2024-04-26
HomeJardunaldiak"Kapitalismoaren eta inperialismoaren krisia. Egoeraren azterketa, Europan eta munduan"

“Kapitalismoaren eta inperialismoaren krisia. Egoeraren azterketa, Europan eta munduan”

Ipar Hegoa Fundazioak eta LAB sindikatuak JAMES PETRAS eta LUCIANO VASAPOLLO izango ditugu gurekin Bilbon eta Iruñean, maiatzaren 17tik 20ra bitartean ospatuko den "Kapitalismoaren eta inperialismoaren krisia. Egoeraren azterketa, Europan eta munduan" hitzaldi zikloan. 

JAMES PETRAS
"Soziologo eta idazlea."

LUCIANO VASAPOLLO
"Irakaslea Erromako “Sapientza”  eta Kubako Habana eta Pinar del Ríoko Unibertsitateetan"
Helburu nagusia izango da kapitalismoaren eta inperialismoaren oraingo krisiaren kausak eta ondorioak aztertzea, mundu mailan; horrekin batera, ezker eraldatzaileak mundu mailan izan ditzakeen alternatibak ere jorratuko dira, Europako egoerari arreta berezia eskainiz. Izan ere, oraingo krisi sistemikoak erronka eta zeregin berriak planteatzen dizkigu sindikatuoi eta ezkerreko mugimenduoi; analisi eta praxi politikoan asmatzeko dugun gaitasunaren mende egongo da, neurri handi batean, oraingo sistema kapitalistari aurre egiteko alternatiba erreal eta erradikal bat ezkerretik –sozialismotik- eraikitzeko ahalmena.

Mundua mundu mailako krisi kapitalista baten ondorioak pairatzen ari da. Sistema kapitalista osoaren krisi integral bat da; krisi ekonomikoa, soziala, politikoa, energetikoa, ingurumenekoa, eta abar. Horrenbestez, inperialismoaren krisia ere bada, zeren gatazka ugari bultzatzen ari baita mundu osoan, bere hegemonia datozen hamarkadotan finkatzeko eta segurtatzeko xedez.

Paradoxikoa bada ere, sistema kapitalistaren kudeatzaileek eta beraren zerbitzuan diharduten elite politiko eta ekonomikoek oraingo krisia erabili nahi dute, eta erabiltzen saiatzen ari dira, eredu kapitalista bidegabe eta eutsiezina sakontzen saiatzeko. Alde horretatik, langile-klasea eta Europako herriok bertatik bertara pairatzen ari gara Troikaren (EBZ, Europako Batzordea eta NDF) eta gobernu eskuindar eta sozialdemokraten politiken ondorioak: murrizketa sozialak, sektore publikoaren deuseztapena, irakaskuntza eta hezkuntzaren pribatizazioa, erretiro-adinaren atzerapena, lan-eskubideen eta eskubide sindikalen murrizketa, kaleratze merkeagoak, eta, oro har, gizartearen sektore gero eta handiagoen pobretze-prozesua.

Testuinguru horretan, espainiar eta frantziar Estatuek ezartzen dizkiguten murrizketen aurrean, Euskal Herriak beharrezkoa du gure erabakitzeko eskubidea bermatzen duen aldaketa politiko bat; izan ere, aldaketa horrek beharrezkoa den aldaketa soziala ere ekarriko du berekin, pertsonak kapitalaren gainetik jartzeko, sektore publikoaren protagonismoa indartzeko eta oinarrizko eskubideak gauzatzeko bidea bermatzeko: elikadura, etxebizitza, hezkuntza eta osasuna, besteak beste. Helburu horiei begira kokatzen dira Euskal Herrian garatzen ari garen borroka ugariak, hala nola LABek euskal gehiengo sindikalarekin eta mugimendu sozialekin batera 2013ko maiatzaren 30erako deitutako greba orokorrean parte hartzeko deia. 

Horregatik guztiagatik, eta gonbidatutako hizlarien ekarpenak kalitate handikoak izango direla sinetsita, parte hartzera animatzen zaituztegu, Euskal Herrian izango duten presentziak eskaintzen digun aukeraz baliatuz. 

"Kapitalismoaren eta inperialismoaren krisia. Egoeraren azterketa, Europan eta munduan"

BILBO
EGUNA: 2013ko maiatzaren 17a.
TOKIA: UPV/EHU. Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea (SARRIKO) ( Lehendakari Agirre etorbidea, 83)
HIZLARIAK:
10:00 LUCIANO VASAPOLLO eta JAMES PETRAS
“Kapitalismoaren eta inperialismoaren krisia”
Europa eta Munduko egoeraren azterketa

IRUÑEA

EGUNA: 2013ko maiatzaren 20a (astelehena)
TOKIA: Plaza de la Cruz Institutua (San Fermín, 51)
HIZLARIA:
19:00 JAMES PETRAS
“Kapitalismoaren eta inperialismoaren krisia”

James Petras (Estatu Batuak 1937) soziologo eta idazle bat da, inperialismoari, klase-borrokari eta zenbait gatazkari buruz egindako azterlanengatik ezaguna. Irakaslea izan da New York, Pensilvania eta Kanadako Unibertsitateetan. 29 hizkuntzatan argitaratutako 62 liburu baino gehiago idatzi ditu, eta milaka artikulu ere bai, aldizkari profesionaletan eta egunkarietan.

Euskal Herrian liburu batzuk ditu argitaratuta Hiru eta Txalaparta argitaletxeekin.

Modu aktiboan parte hartzen du zenbait mugimendutan, hala nola Brasilgo MST-Sin Tierra mugimenduan eta Argentinako “Los Desocupados” mugimenduan.

Luciano Vasapollo (Italia, 1955). Irakaslea Erromako “Sapientza” Unibertsitatean eta Kubako Habana eta Pinar del Ríoko Unibertsitateetan.

Errektorearen Ordezkaria ALBAko Herrrialdeekiko Nazioarteko Harremanetarako. CESTES Azterlan Zentroaren eta PROTEO aldizkariaren Zuzendaria. “Nuestra América-Italia” Elkartearen eta Aldizkariaren Zuzendaria.

ALBA eta Latinamerikako herrialdeetako pozesu politiko, ekonomiko eta sozialei buruzko elkartasun, azterketa eta ikerketa lan trinkoa gauzatu du. 50 liburu baino gehiago idatzi ditu, berak bakarrik edo beste autore batzuekin batera; horietako asko itzulita daude Europan, Estatu Batuetan eta Latinoamerikan. Gizateriaren Aldeko Intelektual eta Artisten Sareetako Sarearen Italiar Kapituluaren Koordinatzailea da.

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIAK ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.