2025-12-29
Blog Page 989

Alexis eta Davidi elkartasuna adierazteko mozioa aurkeztuko dugu Busturialdea eta Lea Artibaiko enpresetan

LABeko delegatuek kontzentrazioa egin dute gaur Gernikako epaitegian Alexis eta Davidi euren elkartasuna erakusteko. TMAko langile ohiak dira biak, eta kartzela eskari gogorrei egin behar diete aurre mobilizazioetan parte hartu izanagatik.

Talleres Mecanicos Arakistain (TMA) enpresako langile ohiek, “BARRIRO BE EGINGO GEUNKE. ALEXIS ETA DAVID LIBRE!” dinamika aurkeztu berri dute. Duela 3 urte enpresa itxi eta kale gorrian utzi zituzten langileak eta orain euretako bi kartzelaratu nahi dituzte.

Hori dela eta, LABek beraien dinamikarekin bat egin asmoz eta Alexis eta Davidi gure elkartasuna helarazteko, Busturialdea eta Lea Artibaiko enpresatan komite eta delegatuak sinatzeko mozio bat aurkeztu dugu. Langile guztiokin konpartitu nahi dugu mozioa batez ere, azaroaren 27an Markinan egingo den manifestaziora deialdia luzatzeko.
 

 

 

LABek abian jarri du Osakidetzan iruzurrezko kontratazioa salatzeko kanpaina

0

LABek kanpaina berria jarri du martxan Osakidetzan, kasu honetan, ente publikoan modu orokorrean ematen den iruzurrezko kontratazio salatzeko asmoz. Osakidetzan kontratazio bolumena izugarria da, batez ere kontuan hartzen badugu behin-behinekotasun tasa erraldoia. Langile guztien herena baino gehiago behin-behienekoa da.

Bertako kontratazio politika bi hitzekin definituko genuke: irregulartasuna eta gardentasun eza.

Honako egoera guztiz onartezina da administrazio publikoan lan egiteko berdintasun, meritu eta ahalmen printzipioak bertan behera gelditzen direlako etengabe, egunero.

Kontratazioaren inguruan egiten diren irregulartasunak asko dira. Horregatik, kanpaina honek hiru fase izango ditu: lehenengo fase honetan jefaturen azpijokoen gainen ipiniko dugu lupa; urtarriletik aurrera kontratu moten erabilera maltzurra –berriki jaso dugun Europako ebazpenak jasotzen duena- salatuko dugu; eta azkenik, LAB sindikatuak kontratazio zuzena eta gardena egiteko daukan proposamena.

Kontratazioa iruzurra dela diogu, irregulartasunak modu orokorrean gertatzen direlako, egunero, modu masiboan. Ez dira hanka sartze puntualak edo akats sinpleak. Kontua haratago doa eta, beste batzuen artean, hauek dira kontratazioaren ajeak: Kontratazio Dekretu inposatua eta berdintasun printzipioa urratzen duena; kontratazio zerrenda espezifikoak; kontratazio zerrenda irregularrak; zerrendetan saltoak; zerrendarik ez erabiltzea; hizkuntza eskakizunak modu sistematikoan ez errespetatzea; gardentasun falta; kontrolerako mekanismorik ez…

Egoera honi begira jarriko dugu fokoa, eta arduradunak seinalatu ere: bide irregularrak irekitzen dituzten araudiak ezartzen dutenak; ez ikusiarena egiten duten Pertsonal Zuzendaritzak; euren gustuko langileak kontratatzeko eskatzen dituzten gainbegirale edota JUAPak; beren kabuz edo presiopean zerrendetan saltoak egiten dituzten pertsonal saileko langileak,…. zerrenda luzea da, zoritxarrez.

Kanpaina honekin lortu nahi ditugun helburuak hiru dira: Osakidetzan egiten den kontratazioaren desastrea ezagutarazi, lan baldintzak gehien prekarizatzen dituen faktorea delarik, alegia; langileok iruzurrezko kontratazioa salatzera animatzea; eta, azkenik, kalitatezko kontratazioa egiteko gure proposamena mahai gainean ipintzea.

 

 

 

Murrizketak eragindako galerak berreskuratzea exijitu dute EITBko langileek

0

2010ean Eusko Jaurlaritzak enpresa publikoetan ezarri zuen soldaten %5eko murrizketak eragindako galera guztiak berreskuratzea exijitu zuten atzo Eusko Irratiko langileek. Administrazio kontseiluaren bilera zela eta, EITBko langileok elkarretaratzea egin zuten EITBko Bilboko egoitzan Eusko Irratiko langile batzordeak deituta. Bertan idatzi bat banatu zien Administrazio kontseiluko kideei.

Eusko Irratiko Enpresa Batzordeen oharra
"Eusko Irratiko langileek protesta egin dute kendu dieten soldata osoa berreskuratzeko

2010ean Eusko Jaurlaritzak enpresa publikoetan ezarri zuen soldaten %5eko murrizketak eragindako galera guztiak berreskuratzea exijitu dute Eusko Irratiko langileek. Dagoeneko epaitegiek legez kontrakotzat jo dute eta murrizketa eten behar izan du EITBko zuzendaritzak. Hala ere, epaitegien erabakiaren atzera-eragina urtebetekoa izanik bakarrik, 2010etik epaia eman zen 2015eko otsailera arteko soldatak bahituta ditu oraindik Eusko Jaurlaritzak.

