2026-03-18
HomeEkintza SindikalaTubacexeko mobilizazioetan parte hartu zutenen aurkako jazarpena salatu eta auziperatutako hiru gazteen...

Tubacexeko mobilizazioetan parte hartu zutenen aurkako jazarpena salatu eta auziperatutako hiru gazteen absoluzioa eskatzen dugu

Beste behin ere, Tubacexeko greban sortutako langileen elkartasuna zigortzen eta kriminalizatzen saiatzen ari dira. Ez da elkartasun hori zigortzeko lehen saiakera, ezta bigarrena ere; izan ere, bai grebak iraun bitartean, bai ondoren, isunak, mehatxuak, akusazioak eta neurrigabeko jarduerak ugariak izan dira, eta Tubacexeko langileek zein elkartasuna adierazi nahi izan dieten guztiek pairatu behar izan dituzte.

Oraingoan, fiskaltza da jarduten duena, eta Aiaraldeko hiru gazte solidariori 4 urtetik gorako espetxe zigorrak eskatzen dizkiena, martxoaren 25ean Amurrioko Tubacexeko piketean gertatutakoagatik. Desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatzen dizkie, eta gaineratu du modu koordinatuan jardun zutela han zeuden ehunka pertsonen laguntzarekin.

Gogoan izan behar da, bere garaian salatu genuen bezala, martxoaren 25 hartan Ertzaintza izan zela jokaera erabat neurrigabea izan zuena, bertan zeudenak hainbat aldiz kolpatuz eta haien aurka kargatuz, baita buruaren parean foama jaurtiz ere.

Hiru gazte horiekiko akusazio eta salaketak ez datoz bat errealitatearekin, eta ez dira gertakari zehatz batzuen ondorio; aitzitik, langileen borrokaren eta elkartasunaren aurkako jazarpen-estrategiaren barruan kokatzen dira.

Aurreko aldietan ikusi dugun moduan, eta salatu izan den bezala, botere eta estamentu desberdinetatik egindako jarduera horiek guztiak langile-borroka eta klase-elkartasun oro kriminalizatzeko estrategiaren barruan daude, Tubacexen greban eta borrokan ikusi ditugu, Euskal Herrian azkenaldian bizi izan diren beste gatazka batzuetan bezala.

Horregatik guztiagatik, 3 gazte horien aurkako akusazioak eta inputazioak bertan behera uzteko eskatzen dugu, hala nola, langileenak edo Tubacex-eko pikete edo manifestazioetan parte hartu izan zuen edozein pertsona solidariorenak. Era berean, hiru pertsona horien absoluzioa eskatzen dugu, baita Tubacexeko greba eta lan-gatazkaren harira salatuak eta auzipetuak izandako guztien absoluzioa ere.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.