2026-10-14

[IRITZIA] Ondarroan gazteleraz?

ELA sindikatuak Ondarroako Udalari eskatu dio euskaratik gaztelaniara itzultzeko lanpostuen zerrenda zehazteko egiten ari den txostena. Honi buruz hitz egin du LABeko Euskara idazkari Amaia Aurrekoetxeak, iritzi artikuluan.

ELA sindikatuak Ondarroako Udalari eskatu dio euskaratik gaztelaniara itzultzeko lanpostuen zerrenda zehazteko egiten ari den txostena. Eta hori egin arte, gainera, Udalak antolatutako bileretan sindikatuak ez omen du parterik hartuko.

Nola uler daiteke hori? Ondarroako Udala Uema Euskal Udalerrien Mankomunitatearen parte da, eta orain arte euskara hutsez funtzionatu izan du. Administrazioak euskaraz soilik lan egin dezakeela erakutsiz, eta aurkakoa esaten dutenen aurrean modu eredugarrian jokatuz. Gainera, ez da bakarrik herritarrenganako atentzioa euskaraz izatea. Udalaren barneko zirkuituak euskalduntzeko lan berezitua egiten ari dira Uemako udalerriak, eta hori, euskararen normalizazioan dihardugun eragileontzat, ezinbesteko urratsa da.

ELAk ere bere burua euskararen erabilera normalizatzeko ezinbesteko eragile gisa definitzen du urtarrilaren 31n bere webgunean argitaratutako idatzi batean. 2017ko maiatzean, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko protokoloa ere sinatu zuen, eta arrazoien artean aipatu langileen hizkuntza eskubideak bermatzeari begira neurri zehatzak biltzen dituela, eta beraiek badaukatela arlo horretan egiteko ekarpenik.

Argi ikusten da, bai, mota horretako jarrerekin ekarpenak zein norabidetan egin nahi dituzten, langileen hizkuntza eskubideak bermatu beharrean urratuz, alegia. Bestela, zertara dator Ondarroako Udalari jarritako eskari edo baldintza? Ez al da ba bertako langile eta herritarren eskubidea euskaraz jardun nahi badute, inork oztoporik jarri gabe horrela aritzea?

Iazko abenduaren 3an, sindikatuak euskararen egunaren harira argitaratu zuen oharrean honela diote: «Administrazioetan ez da baliabiderik jartzen langile zein hiritarrak euskaraz aritu ahal izateko», eta hara non, baliabideak jartzen diren diren lekuetan ELA bera den trabak jartzen lehena.

Zer pentsatua ematen dute euskararen kaltetan egiten diren interesen araberako jokaldi horiek. Hizkuntzaren normalizazioan eragile aktibo izan behar bagara, beharrezkoa da horrelako jarrerak bazter utzi eta lanean diharduenari bidea libre uztea, bai herritarren eskubideak eta bai langileonak, behingoz errespetatuak izan daitezen.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enplegu Publikoko Zuzendaritzak bazter utzi du hitzarmenaren negoziazioa: 16 urte hitzarmenik gabe eta egutegirik ez

Gaur, urriak 13, Eusko Jaurlaritzako eta Organismo Autonomoetako langileen ordezkaritzaren eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren arteko alorreko mahaia bildu da. LAB sindikatuan oso larritzat jotzen dugu Lan Harremanetako zuzendari berriak bertan azaldu duen jarrera.

Instalazioen narriadura larriaren eta segurtasun-bermerik ezaren ondorioz Arraizko TMB plantan beste istripu bat izan dela salatzen dugu

LABetik publikoki salatzen dugu Bilbon kokatutako Arraizko tratamendu mekaniko-biologikoko plantan (TMB) izandako gertakaria, enpresa kudeatzaileak ezkutatu egin nahi izan duena.

Greba Orokorraren erregistroa egin dugu gaur

Azaroaren 11ko greba orokorrak Euskal Herritik Euskal Herrirako deialdia izan behar duela sinetsita, gaur grebaren erregistroa egin dugun LAB, ELA, ESK, STEILAS ETXALDE, HIRU...