2025-12-28
Blog Page 997

Langileen alde egin beharko lukete EAJ eta Aldundiak



Gaur, hilak 28, Bizkaiko delegatuok batzarra egin dugu Bilbon Euskal Herriak bizi duen egoeraren gako nagusiak konpartitzeko. Ostean, hainbat sektore eta lan zentrotako delegatuok, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean mobilizatu gara “Prekarietateari STOP! Aldundia eta EAJ errudun” lemapean. Protesta zergatik? Bada, EAJk sustatzen duen, eta Bizkaiko langileoi eragiten digun lan harremanen ereduagatik. 

EAJk sustatzen duen lan harremanen eredu honek ozen salatu nahi ditugun bi oinarri ditu:

Atsegin handiz onartu eta ezarri du espainiar lan erreforma. Azken batean, jakin baitakite lan erreforma horrek patronalari mesede egiten diola, langileon lan eta bizi baldintzen prekarizazioaren kontura.

Lan baldintza eta hitzarmen duinak aldarrikatzen, BFAren aurrean, Guggenheim Museoko hezitzaileekin eta 3. adineko egoitzetako langileekin

Atsegin handiz onartu ditu austerizidio politikak. Eta hauen ondorioz eratortzen diren zerbitzu publikoen pribatizazio, murrizketa politikak eta bertako langileon lan-baldintzen prekarizazio politikak.

Bereziki larria deritzogu Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera bere ardurapean dauden hainbat zerbitzu publikoren kasuan. Hala nola, Guggenheim eta adinekoen egoitzak. Egoitzen kasuan, zerbitzuak pribatizatu eta diru publikoa baliatuz, negozio pribatua egitea besterik bilatzen ez duten enpesen esku utzi zituen, nahiz eta lan baldintzak okertu eta ematen den zerbitzuaren kalitatearen kaltetu (adib: guztiz eznahikoak diren erratioak, …).

Aldundiak ezinikusiarena egiten du sortzen diren lan gatazketan. Guggenheimen kasuan, esate baterako, kaleratzeen aurrean Aldundiak ez du ezer egin. Beste lan gatazka batzuetan, esate baterako adinekoen egoitzenean, langileei leporatzen die zerbitzuan ematen den kalitatearen falta. Honen arrazoiak Aldundiak berak egiten duen inbertsio gabezian eta enpresa esleipendunen etekin gosean dagoenean.

Lan baldintza eta hitzarmen duinak aldarrikatzen, BFAren aurrean, Guggenheim Museoko hezitzaileekin eta 3. adineko egoitzetako langileekin

EAJ, Bizkaiko Foru Aldundia eta azken hau zuzentzen duen Rementeria jauna dira zerbitzu publikoen arduradun nagusiak, eta hobe lukete zerbitzuok ahalik baldintzarik onenetan eskaintzeko, murrizketa eta inbertsio faltaren gainetik, egunero lanean ari diren langileen alde jarri, eta ez patronalaren alde.

 

 

 

EAJk irabazi izana albiste txarra da euskal langileontzat

0

EAEn hasten den legegintzaldi berriaren aurrean, bidea egin beharra dago, bakea, demokrazia, burujabetza eta justizia sozialaren alde ezkerretik alternatibak eraikitzeko. 

Igandeko EAEko hauteskundeak EAJk irabazi ditu. Alderdi honek ez du bere burua ezkutatzen arlo sozioekonomiko eta laboralean: batetik, akordio antidemokratikoak sustatu ditu, langileon gehiengoaren hitza eta erabakiaren aurkakoak. Bigarrenik, alderdi jeltzaleak ez du inolako asmorik Madrildik datorren inposizio eta murrizketei aurre egiteko. Neoliberaltasuna bere ADNan txertatuta duen EAJk kapitalaren interesak lehenesten ditu herritarron biziraupena eta duintasunaren kontura. Hortaz, EAJk irabazi izana albiste da euskal langileontzat. 

Dena ere ez da beltza, ordea. EH Bilduren emaitza poztekoa da. Ezker soberanistak behar duen tresna politiko-instituzionala izateko baldintzak ditu EH Bilduk.

Legebiltzar berrian gehiengo zabala dago erabakitzeko eskubidearen aldekoa, eta hori ere pozgarria da. Erabakitzeko eskubidea nahi dugu, aldaketa sozialak bultzatzeko erabaki egin nahi dugu.

Hari horretatik tiraka, baina, EAJk orain arte esan eta erakutsi drenaren arabera, ez dirudi Herri honek beharrezko eta premiazko dituen akordioak sustatu eta bermatzeko borondaterik izango duenik.

