2025-02-10
HomeEkintza Sindikala1.376 bozka eta 58 delegaturekin, LAB sindikatua da EAEko administrazioko langileen sindikatu...

1.376 bozka eta 58 delegaturekin, LAB sindikatua da EAEko administrazioko langileen sindikatu nagusia

Milaka izan dira azken hilabeteetan zerbitzu publikoen lantokietako hauteskunde sindikaletan parte hartzeko aukera izan duten langileak. Horren ondorioz, bestelako proposamen sindikalen artetik LAB izan da ordezkaritza handienarekin gailendu den sindikatua. Bide horretan, langileek argi adierazi dute zerbitzu publikoen ahultze sistematikoarekin amaitzeko unea heldu dela, eta, orain arte bezala, bihartik aurrera ere zaindu, hezi, osatu eta artatzen gaituen sistema publiko komunitarioa indartzen jarraitzeko konpromisoari lotzen zaio LAB sindikatua.

Eusko Jaurlaritzan azaroan egindako hauteskunde sindikalen behin betiko emaitzak ezagutu dira otsailaren 29an. Bertan, bozka eta delegatu gehiago lortu ditu LABek, eta, horren ondorioz, lehen indarra bilakatu da administrazio publikoan (Eusko Jaurlaritza, Lanbide, Osalan eta Ibaiondoko langileen ordezkaritza osoarekin).

Enplegua sortu eta egonkortzearen aldeko aldarriak langileen bultzada izan du. Bai udazkenean eginiko grebetan, bai zaintza sistema publikoa defendatzen azaroan. Eta izango du martxoaren 12an ere. Hemen lan egiten dugunok hemen erabaki nahi dugu. Eta ez zaizkigu onargarriak iruditzen Madrilek inposaturiko soldata eta birjarpen mugak, ezta Gasteizko eta Iruñeko gobernuen negoziazio kolektiborako antzerkiak ere.

Gauzak horrela, gobernuek ezarritako hitzarmenaren ukapena gainditzeko lanean jarraituko du LAB sindikatuak. Zerbitzu publikoetako langileen ordezkari nagusia izanik, aurrerantzean ere erantzukizunez eta gardentasunez jarraituko dugu lanean. Egonkortze prozesuen amaieran bermeak ezarriz, feminismoa gure lan-baldintzetan ezartzeko eraginez, euskara lanerako tresna izan dadin jardunez eta Jaurlaritzako langileon beharrei erantzungo dieten baldintzak sortzera bultzatuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko eraikuntzako patronalak ez du sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko inolako asmorik

Gaur, 2025eko otsailaren 10ean, Bizkaiko Eraikuntzaren Sektoreko Hitzarmen Kolektiboa berritzeko 4. negoziazio mahaia izan da.

Lortu dugu! 16 urteren ondoren Haurreskolak Partzuergo Publikoko lan hitzarmena sinatu du LABek

Beste behin borrokak merezi duela baieztatu dugu. Azken urteetan hamaika greba eta mobilizazio burutu ostean, azken biak pasa den urtarrilean eta eskola publikoko greba ziklo honen otsaileko bi greba egunen atarian, Eusko Jaurlaritza posturaz aldatzera behartu dugu.

LABen iritziz urgentea da etxeko langileentzako hitzarmena

LABeko etxeko langileen atal sindikalak, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako etxeko enpleguarekin lotutako kolektibo eta erakundeekin batera, kaleak hartu ditu berriro ere sektore horretako lan-baldintza jasanezinak salatzen jarraitzeko eta langile horientzako eskubideak aitortzeaz arduratu beharko luketen erakundeen interes falta salatzeko. Hala, mobilizazioa egin du gaur Bilbon, Justizia Jauregiaren aurrean. Bihar asteartea, Donostian mobilizatuko da, Lan Ikuskaritzaren aurrean, eta asteazkenean Iruñean beste horrenbeste egingo du, Udaletxe plazan.