2026-02-02
HomeZerbitzu PribatuakBidaiarien garraioaTuvisako langileek nazkatuta daudela erakutsi dute erabateko jarraipena izan duten lanuzte eta...

Tuvisako langileek nazkatuta daudela erakutsi dute erabateko jarraipena izan duten lanuzte eta mobilizazioetan, eta borrokan jarraituko dute datozen asteetan ere

Hilabete hasieran mobilizazioak abiatuta, atzo, hilak 11, deitutako lehenengo lanuzte partziala egin zuten Gasteizko Tuvisa autobus zerbitzuko beharginek, %100eko jarraipena izan zuelarik. Bihar, abenduak 13, mobilizazioa egingo dute Santiago ospitalean, eta egun osoko grebak ere iragarri dituzte.

Tuvisako beharginen gatazka ez da ezer berria; aldiz, luzarotik datorren kontua da, eta langileak kokoteraino daude beren baldintzak gero eta eskasagoak direla, zerbitzuaren kalitatea nabarmen murriztu dela eta zuzendaritzak eskakizunei entzungor egiten diela ikusteaz.

Greba eta mobilizazioetara jotzeko arrazoiak honakoak dira: lanpostuen galera metatua, erabiltzaileentzako zerbitzua prekarizatu izana, flotaren egoera negargarria, alderdi sozialarekiko mespretxuzko jarrera etengabea, lan-baldintzak okertu izana eta Tuvisaren baitako baliabideen pribatizazioa.

Gauzak horrela, langileek eskatzen dute, alde batetik, autobus-lineen galera ekiditea, pandemiaz geroztik galdu diren horiek berreskuratzea eta beharrezko izan daitezkeen linea gehiago ezartzea, lan-baldintzak zein herritarrei ematen dieten zerbitzuaren kalitatea hobetze aldera.

Horrez gain, Tuvisan azkenaldian egin diren pribatizazioak desegitea eta parkineko, gruetako eta garajeetako gauak berreskuratzea, horrek zerbitzua indartuko baitu.

Beste puntu garrantzitsu bat da hitzarmenaren negoziazioa aurrera eraman ahal izateko solaskide egokia izatea aurrean. Izan ere, orain arte langileen ordezkariek zuzendaritzarekin eginiko bilera guztietan erantzun bat eta bakarra jaso izan dute: Ez, ez eta ez. Langileek negoziaziorako eta hitz egiteko prestutasun osoa azaldu duten arren, horma zurrunarekin egin dute topo bestaldean.

Azkenik, lansaioaren erregistro eraginkorra ezartzea ere bada beste eskakizun bat, eta alderdi sozialarekin adostutako akordio guztiak Arabako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela ere bai.

Tuvisako langileen ordezkariek nabarmendu dute borroka hau ez dela plantillarena soilik; aldiz, Gasteiztar guztiei eragiten die, eta lanuzte eta grebek eragozpenak sor baditzateke ere, uler ditzatela eskatu diete herritarrei, guztien onurarako egiten baitute borroka.

Datozen hitzorduak

Hala, Tuvisako langileen borrokaren baitako hurrengo hitzordu nagusiak zerrendatu ditugu jarraian:

  • Abenduak 13: Mobilizazioa Santiago Ospitalean
  • Abenduak 18: Lanuzte partzialak 09:00etara arte
  • Abenduak 19: 24 orduko greba
  • Abenduak 21: 24 orduko greba

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...