzu publikoen suntsiketa pairatzen ari gara.

Hartzen ari diren neurrien guztiz bestelako norantzan, Euskal Herriko hezkuntzak murrizketa neurriak alde batera utzi eta baliabide eta inbertsio handiagoak behar ditu.

Euskal Herriko hezkuntzaren eraso bide honetan azkena, eta benetan larria, Wert Hezkuntza Ministroak inposatu nahi duen LOMCE aurreproiektua da. Hezkuntza-Lege aurreproiektu horrek:

♦ Estatuaren berzentralizazioa eta Euskal Herrian gure hezkuntza erabakitzerako orduan erabateko muga inposatzea bilatzen du (curriculum propioa are gehiago mugatuz, edukiak Madrildik finkatuz, ebaluazio sistemak zentralizatuz…)
♦ Gure nortasun, eskubide eta hezkuntza sistemaren ardatz beharko lukeen euskarari eraso zuzena suposatzen du. Lege aurreproiektu horrekin euskara bigarren mailako hizkuntza izatera pasako bailitzateke eta hezkuntza sisteman bere ezagutza eta erabilera inola ere ez litzateke bermatuko, azken urte luzetan emaniko pausoak guztiz baliogabetuz.
♦ Merkatu eta enpresen zerbitzura jarriaz hezkuntza merkantilizatzeko urrats oso larria suposatzen du, hezkuntzaren helburu beharko luken pertsonaren eta jendartearen garapena guztiz perbertituz (horren adibide dira DBHko aldaketak, hezkuntza ibilbideen aukeraketa aurreratzea, hautazko materien gutxitzea, Lanbide Heziketa birmoldatzea, unibertsitateko hauta frogak unibertsitateen esku uztea…).
♦ Espainiar Estatuaren uniformazioa, espainolizazioa eta baliorik atzerakoienak oinarritzat hartuz adoktrinamentu ideologiko, politiko eta erlijiosorako bidea irekitzen du, modu berean, hezkuntza segregatzaile eta klasista bultzatuz.
♦ Ikasleen garapen pertsonala, heziketa integrala eta aukera berdintasuna mugatzen du, oso goiz emaitza akademikoen baitan hezkuntza ibilbideak finkatzera derrigortuz.
♦ Hezkuntza tokian tokiko beharretara egokitzeko moduak eta garapen pertsonal eta ebaluazio pertsonalizaturako aukerak mugatzen ditu eta ikastetxe eta irakasleen lanarekiko muga eta mesfidantza handitzen du, Espainiar Estatuak erabakitako irizpideen baitan derrigorrezko azterketa orokorrak ipiniz eta “kanpotik” eginiko ebaluazioak ezarriz.
♦ Hezkuntza komunitatearen partehartzeko aukera eta bideak murrizten ditu, hezkuntzan eragile ezberdinen partehartzea mugatuz eta ikastetxetako kudeaketa demokratikoa oztopatuz.
♦ Zerbitzu publikoak pribatizatzeko aukera areagotzen du.

Hau guztia honela, ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuok ez dugu gure herriko hezkuntzan inolako murrizketarik onartzen eta ez gaude prest LOMCE aurreproiektuak inposatu nahi dituen atzerapausoak onartzeko. Guztiz bestela, gure hezkuntza sistemak baliabide eta inbertsio handiagoa behar ditu eta inolako injerentziarik gabe euskal hezkuntza eragileok eta euskal jendarteak erabaki behar dugu nolako hezkuntza behar eta nahi dugun. Horregatik:

♦ Hezkuntza erreforma aurreproiektu honen aurka agertzen gara inposatzailea, zentralizatzailea, uniformatzailea, espainolizatzailea, atzerakoia, adoktrinatzailea, segregatzailea eta elitista delako.
♦ Hego Euskal Herriko gobernuei, Nafarroako Gobernuari nahiz Eusko Jaurlaritzari, eta alderdi politikoei murrizketa politikei eta lege aurreproiektu honi aurre egitea eta gure herrian ez ezartzea eskatzen diegu.
♦ Hego Euskal Herriko gobernuei, alderdiei, hezkuntza eragileei eta jendarte osoari dei egiten diogu gure herriak behar eta nahi duen hezkuntza indartzeko eta Euskal Herrian erabaki eta eraiki dezagun pausoak ematera.

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuok gure irakurketa hau hezkuntzako gainerako eragile eta erakundeekin elkarbanatu eta lantzeko konpromisoa hartzen dugu eta erasoaren tamainako erantzuna antolatzekoa. Horregatik eragile eta herritar guztiei dei egiten diegu aurrerantzean atzerapausoak salatu eta gure hezkuntzaren defentsan egingo diren ekimenetan aktiboki parte hartzeko.

Euskal Herrian, 2013ko urtarrilaren 15ean» 

 

LAB SAREAN
{module[111]}

    

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.