2026-10-13
HomeEkintza SindikalaUdaltzainei suzko armak eramatea inposatzen dien Jaurlaritzaren dekretua arbuiatzen dugu

Udaltzainei suzko armak eramatea inposatzen dien Jaurlaritzaren dekretua arbuiatzen dugu

Eusko Jaurlaritzak atzo iragarri zuen udaltzainei suzko armak eramateko derrigortasuna ezartzen dien dekretua onartu duela. Berriro ere, udal autonomia erasotuz eta urratuz harturiko ebazpena da honakoa. Funtziotan dagoen gobernu batek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalei inposaturiko dekretua da eta oso larria deritzogu.

Erkoreka jauna gezurretan ari da erabaki honek EAEko Goi Auzitegiak ezarritako jurisprudentziari erantzuten diola dioenean. EAJren polizia-ereduari erantzuten dion erabaki politikoa da. Erabaki honen bitartez, EAJk 2012an Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko 15/2012 legearekin hasitako diseinu poliziala gauzatzen jarraitu nahi du.

Udaltzaingoa Ertzaintzaren kopia hutsa bilakatzeko hamaikagarren urratsa da hau.

Jaurlaritzak, dekretu hau ez ezik. Ertzaintza eta Udaltzaingo hautaketa-prozesu bakarraren deialdia, bitarteko udaltzainen lan poltsa, agenteen deialdi bateratua, Segurtasun Publikoaren Legea, Udaltzaingo Koordinazioa… tresna gisa erabili izan ditu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrietako udaltzain guztiak EAJren polizia-eredu bakar eta zentralizatuaren norabidean kokatzeko.

Herri honetan integraturik, udalerriz udalerri, herritarrengandik hurbil dauden udal zerbitzu ezberdinei “finikitoa” emate aldera lagungarri izan nahi duen dekretua inposatu nahi digu EAJk.

Planteamendu zentralizatzaile horrek gutxietsi egiten du udal singularitatea, eta udalerri bakoitzaren interesetatik urrun dagoen polizia-eredua inposatu nahi du, zerbitzuaren kalitatearen eta herritarrekiko hurbiltasun-harremanaren kaltetan.

Segurtasun Sailak Ertzaintzarekin dituen arazoak udaltzainak kontrolatuz konpondu nahi dituela dirudi. Erabaki honek, baina, Jaurlaritzak berak Ertzaintzaren barruan dituen arazoak udalerrietara kutsatzea eragingo du, Ertzaintzaren eredu agortua udaltzainen artean inposatu nahi baitute.

LABen oso argi dugu udal autonomiaren aldeko jarrera irmo eta aktiboa eskatu behar diegula euskal udalerriei, hau da, orain artean bezala, udal gobernuei egokitu behar zaie suzko armen erabileraren inguruko erabakimena.

LABk herritarrekiko hurbiltasunean eta integrazioan oinarritzen den udaltzain eredu bat defendatzen du. Bada garaia, euskal jendarteak eskatu eta behar duen Kalitatezko Segurtasun Publikoaren bidean, Euskal Polizia komunitarioa, prebentzioan oinarritutakoa, abian jartzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Instalazioen narriadura larriaren eta segurtasun-bermerik ezaren ondorioz Arraizko TMB plantan beste istripu bat izan dela salatzen dugu

LABetik publikoki salatzen dugu Bilbon kokatutako Arraizko tratamendu mekaniko-biologikoko plantan (TMB) izandako gertakaria, enpresa kudeatzaileak ezkutatu egin nahi izan duena.

Greba Orokorraren erregistroa egin dugu gaur

Azaroaren 11ko greba orokorrak Euskal Herritik Euskal Herrirako deialdia izan behar duela sinetsita, gaur grebaren erregistroa egin dugun LAB, ELA, ESK, STEILAS ETXALDE, HIRU...

PIT-CNTren 60. urteurreneko ekitaldietan parte hartu du LABek

PIT-CNT AbyaYala/Latinoamerikako sindikatu ospetsuenetako bat da hainbat arrazoirengatik: batetik, sindikatu unitarioa delako (kasu nahiko arraroa kultura anglosaxoitik kanpo); bestetik, diktaduraren kontrako borrokan nahiz ondorengo...