2025-01-21
HomeEkintza SindikalaSindikatuok txistualdi handia egin dugu Osakidetzaren inposizioen aurka

Sindikatuok txistualdi handia egin dugu Osakidetzaren inposizioen aurka

Osakidetzak fronte gehiegi irekita dituela salatu dugu, negoziazioan aurrerapausorik eman gabe jarraitzen duen bitartean.

LABek, SATSEk, ELAk, SMEk, CCOOk eta UGTk txistualdi handia egin dugu gaur Osakidetzako Zerbitzu Zentralen egoitzaren aurrean, Osasun Zerbitzu Publikoak Enplegu Publikoaren Eskaintzaren prozesuen kudeaketan duen kaosa salatzeko. Protesta ozen horrekin, profesionalok argi eta garbi esan nahi izan diogu Euskal Osasun Zerbitzuari ez ditugula bere inposizioak onartzen.

Deialdia egin dugun sindikatuok kritikatu dugu langileok beste azterketa batera aurkeztu behar garela, aurrekoa oraindik ebatzi ez dutenean: “Ohiz kanpoko baldintza horietan LEP berri bat prestatzea ahalegin handia da, eta ondorio ekonomikoak eta bizitza pertsonalean eragiten ditu”.

Osakidetzak 2018-19ko lan-eskaintza publikoaren ebazpena bizkortzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak jartzea eskatzen dugu. Ez da bidezkoa ahalegin handi hori egin behar izatea agian beharrezkoa ez denean.

Protesta hau gure osasun publikoa desegitearen aurkako mobilizazioen baitan kokatzen da. Horri lotuta, datorren otsailaren 25ean Bilbon, Donostian eta Gasteizen hiru manifestazio handi egingo ditugu.

Duela aste batzuk lehendakaria entzun genuen Osakidetzan arazoak eta zailtasunak zeudela aitortzen. Handik hilabete eskasera, eta errealitatea ezkutatzeko asmoz, euskal osasun publikoa ez dela desegiten eta pribatizatzen ari adierazi zuen. Errealitatea da lan-prekarietateak gure osasunaren arazo handienetako bat izaten jarraitzen duela. Zerrendatu ditugun arazoen artean daude %50etik gorako behin-behinekotasun-tasa, erosteko ahalmenaren %20tik gorako galera, gainkarga, ordezkapenik eza eta Lanbide Garapenean aplikatu nahi den murrizketa erradikala.

Era berean, hainbat zerbitzutan aplikatutako murrizketei eusten zaiela salatu dugu, eta Lehen Mailako Arretaren egoera bereziki prekarioa dela ere bai. Lehen Mailako Arretaren saturazio horrek zuzenean eragiten die beste asistentzia-maila batzuei, hala nola Ospitaleko larrialdiei, horietan gero eta gainkarga handiagoa baitago.

Deialdia egin duten sindikatuentzat, Osakidetzak fronte gehiegi ditu irekita mahai sektoriala blokeatuta dagoen bitartean, eta inposaketaren bidetik baino ez du jarduten.

Euskal Osasun Zerbitzuak mahai sektoriala erabili nahi du existitzen ez den negoziazio baten itxura egiteko. Bada, mobilizatzen jarraituko dugu, euskal osasun publikoan benetako negoziazioa egon dadin lortu arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gizain berriz mobilizatu da eta mobilizatzen jarraituko du bere langileen baldintzak foru administrazioko langileenekin parekatzea eskatzeko

LAB eta CCOO sindikatuok eginiko deialdiari erantzunez, Gizaingo langileek –Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko gobernuaren fundazioa– elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, Eskubide Sozialen Departamentuaren egoitzaren parean, euren lan baldintzak foru administraziokoekin parekatzea eskatzeko.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuok gutxieneko soldata propio baten aldeko bidea ireki dugu

Herri Ekimen Legegilea zein Lanbidearteko Akordio proposamena langile klasearen bizi baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta gizarte kohesioa eragiteko burujabetza ariketak dira. Era berean, munduko beste edozein herrialdetan bezala, Hego Euskal Herriko Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak langile guztiei nahikoa den bizi maila bermatu nahi die

Nafarroako etxeko langileek asanblada irekia egin zuten larunbatean Iruñeko gure egoitzan

Antolatzea erabaki dute eta baita urte luzez ukatu zaizkien eskubideak elkarrekin aldarrikatzea ere. Nafarroan ez ezik, Bizkaia eta Gipuzkoan ere antolatu ditu LABek antzerako espazioak