2026-10-13
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaTxagorritxu ospitaleko zuzendaritzak hizkuntz eskubidea urratu egiten du sistematikoki

Txagorritxu ospitaleko zuzendaritzak hizkuntz eskubidea urratu egiten du sistematikoki

Txagorritxu Ospitaleko LAB Sindikatuak bertako Zuzendaritzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua ez duela betetzen salatu du. 2005 urtetik 2011ra iraun duen plana agortuta dago eta bertan ezarritako helburuak ez dira bete. Erabiltzaileek euskaraz mintzatzeko duten eskubidea urratu egiten da sistematikoki. Hizkuntz eskakizunak eskubide hau bermatzeko bitarteko baliagarriak dira, baina ez Txagorritxun ematen zaien tratamenduarekin.
Lehen mailako lehentasuna duten Zerbitzuetan ez dago langile euskaldunik. Hizkuntz eskakizunen derrigorrezko data igarota egon arren, salbuespenak salbuespen, erdal hiztunek betetzen dituzte lanpostuak.

Adibide gisa, Ospitaleko Ate Nagusian ez dago euskaraz egiten duen zelari bat ere informazioa emateko. Kanpoko Kontsultetan hitzordu bat eskatzerakoan, miraria da euskaraz egin ahal izatea. Pediatria Larrialdi Zerbitzuan, pediatra bakarrari ezarri diote derrigorrezko hizkuntz eskakizuna eta gainera ez du bertan lan egiten. Lotsagarria.

Orain arte konbokatu diren Euskara Batzorde guztietan parte hartu dugu gogotsu, baina Zuzendaritzak zereginez hustu du Batzordea. Azkeneko bilerak ez dira batere eraginkorrak izan eta denbora galtze eta adar jotze hutsak izan dira.

Pertsonaleko Zuzendaritzak kodeak, zenbakiak, lanpostu funtzionalak, eta lanpostu estrukturalekin daukan nahaste-borrastea kudeatzeko ezgaitasuna nabaria izan da. Are gehiago, gaitasunik eza eta egoera zuzentzeko borondate eza salatu nahi dugu.

Behin eta berriro eskatu ditugu egoera kezkagarri eta korapilatsu hau argitzeko tresnak, baita laguntzeko geure burua eskaini ere. Baina Zuzendaritzatik epeen luzapenak , eta aitzakia zentzugabez direla medio, informazio ukapen larria jasaten ari gara.

Beraz, berriro ere argi eta garbi gelditzen da Osakidetzako Zuzendaritzaren jokaera arduragabea euskararen inguruan. Osakidetzak gure hizkuntza-eskubideak urratzen jarraitzen du, bai plaza bat eskuratzeko orduan, baita eguneroko funtzionamenduan ere. LABek borrokan jarraituko du Euskal Herrian kalitatezko osasun sistema publiko eta euskaldunaren alde, zeinetan eskubide guztiak errespetatuak diren.

Txagorritxun, 2012ko urriaren 22an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enplegu Publikoko Zuzendaritzak bazter utzi du hitzarmenaren negoziazioa: 16 urte hitzarmenik gabe eta egutegirik ez

Gaur, urriak 13, Eusko Jaurlaritzako eta Organismo Autonomoetako langileen ordezkaritzaren eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren arteko alorreko mahaia bildu da. LAB sindikatuan oso larritzat jotzen dugu Lan Harremanetako zuzendari berriak bertan azaldu duen jarrera.

Instalazioen narriadura larriaren eta segurtasun-bermerik ezaren ondorioz Arraizko TMB plantan beste istripu bat izan dela salatzen dugu

LABetik publikoki salatzen dugu Bilbon kokatutako Arraizko tratamendu mekaniko-biologikoko plantan (TMB) izandako gertakaria, enpresa kudeatzaileak ezkutatu egin nahi izan duena.

Greba Orokorraren erregistroa egin dugu gaur

Azaroaren 11ko greba orokorrak Euskal Herritik Euskal Herrirako deialdia izan behar duela sinetsita, gaur grebaren erregistroa egin dugun LAB, ELA, ESK, STEILAS ETXALDE, HIRU...