2024-09-20
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaIruñean ere eskubide sozialen karta osatzeko prozesua martxan jarri da

Iruñean ere eskubide sozialen karta osatzeko prozesua martxan jarri da

Euskal Herriko gainontzeko eskualdeetan bezala, Eskubide Sozialen Karta osatzeko prozesua martxan jarri da Iruñean. Atzo Zabaldin eskainitako prentsaurrekoan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren sustatzaileetako batzuk Iruñerriko eta oro har Nafarroako eragileak eztabaida prozesuan parte hartzera gonbidatu zuten.

Xabier Barber eta Iñaki Morenok, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren talde sustatzaile nazionaleko kideak, batzar irekia egingo dela iragarri dute: irailak 24, 19:00etan, Zabaldin.

Joan den maiatzaren 30ean greba orokorra egon zen Euskal Herrian. Zortzi sindikatuk eta hainbat erakunde sozialek osaturiko plataformak deitu zuen. Greba prestatzen ari zen bitartean, murrizketen edo erreformen aurkako oihua botatzeaz gain, haratago joan behar genuela ohartarazi ginen.

Biharamuneko eztabaidetan, alternatiba bat eraiki eta horren alde ekin behar zela argi eta garbi agertu zitzaigun. Denetariko eragile sozialen esperientzietan oinarrituriko alternatiba, gizarte justuagori begira.

Ibilbide horretan hasteko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta edo Gutuna prestatzeari eman zitzaion lehentasuna. Gizarte berriruntzako trantsiziozko oinarriak eta errebindikazioak osaturikoa. Erakunde eta pertsona gehienen parte-hartzea bilatuko dugu, bakoitzak bere ekarpenak egin ditzan.
Gaurko eta biharko Gobernuen jarrera politikoak baldintzatu nahi ditu Kartak. Hori dela eta, Gutun bera osatzeaz gain, estrategia mobilizatzailea adostu nahi dugu, pausuz pausu Karta gauzatzen joateko.
Egutegia

Bi asanblada egin ziren uda baino lehenago, maiatzaren 25ean Eibarren eta ekainaren 14an Altsasun. 60 bat erakunde sindikal eta sozialetako pertsonek parte hartu zuten. Bertan, egutegia eta metodologia proposatu ziren.

12 pertsonak osaturiko Talde Sustatzailea eratzea onartu egin zen. Udan zehar, Kartaren zirriborroa osa zezan eta hurrengo asanbladak dinamizatzeko.
Irailaren 15erako egonen da prest zirriborroaren proposamena. Erakundeengan hasiko da eztabaida eta urriaren 5ean gauzatu behar den III. Asanbladan eztabaidatu eta onespena eman.

Orduan, herri, auzo eta arlo guztietara zabalduko da eztabaida. Azkenean, abenduaren erdian IV. Asanbladak Karta onartuko luke.
Beharrezkoa ikusiko balitz (abiadura handiegiaz goazelako edo), epe hauek guztiak luzatzen ahalko dira. Txoko guztietara, pertsona guztiengana eta erakunde sozialengana heltzea lehentasunezkoa baita.

Iruñean

Iruñean Talde Sustatzailea osatu da, Eskubide Sozialen Kartaren eztabaidarako prozesua hasteko Nafarroaren zehar. Irailean sozializazio kanpaina eginen dugu, kaleetan eta eragile sozialekin, prozesuan parte hartzera gonbidatuz.

Hilaren 24an, arratsaldeko 7:00etan, Zabaldin, Asanblada irekia egongo da.
 

LAB SAREAN
{module[111]}

      

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.