2025-12-05
HomeEkintza SindikalaWECeko langileek akordio handia lortu dute

WECeko langileek akordio handia lortu dute

Bi astetik gora luzatu den greba-prozesuaren ondoren, atzo, urriaren 16an, Haize Grupo WEC enpresako komiteak greba-deialdia bertan behera uzteko aurreakordioa sinatu zuen, eta honek 2025-2029 aldirako hitzarmen baten sinaduran amaituko du. Besteak beste, sinatutako aurreakordioaren laburpena honako hau da:

  • Soldata-igoerak: KPI bermatua 5 urteko indarraldian.
  • Lan-ordutegia: 1.727 ordutik 1.704 ordura jaitsiera + 2 lanaldi pertsonaleko egun.
  • Arriskugarritasuna: orain arte kobratzen ez zena 2029an 4,5 € izango da; igoera hau urtez urte progresiboa izango da.
  • Errelebo-kontratuak: enpresak konpromisoa hartu du 2029ko abenduaren 31ra arte kontratu guztiak egiteko.
  • 55 urtetik gorako langileak: borondatez, gaueko txandan ez aritzeko aukera izango dute.
  • Ordaindutako baimenak: laguntza-baimenetan hobekuntzak.

Hau guztia langileen borrokari esker izan da posible. LABetik ahal izan dugun guztia ekartzen saiatu gara, baina alde batera utzi gaituzte, komunikatuak komitearen izenean bidaltzera arte gurekin kontrastatu gabe. Grebara jotzea erabaki zenean, LABek bilera bat egiteko eskatu genion komiteari batzarra prestatzeko, edukiei buruz hitz egiteko eta greben diseinua egiteko ere. Izan ere, LABentzat, greba ez da soilik lanera ez joatea eta piketean egotea: grebak prestatu eta planifikatu behar dira. Presio handiena egin behar da, eta inprobisazioari ahalik eta leku gutxien utzi. ELAren erantzuna, hainbat egunez, “joango gara ikusten” izan zen. Urriaren 7an izan zen, jada 5 eguneko greba eginda geneukanean, komitea lehen aldiz elkartu zenean bi astetan negoziazioa lantzeko.

Halaber, enpresaren jarrera ere deitoratzen dugu, langileak gatazkara eraman baititu, aurreko bi hitzarmenetan erabili zuen negoziazio-eskema bera errepikatuz, azkenean proposatutakoari men eginez: Aguraingo WECeko langileak ez daitezela izan Haizea taldeko beste lantokietako langileen bigarren mailako plantilla bat. Enpresak langileak beldurtu nahi izan ditu, prentsa-ohar katastrofikoak bidaliz, eta bitartean, polizia-presentzia neurrigabe bat jarri da grebalarien aurrean. Garaia da enpresak gidoia aldatzeko eta muturreraino eraman gabe negoziatzeko.

Azkenik, LABetik zoriondu nahi ditugu langileak lortutakoaren eta enpresaren erronkari irmotasunez eutsi diotelako. Espero dugu behingoz negoziazio-dinamika berriak ezartzea lantoki honetan. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...