2024-09-20
HomeEkintza SozialaPrestazio SozialakLAB: “Zerbitzu eta prestazio sozialen eredu berri baten beharra handia da”

LAB: “Zerbitzu eta prestazio sozialen eredu berri baten beharra handia da”

LABek zerbitzu eta prestazio sozialen ereduan aldaketak beharrezkotzat jotzen ditu, baina aldaketa horiek murrizketak oinarri hartuta eta inbertsio soziala zama balitz bezala hartuz ezin dira etorri adierazi du.

Urkullu lehendakariak aipatu du badela beharra zerbitzu publikoak eta prestazio sozialei buruzko hitzarmen handi bat egiteko alderdi eta instituzioen artean. Eta hori arrazoitzeko, egun omen dagoen baliabide ekonomikoen muga aitatu zuen. Ez da ahaztu behar iragarpen hau Eusko Jaurlaritzaren murrizketa sorta baten eskutik datorrela: kontziliazio laguntzak bertan behera utzi, eskubide sozialetarako aurrekontuak murriztu, indarrean dauden hainbat eskubide sozial subjetiboa zalantzan jarri, aurrekontuetan euste irizpideak lehenetsi eta ez zabaltzekoak behar sozialei aurre egiteko orduan,… Urkulluren iragarpenetik ez da urrun egonen Eusko Jaurlaritzaren hurrengo aurrekontuak justifikatzeko gogoa, non murrizketa politikak nagusi izanen diren, neurri propagandistikoren batek lagunduta.

Bistan da egungo zerbitzu eta prestazio sozialen eredua aldatu beharra dagoela. Handia da aldaketa beharra, baina aldaketak ez du balio behar murrizketa gehiago onartzeko edo inbertsio soziala eragozpen edo zamatzat hartzeko. Europan, gastu soziala handien duten herrialdeak dira krisiari hobekien erantzun diotenak. Egoeraren diagnostikoa argia da: babes sozialeko gastu publikoa Europako bataz bestearen azpitik dago; gabezia handiak dauden haurtzaro, berdintasun eta autonomia pertsonalerako politiketan; diru-sarrerak bermatzeko sistemak ez ditu sektore guztiak babesten (emantzipatu gabeko gazteak, iraupen luzeko langabetuak, hiru urteko errolda ez dutenak); prestazio sozialak pobreziaren atalasaren azpitik daude; berrordainketak; zerbitzuen pribatizazioa,… ahaztu gabe etxebizitza, enplegu eta azpiegitura erraldoiak sustatzeko politikak izaten ari diren ondorio latza pobrezia eta prekarizazio sozialean.

Beraz, LAB sindikatutik diogu prestazio eta zerbitzu sozialen eredu berri baten beharra egon badagoela, beti ere, oinarri hauen gainean: sistema indartu, eskubide subjetibo berriak onartuz, publikoa eta komunitarioaren protagonismoa, izaera integrala, duintasuna eta berdintasuna eskeini behar duena bere prestazio eta zerbitzuetan; beti ere, politika fiskal progresiboetan oinarrituta Euskal herrian bizi direnen beharren zerbitzuan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.