2026-03-24
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaRafa Diez eta Arnaldo Otegi askatu! Urriaren 17an denok Donostiara

Rafa Diez eta Arnaldo Otegi askatu! Urriaren 17an denok Donostiara


Gure herrian bake eta konponbide demokratikorako garai berri bat irekitzeko lanean aritzeagatik kartzelan diren Rafa Diez eta Arnaldo Otegi askatzeko eskatzeko bihar, hilak 17, Donostiako Boulevardean deitu den manifestazioan parte hartzeko deia egiten du LAB sindikatuak.

LAB: “Bateragune auziko bost kideei sei urte luzez askatasuna bahitu eta eskubide zibil eta politikoak urratu zaizkie”

Sei urte pasatu dira, 2009ko urriaren 13an, LAB sindikatuaren Donostiako egoitzatik Rafa Diez, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez atxilo eraman zituztenetik.

Igande honetan, kondena oso osorik beteta, askatasuna berreskuratu dute Arkaitz, Sonia eta Mirenek. Ezer baino lehen gure ongi etorria eta besarkadarik beroena helarazi nahi diegu hirurei. Momentu hauetan, bereziki gogoan ditugu oraindik preso diren Rafa Diez eta Arnaldo Otegi eta lehen egunean egin bezala haien askatasuna exijitzen dugu.

Sei urte luzez askatasuna bahitu eta eskubide zibil eta politikoak urratu zaizkie, zer eta haien delitu bakarra izan denean Euskal Herriarekiko konpromisotik, gure herrian bake eta konponbide demokratikorako garai berri bat irekitzeko lanean aritzea.

Ez orduan, ez orain, Estatua ez dago prest aldaketak ekarriko dituen prozesu demokratiko batean sartzeko. Denbora izan da testigu, ordea, eta Estatuaren blokeo politikak porrot egin du, ez du lortu Herri honek konponbidearekiko duen apustua geldiaraztea, ezta Ezker Abertzalearen estrategia politikoa zapuztea ere. Alderantziz, gatazkaren arrazoiak eta ondorioak gainditzeko herri honen determinazioa sendotu egin da.

Euskal Herrian gatazka politikoa gainditzeko Ezker Abertzaleko militante hauek jokatutako papera eta egindako ekarpena oso garrantzitsua izan da. Gaur, 6 urte geroago, bereziki gogoan dugu Rafa Diez, gure idazkari nagusi ohiak egindako ekarpena, langile zapalkuntza gainditzeko proiektu politiko berri baten bidean.

Sindikatu independentista gara, hark ereindako haziak sindikatuan bizi-bizirik diraute. Euskal gatazka politikoaren superaziorako konpromisoan berresten gara eta herri honek behar duen konponbide demokratikorako baldintzen alde lanean jarraitzen dugu.

Bake eta gatazkaren konponbide prozesuan aurrera egiteko askatu beharreko korapilo ugari geratzen da oraindik: Bateragune auziarekin amaitzea, martxan diren auzi politiko guztiak bertan behera geratzea eta presoen afera konpontzeko guztiak etxeratzea. Arrazoi asko ditugu, gehiegi, mobilizatzen jarraitzeko.

LABetik ere, bihar, Donostiako kaleetan Rafa Diezen eta Arnaldo Otegiren askatasuna eskatuko dugu. Ingerentzia politiko guztien gainetik, herri honek bere bidea egin dezan, mobilizatzera dei egiten diegu langile guztiei ere.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidosen EEEa gauzatu izana salatu du, eta enpleguaren eta industria-etorkizunaren aldeko konpromisoa berretsi du

LABek publikoki salatu nahi du Tubos Reunidos enpresak EEEa gauzatzeko hartu duen erabakia. Erabaki horrek, beste behin ere, berretsi egiten du enpleguaren suntsiketan, altzairugintzaren...

Confebaskek gutxieneko soldataren negoziazioari betoa ezartzen jarraitzen du

LAB eta ELA sindikatuek martxoaren 17ko greba orokorraren ondoren Confebaskekin gutxieneko soldata negoziatzeko bilera deitu zuten. Confebaskek bere izaera autoritarioa eta probokatzailea berretsi du,...

Nafarroako grafikagintza sektoreak lanuzteak eta mobilizazioak deitu ditu AEGRANek hitzarmena berreskuratzeari uko egin diolako

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek dei egin diete sektoreko langileei datozen hilabeteetan mobilizatzera, AEGRAN patronalak urte bat baino gehiago daramanean Nafarroako Grafikagintzako hitzarmenaz...