2024-09-20
HomeZerbitzu PublikoakKomunikabideakEAJk eta PSEk soldata murrizketei eusten diete EITBn

EAJk eta PSEk soldata murrizketei eusten diete EITBn

Atzo Gasteizko Parlamentuko EITBren Kontrolerako Batzordean EH Bilduk aurkeztutako Legez Besteko Proposamena eztabaidatu zen. Epaitegiek Euskal Telebistako langileei soldata murriztea legez kontrakotzat jo zuten, eta neurria EITB Taldeko langile guztiei zabaltzea eskatzen zuen proposamenak. Proposamena ez da aurrera atera, eta EAJk eta PSEk euren botoak berriro ere batu egin dituzte justiziaren eta epaitegien kontra, soldata murrizketei eutsiz.

2010ean PSEk EAJrekin aurrera atera zuen Estatuko Administrazioetako langileei soldata %5a murrizteko dekretua; PSEk murrizketa EAEko enpresa publikoetako langileei hedatu zien. Langile publikoen soldatekin bankuen zorra ordaintzea zuten helburu. Oraingoan berriro ere, politikariek (eta hau ez da "Madrildik eratorritako murrizketa" izan) legea egin ondoren, epaileen gonaren azpian ezkutatu dira erantzukizuna gainetik kendu nahian, "sententziak bete daitezela" besterik gabe eskatuz. Atzoko eztabaidan askotan errepikatu zen aitzakia izan zen hori, eta aurrera atera zen testuak, justiziaren gizalegearen gainetik jarri nahi zituen berbakeria juridikoak: "sententziak dioena bete dadila eta hura nola gauzatu, langileekin negozia dadila".

EH Bilduk azaldu bezala, eskakizun hauxe bera epaiak ezagutu aurretik defendatu zuen koalizioak parlamentuan, 2014ko abenduan, eta denborak arrazoia eman dio (langileoi ere bai, noski). Soldata murrizketa legez kontra hartu zela eta denbora pasatzen uzteak kalte besterik ez zuela ekarriko. Bereizkeria dakarrela EITBko langileen artean, eta oraindik ez dugula entzun EITBko Zuzendaritzaren aldetik zein Eusko Jaurlaritzaren aldetik zentzuzko argudiorik. Eskertzekoa da EITBko langileon eskubideen alde EH Bilduk egin duen defentsa, baita proposamena EAEko enpresa publiko guztietako langileei zabaltzea ere.

EAJk zein PSEk behin eta berriro errepikatu duten beste aitzakia "segurtasun juridikoarena" izan da. Hain zuzen ere murrizketak egiteko garaian kontutan inoiz hartu ez dutena. Lotsagarria.
LAB mobilizatu egin zen atzo ere. Gainontzeko sindikatuekin adosten saiatu bagara ere, azkenean bakarrik egin behar izan genuen elkarretaratzea Parlamentuaren aurrean. Apirilean eta maiatzean, Administrazio Kontseiluaren bilerak zirela eta mobilizatu ginen. Maiatzean zehar ere, hiru lantokien aurrean egindako elkarretaratzeetan. Gaur eta 16an epaitegietara ere joko dugu; eta berriro deitzen dugu ostiral honetan 10ean, Eusko Irratian, EITBNETen eta EITBn deitutako lanuzteetan parte hartzera.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.