2025-12-17
HomeEmakumeakJardunaldiaSexu langileei ahotsa emango diegu Gasteizen, ostegunean egingo ditugun jardunaldiak direla eta

Sexu langileei ahotsa emango diegu Gasteizen, ostegunean egingo ditugun jardunaldiak direla eta

Ipar Hegoa Fundazioarekin elkarlanean, LAB sindikatuak sexu-lanari buruzko jardunaldiak egingo ditu urriaren 24an, Gasteizen, Aldabe Gizarte Etxean, 10:00etatik 14:00ak bitartean, “Sexu lana: kriminalizazioa edo aitortza” izenburupean.

“Langileria zeintzuk osatzen dugun erabakitzea guri dagokigu”. Hitzez hitz, horrela jasoa geratu zen LABen 9. Biltzar Nagusian gure erabaki nagusietako bat; klase subjektu berria osatzeko gure konpromisoa, alegia. Luze eta zabal aritu ginen langile klasea zatitzeko kapitalaren estrategiari buruz, eta lanaren ikuspegi integralari erreparatzeko beharra azpimarratu genuen. Langileria ulertzeko kontzepzio klasikoa -eta murritza- aldatu, gainditu, eta beste parametro batzuetan kokatzeko erabakia hartu genuen, langileriaren definizio zabal, anitz eta integratzaileago bati ateak zabalduz.

Lanaren ikuspegi integralago horren baitan, izan nekazari edo kooperatibista, edo bere lan indarraz bizi den autonomoa, izan kaleko saltzaile, etxeko langile edota sexu langile, denok gara langileak, denok osatzen dugu Euskal Herriko langileria. Langile subjektu zabal eta anitz horri borrokarako eta antolakuntzarako proposamenak egiteko konpromisoa hartu genuen orduan, eta bide horretan etengabe ari gara urratsak ematen geroztik.

Bide horren logikan beste pauso bat ematera goaz datorren urriaren 24an, Gasteizen. Euskal Herriko langileriaren parte diren sexu langileak zein egoeratan dauden eta zer eskatzen duten jakin nahi eta behar dugu. Sexu langileak subjektu politikoak bezala ere aitortzen ditugu, eta, horregatik, beren ahotsa entzutea ezinbestekoa da guretzat. Ez dugu haien ordez hitz egingo, haiei hitza eman eta entzun egingo diegu.

Jakinda prostituzioari buruzko eztabaida zabala eta konplexua dela, badirela bi errealitate ongi bereizi beharrekoak -prostituzioa eta trata- eta badirela prostituzioari buruzko jarrera ezberdinak -debekatzailea, abolizionismoa, erregularizazioaren aldekoa, despenalizazioaren aldekoa, eskubideen aldekoak-, jakinda ere prostituzioa ezin dela aztertu testuinguru kapitalismo heteropatriarkala kontuan izan gabe… hori guztia jakinda, sexu langileek pairatzen duten estigma gainditu eta haien egoera hobetzeko antolatzea ezinbestekoa dela ulertzen dugu. Hori horrela, sexu langileekin zer nolako aliantzak sortu hausnartu eta eztabaidatzeko gogoeta prozesua abian dugu LABen eta urriaren 24an izango dugu hurrengo hitzordua. Sexu langileek ere modu autonomo, burujabe eta duin bat izan dezaten, LABen ekarpena zein izan behar duen definitzera goaz.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko lege bermeak exijitu ditu LABek Gasteizen

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, LABek gaztelerak dituen eskubide...

Iruñeko lorezaintzako lehen hitzarmenaren kontrako blokeoa salatu dute sindikatuek

LAB, UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek, GORA LOREZAINAK batzarraren babesarekin —Iruñeko Udalak azpikontratatutako OHLA Ingesan, Eulen eta Tasubinsa enpresetako lorezaintzako langileek osatzen dute...

Langileon Donostia eraikitzera goaz!

Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azken aldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, hain zuzen ere, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita.