2026-10-12
HomeZerbitzu PublikoakEusko JaurlaritzaTOKIKO INSTITUZIOETAKO LANGILEEN LAN HITZARMENAREN ALDEKO KONTZENTRAZIOA DONOSTIAN

TOKIKO INSTITUZIOETAKO LANGILEEN LAN HITZARMENAREN ALDEKO KONTZENTRAZIOA DONOSTIAN

Gaur ostirala, hilak 25, LAB eta ELAko ehun delegatu inguruk kontzentrazioa burutu dute Donostiako udaletxe aurrean udal eta foru langileen lan baldintzak arautuko dituen lan hitzarmenaren alde. Kontzentrazioa eta gero, delegatuak udaletxera sartu dira une horretan burutzen ari zen udalbatzan euren eskariak plazaratzeko asmoarekin; udalbatzara sartzea debekatu egin diete.
Honakoa, gehiengo sindikalak (tokiko entitateetako langileen %85a ordezkatzen duena) azken hilabetean deitzen duen laugarren mobilizazioa da. Aste honetan bertan LABek eta ELAk Udalhitz berritzeko EUDELek deitutako mahai negoziatzailean geure parte hartzea eten dugu, baldintzarik ez genuelako ikusten oinarrizko bermeak izango dituen negoziazio prozesu bati heltzeko. Honen jatorrian dago, batetik, alde instituzionalak mahai horretan negoziatutakoa ondorenean entitate lokal desberdinetan betetzeko bermerik ez eskaintzea, eta bestetik, 2010ean zerbitzu sozialetan eta lan baldintzetan emandako atzerapausoak konpondu nahi ez izatea.

LABen aldetik, sasi-argudio juridiko edo ekonomikoen gainetik borondate politiko eskasa ikusten dugu benetako edukiak izango dituen negoziazio bati heltzeko. Funtsean, alde instituzional hori osatzen duten PNVk eta PSE-EEk udal eta foru administrazioari begirako eredu berdina planteatzen dute: prekarietatea eta azpikontratazioa nagusitu, langileen lan baldintzetan atzera pausuak ematea (gogoratu dezagun soilik soldatari dagokionez jada administrazioetako langileek %8a galdu dutela – 2010eko %5eko murrizketa eta aurtengo izozketa, KPIa %3an egonik; ikusteke aurten murrizketa gehiago ez ote diren emango -) eta herritarren eskubide sozialak bermatu behar dituzten zerbitzuen eskaintza ahuldu.

Horren aurrean, gehiengo sindikalak sektoreko lan hitzarmen duin baten alde mobilizatzen eta instituzioen borondate politiko eskasa salatzen jarraituko du. Alde horretatik, hurrengo martxoaren 4an Gasteizko udaletxearen aurrean, hilaren 11an Tolosako udaletxearen aurrean eta hilabete bukaeran Barakaldokoan mobilizatuko gara; era berean, EUDELeko lehendakariari eta alderdi politiko ezberdinei bilkura ezberdinak eskatuko diegu gure planteamenduak azaldu eta erantzun bat jasotzeko.

Donostian, 2011ko otsailaren 25ean 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Eskatzen dugu Avanza autobusetako gidariek zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordaina jaso dezatela

Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.

Intersindikalak salatu du Correosen langile falta dagoela eta azaroaren 29ko hauteskunde deialdiaren aurrean langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen dela

Intersindikala osatzen dugun erakunde sindikalok (LAB, CIG, ESK, Intersindikal Canaria, ELA eta CNT) oso kezkatuta gaude datorren azaroaren 29rako deitutako hauteskundeen eta Correosek gaur egun pairatzen duen langile faltaren egoeraren aurrean.

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Maria Txibiteri, Nafarroan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde posizionatu eta ekimen politikoa abian jartzeko

CEN patronalak CCOO eta UGTrekin akordio interprofesionala negoziatzeari uko egin ondoren, eta Parlamentuak lege-proposamena hartu ez ondoren, Nafarroako Gobernuari bide politikoa berreskuratzea eskatuko diogu...