2026-07-10
HomeEkintza Sindikala2023ak dagoeneko 51 langile hilik utzi ditu lan istripuz

2023ak dagoeneko 51 langile hilik utzi ditu lan istripuz

Gaur goizean, Etxarri Aranatzen, Armaduras Omnia enpresako 51 urteko langilea prentsa batek harrapatuta hil da. Atzo bertan salatu zuen LABek Euskal Herrian lanean zendutako pertsonen kopurua 50era iritsi zela; bada, dagoeneko handitu da zifra hori. Gertatutakoa gaitzetsi eta neurriak eskatzeko elkarretaratzea deitu dute bihar Altsasun.

Azken egunak lazgarriak izaten ari dira lan osasunaren arloan Euskal Herrian. Urrun joan gabe, atzo bertan beste langile bat hil zen Cintruenigon, altueratatik erorita, eta joan zen astean Iruñeko Labrit pilotalekuan izandako antzeko istripu baten ondorioz beste langile bat larriki zauriturik dago.

LAB sindikatuak samina eta elkartasuna adierazi die hildakoen senide, lagun eta lankideei.

Euskal Herrian urtez urte lan istripu kopurua izugarria da, eta aurten dagoeneko 51 dira lanean zendu diren pertsonak. Nafarroaren kasuan, jada bederatzi dira. Istripu hauen atzean patronalaren ez-betetzeak daudela azpimarratu du LABek. Nahiz eta prebentzio araudiak ia hiru hamarkada abian daramatzan, patronalari oso merke ateratzen zaio legez kanpo jardutea, inork isuntzen ez duelako. Kapitala bizitzaren aurretik ipintzen du patronalak, langileen bizitzen aurretik.

Sindikatuaren esanetan, Nafarroako Gobernuak ardura garbia du egoera honetan. Chiviteren gobernuak behingoz onartu behar du Lan Ikuskaritzaren eskumena, eta esfortzu guztiak araudiaren betearazpenean ipini. Egun, Nafarroan 12 lan-ikuskari baino ez daude, eta hauen presentzia guztiz testimoniala da. Aldiz, ehunka mila euro xahutzen dituzte inongo eraginik ez duten prebentzio kanpaina antzuetan. Heriotza bermatzen duen dinamika honekin amaitu behar dela adierazi du LABek.

Hala, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT/LKN-k osatutako intersindikaletik asteazken honetan 19:00etan, Altsasuko Iortia plazan deitu duten mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bergarako eta Zarauzko Ibilgailuen Azterketa Teknikoko langileak greban

Bigarren greba eguna izan dute gaur ITASUAko beharginek, eta egoera desblokeatu eta benetako negoziazioa ahalbidetu ezean, greba mugagabeari ekingo diote.

1.500 euroko gutxieneko soldataren aldeko borroka enpresa eta sektore hitzarmen guztietara eramango dugu

LABek ez du hitzarmenetan 1.500 eurotik beherako soldatarik onartuko, eta mobilizazioak eta grebak sustatuko ditugu helburu hori lortzeko. Gaur egun LABek gehiengoa duen hitzarmenetan ia ez dago 1.500 eurotik beherako soldatarik; aurrerantzean gehiengorik gabeko eremuetara ere eramango dugu borroka.

CIE Norma enpresako langileek enpresaren hazkundearekin bat datorren hitzarmena eskatu dute

Jarduerak erritmo altuari eusten dion bitartean eta eskaeren zorroak datozen urteetarako lan-karga bermatzen duen bitartean, hitzarmen kolektiboak eragindako gatazkak irekita jarraitzen du CIE Norma enpresan (Itziarren kokatua). Hilabeteetako negoziazioaren ondoren, langileen ordezkariek adierazi dute enpresak azken urteetan izandako hazkundeak emaitza horiek posible egiten dituztenen lan-baldintzak hobetzea ekarri behar duela berekin.