2026-09-28
HomeEmakumeakMartxoak 8Garbiñe Aranburu: “Greba feminista egungo sistema zalantzan jartzeko eguna izatea nahi dugu”

Garbiñe Aranburu: “Greba feminista egungo sistema zalantzan jartzeko eguna izatea nahi dugu”

Hainbat sindikatuk martxoaren 8ko greba erregistroa egin dugu gaur Bilbon zein Iruñean. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eta gogoratu du emakumeek egiturazko diskriminazioa pairatzen dutela egungo sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistan.

Iruñeko erregistroan parte hartu duten emakumeak; tartean, LABeko kide Aitziber San Martin eta Amaia Urzelai.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “greba feminista egungo sistema zalantzan jartzeko eguna izatea nahi dugu. Izan ere, egungo sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistaren barruan, emakumeok egiturazko diskriminazioa pairatzen jarraitzen dugu”.

Sindikatutik borroka feministari eta Euskal Herriko mugimendu feministari bultzada eman nahi diegula nabarmendu du: “Mugimendu feminista indartzen ari da eta sistema bide desberdinak erabiltzen ari da aurrerabide hori gelditzeko. Modu zuzenean egiten du, ultraeskuindarrei eta faxismoari hauspoa emanez, baina zeharka ere ari da egiten, gure diskurtsoa eta aldarrikapenak bere egiten, baina pairatzen dugun diskriminazio errealitateari inolako konponbiderik eman gabe. Hauxe ari da gertatzen politika publikoekin edo enpresen berdintasun planekin; aurpegia zuritzeko besterik ez dituzte erabiltzen”.

Greba feminista oso garrantzitsua izango da sindikatuaren ildo feminista indartzeko. Hain zuzen ere, LABeko idazkari nagusiak azaldu du grebak zaintza lanak ikusgarri egiteko eta hauek balioan jartzeko balioko duela, baita sexuaren araberako lanaren banaketak ekartzen dituen diskriminazioa eta esplotazioa agerian uzteko ere. “Iazko plantoak indartu egin ditu sektore feminizatuetako borrokak”, adierazi du.

Martxoaren 8ak ere klase subjektua berregituratzeko balioko du: “Langileen kolektiboen barruan errealitate desberdinak daude eta emakumeon errealitatea ere oso anitza da, baina gure borrokak kolektibizatu behar ditugu”.

Greba Euskal Herritik Euskal Herrirako izango dela azpimarratu du Garbiñe Aranburuk: “Demokratizazioaren bidean, sistema hau eraldatzeko pausoak eman behar dira. Gure gorputzen gainean erabaki nahi dugu, eta dena nahi dugu erabaki. Emakume askeak izan nahi dugu, herrialde libre eta feminista batean”. Hain justu, aldarrikapen hori bera egin genuen urtarrilean, LABeko emakumeon batzarrean.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Patronalaren blokeoa salatzen dugu eskola garraioko eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmenean, eta Hezkuntza Sailari exijitzen diogu EAEko eskola publikoetan enplegua suntsitzeari utz diezaiola

Interim enpresak soldaten parekatzea mantentzeari uko egin diola salatzen dugu, eta langileei eta hezkuntza komunitate osoari mobilizatzera de egiten diogu.

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena

Sindikatuak ez du babestu nazioarteko salgaien garraioaren logistikaren kudeaketan jarduten duten enpresen sektoreko hitzarmena; izan ere, ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez die sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten.