2024-09-20
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaLangile bat hil egin da Iruñean, bihotzekoak jota, presioak eta atseden tarteen...

Langile bat hil egin da Iruñean, bihotzekoak jota, presioak eta atseden tarteen urraketa nagusi diren Benecke Kaliko enpresan

Aurten, gutxienez, 40 langile hil egin dira lanean, Euskal Herrian. Azkenekoa, gaur goizean izan da, Iruñean, Landaben industriagunean dagoen Benecke Kaliko enpresan. 46 urteko P. T. langilea bihotzekoak jota hil egin da, erritmo altuak, presioak eta atseden tarteen urraketa nagusi diren enpresan. Heriotz ez traumatikoa da, baina eragin zuzena du, zalantzarik gabe, bertako langileek pairatzen dituzten lan baldintzekin. Prekarietatea, berriro ere, presente dago lan heriotza batean.

Hain zuzen ere, enpresa horrek 15 minutuko atsedenak ezarri dizkie langileei, barne komunikazio baten bitartez. Lan Ikuskaritzan salatu genuen egoera, baina honek ez du ezer egin, barne komunikazio batean eman zutelako neurriaren berri. Hildakoak bere jardunaldian soilik 45 minutu zituen bazkaltzeko.

Enpresa batzordea arratsaldean bildu da lan heriotza honen aurrean antolatuko dituen mobilizazioak zehazteko. Hain zuzen ere, txanda bakoitzeko ordubeteko lanuztea egitea erabaki dute astelehenerako, eta elkarretaratze bat enpresaren aurrean, 13:00etatik 15:00etara.

LAB sindikatutik gure babes osoa erakutsi nahi diogu hildako langilearen familia eta lagunei, eta heriotz hau salatzeko mobilizazioekin bat egiten dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.