2026-02-01
HomeEkintza SindikalaPribatizatutako zaintzako langileak mobilizazio nazionalera deitu ditu LABek, haien izaera publikoa aldarrikatzeko

Pribatizatutako zaintzako langileak mobilizazio nazionalera deitu ditu LABek, haien izaera publikoa aldarrikatzeko

Langile horiek zerbitzu publiko bat eskaintzen duten heinean, administrazioaren zuzeneko langile izan behar dutela defendatuko du LABek Donostian, eta, norabide horretan, lan baldintzen ekiparazioa aldarrikatuko du.

Pribatizatutako zaintzako langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko konpromisoan, eta, era berean, zaintza sistema publiko komunitario bateranzko trantsizioan, lehentasunezko premia da LABentzat pribatizatuta dauden zaintzako langileen aitortza publikoa eta horien borroka sindikala lehen lerroan kokatzea. Izan ere, zaintza lanetan aritzen diren milaka langile prekarizazio egoerara kondentzen ditu zaintza erregimenak Euskal Herri osoan; Bidasoa ibaiaren bi aldeetan gailentzen den zaintza sistema esku pribatuetan dago.

Hori salatzeko, eta, era berean, aipatutako langileen izaera publikoa aldarrikatzeko eta aitortza horretara bidean urratsak egiteko, mobilizaziora deitu ditu LABek sektoreko langileak ekainaren 11rako, Donostian.

Administrazio publikoari eta agintean diren alderdi politikoei interpelazio zuzena egingo die LABek: zaintza langileek zerbitzu publiko bat eskaintzen dute, eta, beraz, langile publikoak izan behar dute. Izan ere, zerbitzu publiko indartsuak eta duinak defendatzen ditu LABek. Pribatizatuta dauden zaintza sektoreko langileak zerbitzu publiko horietako langileak dira, eta, beraz, zerbitzu horien publifikazioa du jomugan sindikatuak; langile horiek langile publikoak, administrazioaren zuzeneko langileak, izatea.

Aipatutako langileek urte gehiegi daramatzate enpresa pribatuekin negoziazio kolektiboaren bitartez lan baldintzak hobetzera behartuta; behartuta, administrazio publikoek, zerbitzu horiek enpresa pribatuei esleitzerakoan, ez dutelako beste biderik uzten. Erabaki politikoek eta gutxi batzuen diru goseak sortu dute egoera hau. Izan ere, LABentzat, negoziazio horiek negozio izateari uzteko, instituzioek ere langileen interlokutore izan behar dute, euren erabakiek eta politikek miseria honetara kondenatu dituztelako. LABentzat, administrazio publikoaren lan hitzarmenak dira erreferentzia, baina, gaur egun, lan berdina egiten dute pribatizatutako sektoreetako langileek baldintza okerragotan. Horregatik, lan baldintzak parekatzearen aldeko apustu politiko eta sindikalaren alde borroka egingo du LABek.

Norabide horretan, hain justu, eta publifikazioa helburu, LABek lan baldintzen ekiparazioaren aldeko borroka sindikala martxan jarriko du eremu guztietan, eta herrialdeko hitzarmenetako plataformetan parekatzea proposatuko du. Udaletan ere zaintza langileen lan baldintzen ekiparazioa eskatuko du. Zaintzako langileak langile publiko diren heinean, Udalhitz, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea eta PAGNArenak dira haien erreferentziazko hitzarmenak. Ipar Euskal Herrian, berriz, Frantziako legediak funtzio publikoari buruz finkatutako xedapenen esparruan, udaletxeka negoziazio kolektiboa bultzatzeko ahalegina egingo du sindikatuak.

Badira, dena den, oso premiazkoak diren konpromiso batzuk, eta horiek lehentasunezkotzat jotzen ditu LABek:

– Etxeko Laguntza Zerbitzua berehala publifikatzea, enpresa pribatuekin egindako kontratuak iraungi ahala.

– Ratioei buruzko dekretu berri bat, batez ere zaharren egoitzentzat, egungo ratioek dakartzaten baldintza kaskarrekin amaitzeko, bai erabiltzaileentzat, bai langileentzat.

– Zahar egoitzetako, aniztasun funtzionaleko eta esku-hartze sozialeko eta osasungintza pribatuko langileen lan baldintzak langile publikoenekin parekatzea, dagozkien publifikatze prozesuak hasi bitartean.

Enpresaz enpresa, sektorez sektore eta kalean, inurri lana egin eta langileak pribatizazioaren kontra lerratzeko eta merezi duten aitortza publikoa jaso dezaten lanean jarraituko du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...