Azkenik, arreta jarri nahi diogu egondako abstentzioaren igoerari. Kontu garrantzitsua iruditzen zaigu. Beharrezkoa izango da abstentziora jo duten milaka langile horien aktibazioa, benetako alternatiba ezkertiarra eraiki nahi bada. Orain EAEn hasten den legegintzaldi berriaren aurrean, bidea egin beharra dago, mobilizazioaren bidez, bakea, demokrazia, burujabetza eta justizia sozialaren alde ezkerretik alternatibak eraikitzeko.
 

 

 


ADEGIk Gipuzkoako Grafikagintzako hitzarmena blokeatzen du

0



Gipuzkoako Grafikagintzako negoziazio mahaiaren 6. bileraren harira gaur, hilaren 27an, negoziazio mahaian ordezkaritza dugun sindikatu guztiak (LAB, ELA, CCOO eta UGT) Lan Harremanetarako Kontseiluaren aurrean elkarretaratu gara Adegi grafikagintzako hitzarmen kolektiboaren negoziaketa blokeatzen ari dela salatuz.

Gaurko bileran, aurreko bilera guztietan bezalaxe, Adegiren jarrera immobilista berretsi da. Sindikatu guztion eskaerak baztertzeaz gain, ez du negoziazio mahaian ezertxo ere aurkeztu. Jarrera hau onartezina eta ulergaitza da! Hain zuzen ere, Adegi hitzarmen honetan mantentzen ari den jarrera oztopatzailea salatu dugu sindikatu guztiok gaur egindako konzentrazioarekin Lan Harremanetarako kontseiluaren aurrean.

Adegik sektorean duen gehiengoa erabiltzen ari da negoziazioa blokeatzeko, beste sektore askotan egiten duen bezalaxe. LAB ez dago prest hori jasateko. Ezin diogu Adegiri beto eskubidea eman mahaia oztopatzeko, are gehiago, gaurko bileran ere agerian gelditu denean sektoreko patronalaren artean ikuspuntu eta proposamen ezberdinak daudela. Patronal baten aldetik proposamenak jasotzen ditugun bitartean, aukera hori arakatzeko prest gaude. Horregatik, urriaren 11an beste hitzordua izango dugu.

Edonola ere, sektorea konfrontaziora ez eramateko Adegik du soilik giltza, patronalaren gehiengoa du eta. Adegik jarreraz aldatzen ez duen bitartean, mobilizazioak beharrezkotzat jotzen ditugu eta gainerako sindikatuekin harremanetan jarriko gara mobilizazioak adosteko.

 

 

 

Langileok gaur eta beti Independentzia eta sozialismoaren alde


Aurtengo kurtsoan landuko ditugun ildo nagusiak aurkezteko herrialdeko delegatuen batzarrei hasiera eman diogu gaur Gasteizen. Gudari eguna gogoan izanik, Independentzia eta sozialismoa lehen lerrora ekarri nahi izan ditugu gaurkoan LABen eta horrela adierazi dugu batzarraren ostean "Langileok gaur eta beti Independentzia eta sozialismoaren alde" lelopean egin dugun mobilizazioan. Bihar, Bilbon, Bizkaiko delegatuen txanda izango da, ostegunean Iruñean Nafarrena eta ostiralean, Donostian, Gipuzkoako delegatuak elkartuko dira.

 

 

 

LAB VICen izan da COS sindikatuari eta Carnies en Lluita plataformari babesa ematen

0

Irailaren 25ean LAB sindikatuko ordezkaritza bat VICen izan zen Carnies en Lluita plataformak antolaturiko borroka egunean, industria haragietan lan baldintzen alde borrokan dihardutenei babesa eta elkartasuna helarazten.

Mendialdeako Mankomunitatean negoziazioak huts egin du

Urte honetan zehar Mendialdeko Mankomunitateak (Larraundik Goizuetaraino eremua hartzen duena) eta langileak hitzarmen berri bat negoziatzen aritu dira, baina hauek ez dute langileentzako aski fruiturik eman oraindik. LABetik salatu nahi dugu Mankomunitateak ez duela hitzetatik ekintzetarako urratsa eman eta azken momentuan gotortu egin dela hasierako posizioetan.
Langileen proposamena hiru zutabetan oinarritu da:

  • Enplegu Publikoaren sustapena lanpostu berri bat sortzen. Izan ere, zabor bilketan aritzen garen langileek lan karga handiak ditugu eta horren justua da plantilla non zailtasunak ditugu ordu sindikalak, egun propioak edota oporrak hartzeko.
  • Lan Osasunaren garapena. Arlo honetan bilatzen da arriskuen identifikazio zehatza eta horiek arintzeko edota ezabatzeko lan bat, langileek epe ertainean jasan ditzakegun kalteak ekiditeko.
  • Eta baldintza ekonomikoen hobekuntza. Mankomunitate honetan ditugun ordainsariak sektore honetan langile gehienek dituztenetik urrun baitaude. Ordainsarien atalean, lan beraren truke soldata bera irabaztea da gure aldarrikapena, parekatzea alegia.