Administrazio kontseiluaren bilera dela eta, EITBko langileok elkarretaratzea egin dugu EITBko Bilboko egoitzan Eusko Irratiko langile batzordeak deituta. Hona hemen harreran banatu diegun testua.

EITBko Administrazio Kontseiluko presidente Andrea:

Idatzi honen bidez, Eusko Irratiko Zentro Arteko Batzordeak EITBko Administrazio Kontseilura jo nahi du, 2010garren urtean ezarri zitzaigun ehuneko 5aren auzian erakunde horrek onartu zuen ebazpena betearazteko neurriak har ditzan eskatzeko.

Joan den maiatzeko bileran, ondoko ebazpena onartu zuen Administrazio Kontseiluak:

«Administrazio Kontseiluak EITB Taldeko Zuzendaritza Orokorrari eskatzen dio onartu eta bete ditzala epaileen sententziak, 3/2010 Legea ezartzearen ondoriozko lansarien deskontuei buruzkoak, eta zaindu dezala lansarien oreka, EITB Taldeko langile guztien lansarien politiketako arrazoizkotasun printzipioak jarraituz.»

Eusko Irratiko eta EITBko beste sozietateetako enpresa batzordeek epaitegietara jo dugu. Auzitegi Konstituzionalak nulu eta baliogabekotzat jo zuen 2010eko murrizketa eta, ondorioz, zor zaizkigun atzerapenak eskatu ditugu. Eusko Irratiko kasuan iazko abuztura bitarteko ordaina agindu zitzaigun Euskadiko Auzitegi Nagusiaren aldetik, eta enpresak irailean ordaindu zuen.

Gauzak horrela, ikusten dugu bai aurreko urteetako atzerapenei dagokienez, eta baita beste sozietateetako egoerari dagokienez ere, indarrean segitzen duela EITBko langileen arteko diskriminazioak. ETBkoek bost urteko atzerapena jaso dute, EITBnetekoek urtebetekoa eta EITB-Erakundekoek (Entekoek) bat ere ez.

Alde horretatik, zera eskatzen diogu Administrazio Kontseiluari: maiatzeko ebazpenari jarraiki, agin diezaiola EITBko zuzendaritzari diskriminazio egoera hori konponduko duten kalte ordainak pagatzeko, 2010rako atzerako eraginez.

EUSKO IRRATIKO ENPRESA BATZORDEAK"

Bilbon, 2016ko urriaren 25ean

 

 

 

[BIDEOA] Prest gaude! #iruten

0

LAB Irakaskuntzako Aitziber Perez eta Ruben Iglesias kideek sindikatuak 2016/2017 ikasturterako dituen erronkak finkatzen ditu bideo honetan. Inposaketen gainetik alternatibarik badugulako, prest gaudelako.
 

 

 

Prekarietatearen kontrako borroka Mercedes-Benz-en

Mercedes-Benz lantegian LABeko delegatua den Alberto Txaskok langileek bizi duten prekarietatea azaltzen du bideo honetan. Besteak beste, 5.000 langile dituen enpresa honetan langilegoaren %40 behin-behinekoa da (2000 inguru) eta lan berdina egin arren 300-400€ gutxiago irabazten dute. Egoera honen aurrean LABek prekarietatearen aurkako dinamika bat darama aurrera Mercedes-Benz lantokian. 

 

 

 

Genevako Herrien Mobilizazio Astean ari da parte hartzen LAB

0
Herrien subirautza aldarrikatu eta transnazionalen boterea deuseztatzeko martxan jarri zen Kanpaina Orokorraren baitan, atzo ekin zioten Genevan (Suitza) Herrien Mobilizazio Asteari. LABentzat garrantzitsua da honelako borrokak gure egiteaz gain modu aktiboan parte hartzea. Horregatik sindikatuaren ordezkaritza bat Genevaraino gerturatu da eta Urtzi Ostolozagak hitza hartu du gaur. Hain zuzen ere ezinbesteko deritzogu gai hauei heldu eta transnazionalen botereari aurre eginez alternatibak eraikitzea.

LABen Batzorde Soziekonomikoko kide Urtzi Ostolozagak “langileen borrokak eta afektatuak: sindikatuak eta migranteen mugimenduak” tailerrean parte hartu du. Tailerraren helburuen artean dago mugimendu sindikal eta migrarien borrokak eta transnazionalen eragina jasan dutenen arteko harremanak eta estrategiak estutzea eta inpunitatearen arkitekturari aurre egiten dioten sektoreen konbergentzia.

Ostolozagak, migrazio mugimenduek Euskal Herrian izan duten eragina izan du hizpide, diskriminazio kasu zehatzak aipatuz, hala nola, Catalunyako Esfosakoa eta Nafarroako Volkswagenekoa. Europara bidean datozen errefuxiatuen egoera ere aipatu du, EB eta Turkiak egindako akordioa salatuz, besteak beste. Euskal Herrira begira, emakume migrariak bizi duten egoera latza ere aipatu ditu.

