2026-02-01
HomeEkintza Sindikala1.500 ordezkari inguru mobilizatu ditugu Bilbon, zaintza, enplegua eta aberastasuna banatzeko neurriak...

1.500 ordezkari inguru mobilizatu ditugu Bilbon, zaintza, enplegua eta aberastasuna banatzeko neurriak exijitzeko

Gutxieneko soldata “hemen eta orain” ezartzeko deia egin du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, horretarako “baldintza berriak” sortu direla nabarmenduz.

LABek Delegatuen Batzar Nazionala egin du gaur Bilbon, Miribillako Bizkaia Frontoian, 1.500 delegatu ingururen parte hartzearekin. LABeko bi koordinatzaile orokorrek hitz egin dute bertan. Igor Arroyok, ekitaldi hasieran, sindikatuaren 50 urtetako ibilbidea goraipatu du. “Euskal sindikalismoaren koordenadak errotik aldatzea lortu dugu. Kontraboterea, independentismoa, euskaltzaletasuna, feminismoa, antirrazismoa, ekosozialismoa. Guk altxatutako banderak, guk garatutako eredu sindikala nagusitu da, nagusitzen ari da Euskal Herrian”.

Etxebizitzaren egoera larria ere hizpide izan da ekitaldian. Horrela, Madrilgo Sindicato de Inquilinas Etxebizitza Sindikatuko kide batek hartu du parte, bideoz, baita Abiatu LABeko Ekintza Sozialeko komunitateko kideek ere. Etxebizitzaren gaiarekin LABek urrats berriak emango dituela aurreratu dute.

LABen ibilbide antirrazista balioan jarriz, Euskal Herria harrera herria dela azpimarratu dute hurrengo hitzartzeek, Txefi Roco idazkari antirrazista eta Eñaut Aramendi eta Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko militanteen eskutik. Azken biak epaitu egingo dituzte migranteei Bidasoaren alde bietan pasabide segurua izaten laguntzeagatik eta J’Accuse autoinkulpazio dinamika hauspotzeko eta urtarrilaren 26an Irun eta Hendaia artean egingo den mobilizazioaren deialdia zabaltzeko baliatu dute euren hitzartzea.

2024an hildako 61 langileak ere gogoan izan dituzte ekitaldian. Jarraian, LABek irailean aurkeztutako dinamika konfederaleko aldarrikapenek izan dute euren lekua, 1.600 euroko gutxieneko soldatak; 30 ordutako lan asteak eta zerbitzu publikoek (Osasunbidea eta Hezkuntzako langile banaren eskutik).

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorraren eskutik etorri da hitzartze nagusia. Presoen etxeratzea eta Palestinaren askatasuna aldarrikatu ondoren, kapitalismoaren egungo fasea ezaugarritu du, ultraeskuinaren gorakadaren aurrean “Euskal Herria irla bat ez dela” azpimarratuz.

Testuinguru ilunaren aurrean, azpimarratu du LABek baduela alternatiba: “kapitalari eremu guztiak lehiatzea, lantokiak, kaleak, instituzioak eta baita baloreak ere”.

Fiskalitatearen inguruan, zehaztu du patronalak erabakitzen duela zerga-politika. “Aldian-aldian eztabaida pizten da, ia ezer ez aldatzeko. Horretarako daude patronaleko kideak, Petronor, Iberdrola eta konpainiako lotsagabeak, ahora irekitzen dute eta EAJ obeditu egiten du. Hemen ez dago aldaketarik, Urkullu eta Pradales gauza bera dira funtsean”.

1.600 euroko gutxieneko soldata da LABen aldarrikapen nagusietako bat, eta hari honetatik tiraka, “hemen eta orain” ezartzeko momentuaren garrantzia azpimarratu du, adieraziz “sindikatu guztiak” daudela ados patronalari akordio interprofesional baten negoziazioa eskatzean. “Sindikatu subiranistok Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bat ezartzeko eskumena izatea eskatzen dugu, Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparru baterantz jotzeko egiturazko neurri bat” eta gehiago zehaztuz, “Eusko Jaurlaritzak akordio interprofesional bat negoziatzeko eskatu behar dio CONFEBASKi, gure errealitatearekin bat datorren gutxieneko soldata bat ezartzeko”.

Ekitaldia amaitzearekin batera bertaratutakoek manifestazioa egin dute Arriagaraino.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...