Bilera asko egin eta gero negoziazioak ez du aski fruiturik eman langileentzat. Negoziazio prozesuan elkarrizketa sakona egon da eta elkar ulertze nabarmena ikusi dugu langileok, Mankomunitateak onartzen baitu langileek egiten dugun lan handia eta ona eta zerbitzu honen kalitatea. Baina elkar ulertze hau ez da gauzatu akordio batean: Mankomunitateak ez du onartzen lanpostu publikoa sortzea, nahiz eta etorkizun batean sortzeko asmoa agertu; adostasuna agertzen du Lan Osasunaren inguruan, hau izanik onartzen duen proposamen bakarra; eta ordainsarien atalean azkenik, soldata igoera bat proposatu arren ez du onartzen langileoi parekatzea dagokigunik, beraz, ez du onartzen beste mankomunitateetan dauden ordainsariekin parekatzea.

Langileon ustez, Mankomunitatea ez da apenas mugitu beren hasierako planteamenduetatik, mantentzen dute ia-ia hasierako jarrera, nahiz eta langileok ahalegin bat egin dugun tarteko proposamenak luzatuz eta enplegu berriaren justifikazioa arrazoiaz eta funtzioaz betetzen akordio batera ailegatu ahal izateko.

Salatu nahi dugu Mankomunitateak ez duela hitzetatik ekintzetarako urratsa eman eta azken momentuan gotortu dela hasierako posizioetan.

Mendialdeko Mankomunitateko LABek segituko du zilegiak diren aldarrikapenak defendatzen.
 

 

 

Beste eredu bat eraikitzea posible da #ECOSOCBilbo

0


Gaur, hilak 25, eman diegu amaiera Nazioarteko III Topaketa Ekosozialistei. Hiru egun hauetan ez dira falta izan urgentzia ekologikoa eta larrialdi sozialari aurre egiteko alternatibak. Sistema politiko eta ekonomiko honek alternatibarik ez daukala sinestarazi nahi digute, baina beste behin agerian geratu da norabidez aldatuz gero posible dela jendarte justuago bat eraikitzea. 

Igande honetan bi mahai ingururen bueltan aritu dira hizlariak. Ainhoa Etxaidek, LABeko Idazkari Nagusiak, beste hainbat sindikatuetako kideekin batera, sindikalismoak trantsizio ekosozialistan bete behar duen rolaz hitz egin du. Etxaideren iritziz “sistemak bizirauteko geroz eta basatiago izan behar du” eta horri erantzun bat emateko premiazkotzat jo du denon artean “sistema aldatzeko bidea aurkitzea”. Argi utzi nahi izan du ere herri langilearen arazoak ez direla sistemaren baitan konponduko eta horri buelta emateko “sistema aldatu behar” dugula adierazi du.

LABeko idazkari nagusiak azaldu bezala “sistema berria eraikitzeko boterea mugatu eta kendu behar zaio kapitalari herriaren esku jartzeko”. Borroka horretan sindikatuok langileei zer eskaintza egiten diegun argitu behar dugula ere azpimarratu du. Hain zuzen ere etorkizunari begira jartzean hamaika zailtasun eta galdera sakon datorzkigu burura baina galdera hauei erantzun egokia emanez gero soilik lortuko dugu alternatibaruntz urratsak ematea.

Ondoren Kapitalaren diktaduraren aurrean, burujabetza, demokrazia eta justizia sozialaren beharra izan dute mintzagai Katerina Sergidou, Éric Toussaint, Juan Hernández Zubizarreta eta Mario Zubiagak.

Amaitzeko eta hiru egun hauetako lana borobilduz mahai gainean jarri diren ideiez osatutako manifestua irakurri da.

 

 

Oihan Ostolaza: “Eraldaketa mugimendu sozial eta sindikalen arteko elkarlanetik etorriko da”

0

Nazioarteko III Topaketa Ekosozialistak aurrera doaz. Bigarren egun honetan eredu produktiboa, zaintza eta enplegua; elikadura burujabetza; energia burujabetza eta ekitate sozialerako eta lurraren defentsarako hezkuntza landu ditugu mahai inguru eta tailerren bitartez. Gaurko saioan hizlarien artean Oihan Ostolaza, LABeko kidea, izan da eta ekoizpen ereduaren eraldaketaren inguruan mintzatu da. 