 

 

 

LABek ez du urriaren 26ko irakaskuntzako deialdiarekin bat egiten estatuko logikari erantzuten diolako

0

Gure bide propioari ekarpenik egin gabe, estatuko logikari erantzuten dio. Horregatik ez dugu deialdiarekin bat egiten. Egiari zor, nagusiki, bi bide daude: egungo egoera betikotzen jarraitzen uztea ala herri gisa hausnarketa komuna egin eta Euskal Herriko herritarren beharretara egokitzeko jarrera aktiboa izatea, prozesu independentista abiatzea, finean. Bestalde, jakitun gara hastapeneko urratsetan gaudela eta hauek ondo bideratu eta garatzea ezinbestekoa izango dela bide honek duen potentzialitate osoa aktibatu nahi badugu.

 

 

 

 

TTIP/CETAren aurkako azaroaren 5eko manifestaziorako motorrak berotzen

Udazken osoan zehar nazioarteko merkataritza libreko TTIP eta CETA hitzarmenen aurkako mobilizazioak ari dira antolatzen Europa osoan zehar. Euskal Herrian ekimen horiek puntu gorena azaroaren 5ean antolatu den mobilizazio egunen izango dute. Hain justu, egun hori girotu aldera Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak TTIP eta CETA hitzarmenen aurkako informazioa banaketa egin dugu gaur, hilak 25.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik argi utzi nahi izan dugu nazioarteko itun komertzial hauen kontra gaudela, bai Estatu Batuak eta Europaren arteko TTIPa, zein Canada eta Europaren arteko CETA zein OMCren TISAren kontra. Gure iritzi herritargoaren eskubideak kaltetuko dituzten itun komertzialak dira. Multinazionalek, beraien negozioa, merkatu askea eta konkurrentzia askearen logika gailentzea nahi dute eta horretarako eskubide sozial, laboral zein ingurugirokoak behetik homologatu nahi dituzte. Bestalde, azpimarratu behar dugu itun hauek guztiz antidemokratikoak direla, bai formen aldetik baita haien edukietan ere. Hain zuzen ere herritar eta herriei bizkar emanez egin dira eta elite txiki baten mesedea bilatzen dute soilik, gehiengo oso baten kaltetan.
 

 

 

Arrakastatsua izan da Artiach-Adams Foodeko langileen hirugarren lanuzte-eguna

0

Artiach-Adams Foodeko langileek modu masiboan jarraitu dituzte LAB, ELA, ESK eta CCOO sindikatuk deitutako lanuzteak. Mobilizazio hauekin lan istripuen aurrean enpresak duen jarrera salatu nahi izan dute langileek. Hau da, edozer gauza egiteko prest dago laneko istripuak agerian gera ez daitezen. Enpresa batzordearen ustez jarduera honekin babes sistema suntsitu eta gizarte segurantza paraleloa sortu nahi du.

Artiach-Adams Foodeko enpresa batzordearen oharra:

Artiach-Adams Foodeko langileek modu masiboan erantzun dituzte LAB, ELA, ESK eta CCOO sindikatuk deitutako lanuzteak. Mobilizazio hauen arrazoia, enpresa egiten ari den bigarren jarduera deritzona da.

Bigarren jarduera honek honakoan datza. Laneko istripu bat geratzen denean, hau jasan duten langileak etxera bidaltzen dira egun batzutan zehar, baina bajarik eman gabe. Edo bestela, mutualitatera jotzen dute eta behin han daudela, honek enpresara deitzen du lanpostu bat duten ikusteko (edo asmatu egiten dute) eta horrela bada, horretarako propio sortutako lanpostu batera bidaltzen dituzte. Edozein gauza bajadun laneko istripua ager ez dadin. Hau da, langileak puntuekin doaz lanera, igeltsoarekin, bendatuta, muletekin, ferulekin edo gai ez direla, eta euren ohiko lana egin ezin dutenez, beste ataza batzuk ezartzen zaizkie.

Enpresa Batzordearen ustez, Adams Foodek jarduera honekin nahi duena da egungo babes sistema suntsitzea eta gizarte segurantza sistema paraleloa sortzea. Sistema paralelo honetan, ez dira langileen osasunari egindako kalteak jasotzen eta bilatzen dena da baja eta sendatzea osasunaren araberakoa ez, enpresaren beharrizanen araberakoa izango den eredurantz jotzea.

Gaur Artiachen egindako lanuzteetan, langileek asanbladak egin dituzte. Hauetan, grebalariak jasatzen ari diren jazarpena salatu dute, enpresa zuzenean ari zaielako interpelatzen grebarik egin ez dezaten. Gainera, pasa den asteko lanuzteetan izandako irregulartasunak nabarmendu dituzte, Artiacheko zuzendaritzak ebentualekin ordezkatu zituelako grebalariak. Azkenik, botazioa egingo dute datorren ostegunean lanuzte gehiago egingo dituzten erabakitzeko.