2024-05-03
HomeIpar HegoaEuskal Estatuari bidea zabaltzenAinhoa Etxaide: «Estatu bat eraikitzea bideragarria ez ezik komenigarria edota premiazkoa da...

Ainhoa Etxaide: «Estatu bat eraikitzea bideragarria ez ezik komenigarria edota premiazkoa da Euskal Herriarentzat»

 «Ezaguna da LABen erronka Euskal Estatu Sozialista bat eraikitzea dela. Proiektu horren alde borrokatzeko jaio ginen eta hori da euskal langileei egiten diegun eskaintza.

Hainbat fase eta etapa bete ditugu borroka honetan. Eta orain, guk ez dugu zalantzarik, Euskal Estatuari ateak parez pare irekiko dizkion fasea bizitzen ari gara. Hori da sortu dugun aukera eta hori da burujabetzaren aldeko gauden guztion erronka. Horrela adierazi genuen maiatzean burutu genuen VIII Biltzar Nagusian, esan genuen norabide honetan urratsak emateko iniziatiba berriak hartu behar ditugula eremu guztietan eta hau da kongresu horren emaitzetako bat.» 

«Gaur, borroka honetan urrats berriak eta erabakigarriak emateko aukerak eskaintzen dituen momentua bizi dugula uste dugu LABetik. Independentziaren bidea jorratzeko urrats oso garrantzitsuak eman dira bai eremu politikoan. Eta baita eremu sozialean ere. Krisi orokorrak markatzen duen egoeran geroz eta gehiago gara Estatu españolari lotuak jarraitzeak suizidio politiko, ekonomiko eta sozial bat dela pentsatzen dugunak. Geroz eta gehiago gara Euskal Herriak bere bidea egin behar duela aldarrikatzen dugunak.

Arago eginez, LABen iritziz geroz eta argiagoago dago independentziara eramango gaituen bidea egitea Euskal Herriari gehien interesatzen zaion bidea dela, Herri eta klase bezala ditugun interes ekonomikoak hoberen ziurtatzen dituen hautua dela. Guretzat hau erabakigarria da, hemen dago Euskal Estatuaren proiektuaren inguruan gehiengo oso bat barne biltzeko gakoa, hemen dago ere Estatu baten aldeko akordio zabalak eraikitzeko aukera ere.

Gure iritzia hori zelarik benetako oinarriak dituen ikertzea izan zen gure erabakia eta horregatik jo genuen unibertsitatera. Euskal Estatu baten bideragarritasunari buruz galdetu dugu eta aukera hori sakonean aztertzeko eskatu genien hainbat eta hainbat adituei. Liburu hau da emaitza. Eta gure ustez konklusioa oso argia da: estatu bat eraikitzea bideragarria ez ezik komenigarria edota premiazkoa da Euskal Herriarentzat. Eta momentu honetan, Euskal Estatuari ateak parez pare irekitzea borondate politiko kontua da. Borondatea badago bide hori jorratzea ekidin ezina da.

LABen iritziz Euskal Estatuaren aldarriaren inguruan gehiengo politiko eta sozial bat biltzea oso posiblea da momentu honetan. Eta hori izan behar independentista guztion erronka eta helburua. Baina horretarako gure proiektua eguneratu behar dugu, gaurkotu, osatu, sakondu… horretan datza liburu hauetan jasotzen diren azterketek guretzat duten balioa. Hau da LABen tresna gure alternatiba estrategikoan sakontzeko, gaurko egoerak eskatzen dituen benetako eta egiturazko alternatiben inguruan proposamen eta eskaintza sendoak egin ahal izateko.

Bada ere Euskal Estatuaren aukeraren inguruan eztabaida politiko eta soziala sustatzeko tresna ere. Euskal Herriko sektore ekonomikoen artean eztabaidatzeko bitarteko ezin hobea dela uste dugu eta eztabaida hori bultzatuko dugu.»

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.