Ostolazaren aburuz “enpleguaren egoerak lotura zuzena du indarrean dagoen ekoizpen ereduarekin” eta gaur egun argi eta garbi esan daiteke “eredu kapitalista bateraezina dela ingurugiro eta bizitzaren eta baita pertsonek bizi baldintza duinak edukitzearekin”. Horregatik ezinbestekotzat jo du ekoizpen ereduan eraldaketa sakon bat.

Sindikatuaren ustez lanak naturarekin eta pertsonen arteko harremanetan elkar eragitea ahalbidetuko duen jarduera izan behar du, guztiontzat onuragarria izango dena, baina horretarako enpleguak kalitatezkoa izan behar du. Hau da, jardunaldiari dagokionez, “35 orduko lan astearen aldeko apustua egiten dugu”. Gaur egun dugun langabezia tasa ikaragarria onartezina da, beraz ezinbesteko ikusten dugu lana guztion artean banatzea. Bestalde “gure ustez gutxieneko soldatak 1.200eurokoa izan behar du”.

Asko dira egin beharreko aldaketak: ekoizpen eredua, lan kontzeptua, enpresa eredua… Baina eraiki nahi dugun eredu berri hori bezain garrantzitsua da aldaketa aurrera eramango duen sujetua. Ostolazaren iritziz “eraldaketaren motorra mugimendu sozial eta sindikalen arteko elkarlanean datza eta hori da hain zuzen ere Eskubide Sozialen Kartarekin hartu dugun bidea”.

Biharko saioarekin Bilbon burutzen ari diren Nazioarteko III Topaketa Ekosozialistei amaiera emango zaie. Lehen orduan “Sindikalismoa trantsizio ekosozialistaren aurrean eta Kapitalaren diktaduraren aurrean” izenburupean mahai-ingurua izango da eta bertan, besteak beste, LABeko idazkari nagusia den Ainhoa Etxaidek parte hartuko du. Bigarren txandan “Kapitalaren diktaduraren aurrean, herri-ahalduntzea: burujabetza, demokrazia eta justizia soziala” mahai-ingurua burutuko da eta amaiera emateko topaketetan eragile guztien artean adostutako manifestua aurkeztu eta irakurriko da.


 

 

Patronala prekarizazioan oinarritutako lan harremanen eredua ezartzen ari da

Pasadan irailaren 21ean langile batek bizi galdu zuen Urzainki herrian su-egurra lortzeko zuhaitz mozketa lanak egiten ari zela. Handik kilometro gutxira eta 40 minutu lehenago, zuhaitz mozketan ari zen beste langile batek istripu larria izan zuen Izabako herrian. LAB, beste sindikatu batzuekin batera, datorren astelehenean elkarretaratzea burutuko du Nafarroako Diputazioaren aurrean bi istripu hauen larritsuna salatzeko.

LABetik langilearen familia eta gertukoei, eta langileria osoari orokorrean, gure elkartasun eta babesa adierazi nahi diegu. Modu berean, langileriak pairatzen duen prekarietate eta ezbehar-tasa salatu nahi dugu.

Lan heriotz istripu honekin jasanik 37 dira Euskal Herrian aurten hildako langileak, horietatik 8 Nafarroan. Modu berean, gogoratu behar da, pasadan urtean 55 izan zirela lan istripuan hildako langileak.

Istripu honen eta lan istripu denen atzean, langileriaren lan baldintzak eta bizitza daude. Patronala prekarizazioan oinarritutako lan harremanen eredua ezartzen ari da; honek zuzen-zuzenean eragiten die langileen segurtasunari eta osasunari. Jakitun gara lan istripuak hainbat eta hainbat faktoreen ondorio direla, adibidez, lana prekarizatzearen, iraitziko zaituzten zalantzaren, lan erritmoak handitu izanaren, azpikontratatzeko katearen, gezurrezko autonomoen,… ondorio. Eragile hauek guztiek areagotzen dute lan istripuak pairatzeko arriskua.

LAB sindikatuak jakin badaki mobilizazioa eta borroka direla lan istripuekin eta hauek eragiten dituzten eragileekin amaitzeko eskuragarri dauzkagun baliabide bakarrak. Horrengatik, honen bidez deitzen dugu langileria osoa LABek, beste sindikatu batzuekin batera, egin duen ELKARRETARATZE deialdiarekin bat egin dezan (Elkarretaratzea IRAILAREN 26AN, ASTELEHENA, 12:00ETAN, NAFARROAKO ALDUNDIA AITZINEAN (Karlos III.) eginen da), nahiz istripu hau arbuiatzeko deituko diren bertze mobilizazioetan parte hartzera.