2026-02-06
Blog Page 961

Pribatizazioen kontrako mobilizazioak egingo ditugu otsailaren 21ean

0

Osakidetzak jarraitzen du osasun-zerbitzuak pribatizatzen, eta gure osasun-sistema murrizten. Hori dela-eta, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok berriro hasiko gara mobilizazioak antolatzen, politika horren aurka. Izan ere, politika horrek gehiago begiratzen du interes pribatuengatik, herri-onuragatik baino.

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok iaz ere antolatu genituen mobilizazioak pribatizazioen kontra, batez ere Urdulizko Ospitalean. Mobilizazio horien artetik 2 orduko lanuztea egin zen Bizkaian. Orain berriro ekin behar diegu mobilizazioei, pribatizazio gehiagoren mehatxuen aurrean. Hau guztia iragartzeko agerraldia egin dugu gaur.

Osakidetzak pribatizazio berri hauek azaldu ditu: Urdulizko Ospitaleko lentzeria eta sukaldaritza, Lezako Ospitaleko garbikuntza-zerbitzua, informatika-zerbitzua kanpora ateratzea edo Eibarko Ospitalea ireki orduko zenbait zerbitzu kudeaketa pribatuaren esku uztea, besteak beste, errehabilitazioarena.

Osakidetzak pribatizazioaren estrategiari eusten dio. Eta sindikatuok egiaztapen bat azpimarratu nahi dugu: osasun-sistemak zenbat eta pribatizatuago egon, orduan eta desberdintasun handiagoa osasun-zerbitzuak eskuratzeko. Guk apustu egiten dugu ekitatearen alde; baina, horretarako, ezinbestekoa da gure osasun publikoa sendotzea.

Pribatizazioaren aldeko politika horrek 350 milioi euroko gastua dakarkio urtero Osakidetzari. Eta diru-kopuru hori handituz joango da pribatizazio berri bakoitzarekin. Sindikatuok salatzen dugu, gainera, sarri-sarri erabiltzen den argudioa, erabaki horiek jendaurrean zuritzeko: dirua modu eraginkorragoan erabiltzea. Gezurrezkoa da. Bakar- bakarrik garbiketa-zerbitzua pribatizatzeak 5.000 euroko gainkostua dakar, azpikontrataturiko langile bakoitzeko. Askotan eskatu ditugu txostenak, horrelako neurrien zergatiak argitzeko; baina Osasun sailburuak ez du inoiz egin nahi izan inolako azterlanik, ez ekonomiaren aldetik, ezta zerbitzuen kalitatearen aldetik, eraginak eta ondorioak ikusi ahal izateko.

Azpimarratu beharrekoa da, halaber, zerbitzu-mota guztiak pribatizatzen direla, baita zuzeneko osasun- arreta ere. Bereziki eskandaluzkoa iruditzen zaigu Tolosaldeko egoera, Euskal Autonomi Erkidegoan erreferentziako ospitale publikorik gabeko eskualde bakarra baita.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak eginak eta indarrean ditu akordioak sindikatuekin, non berariaz zerbitzurik pribatizatzeko edo kanpora ateratzeko debekua jasota dagoen, eta dauden azpikontratazioak lehengoratzeko azterketak egin beharra ere jasota dagoen. Sindikatuekin negoziatu nahi dutela esango dute, gero! Zertarako, baina, Osakidetzako Zuzendaritza ez bada gauza harturiko konpromisoak betetzeko? Zertarako akordioak egin, ez badute betetzeko asmorik?

Horregatik guztiagatik, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok mobilizazio-sorta berri bati ekingo diogu berriro. Hortaz, otsailaren 21ean, elkarretaratzeak egingo ditugu Osasun Sailaren Gasteiz, Bilbo eta Donostiako ordezkaritzen aurrean. Mobilizazioak gogortuz joango dira, Osakidetzak bere jarrera aldatzen ez duen bitartean. Haien esku dago gatazka hau bideratzea.
 

 

 

Hamar langiletatik zortzik lan baldintza prekarioak dituzte Zerbitzuen sektorean

Prekarietatearen aurkako borroka lehentasun bat da LABentzat. Ildo honetan, sindikatuak prekarietatearen aurkako elkarguneak antolatuko ditu datozen asteetan, Hego Euskal Herriko zenbait herritan, kapitalismoak ekarritako gaitzaren aurrean alternatibak daudela proposatzeko. Urrutira joan gabe, Gasteizen egokituko dugu lehen elkargunea ostiralean, eta 16:30etik aurrera hainbat jarduera egingo ditugu Andra Mari Zuriaren plazan. Prekarietatea oso errotuta dago Euskal Herrian, eta, herritarrek bertatik bertara pairatzen duten gai bat dela kontutan hartuta, LABek inkesta bat egin zuen iaz Zerbitzuen sektoreko 3.369 langileren artean. Une egokia da galdeketa horren emaitzak gogoratzeko, Ostiral Duinak izeneko dinamika Gasteizera iristear dagoenean.

“Zure lan baldintzak prekarioak direla esango zenuke?”, “Zertan nabaritzen duzu gehien prekarietatea?”, “1.200 euroko gutxieneko soldata eta asteko 35 orduak legez ezartzeak zure prekarizazio egoera arinduko luke”. Hauek dira iazko inkestan egindako galderetako batzuk. Bada, emaitza orokorrak ez du zalantzarako tarterik uzten: zerbitzuetko sektorean langileen %80k baldintza kaskarretan lan egiten duela onartu zuen. Galdetutako pertsonen %90, berriz, ondorengo neurriak ezartzearen alde agertu ziren prekarietatetik ateratzeko: gutxieneko soldata garbian 1.200 euro izatea; 35 orduko asteko lanaldia; sektoreko hitzarmenak berezkoak izatea eta erreformatik babestuak egotea; lanaldi partzialeko kontratazioak egin ahal izateko gutxieneko orduak ezartzea; enpleguaren egonkortasuna bermatzeko neurriak ahalbidetzea; eta Lan Ikuskaritzak lantokietan ematen diren benetako lan baldintzak eraginkortasunez kontrolatzea.

Prekarietatea soldatan nabaritzen duela gehien adierazi zuen gehiengoak (%34). Behin-behinekotasuna, ordutegiak, lanaldi partziala, lanaldia bera eta malgutasuna ere kokatu zituzten prekarietate egoeraren iturburu gisa.

Bestalde, zerbitzuen sektorean ez ezik, sektore publikoan ere inkesta egin genuen iaz, “Ba al dago prekarietaterik zerbitzu publikoetan?” galdera oinarri. 1.538 langilek erantzun zuten kasu honetan. Bada, inguruan lan baldintza prekarioak dauden ala ez galderari, inkesta egileen %86k baietz erantzun zuen. Beste emaitza esanguratsu bat, zalantzarik gabe.

Honela gauzak, alarma gorria piztu behar dugu gizartean, ezinbestean. Hortaz, Ostiral Duinek ekarriko dituzten elkarguneetra hurbiltzeko gonbitea luzatu nahi du LABek herritarren artean, denon eskubideen alde eragiteko. Gasteizen dugu aukera horretarako, ostiral honetan bertan.
 

 

 

Nafarroako Gobernuari eskatu diogu UPNren kontzertazio sozialeko eredua bazter dezala

ELAk eta LABek agerraldia egin dute gaur, eta bi sindikatuek galdegin dugu Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua desegiteko. Hain zuzen ere, berriro agertu dugu borondatea lan eta gizarte gaietan akordioetara iristeko. Hitzarmenen bidezko finantzaketa ezkutuaren eskandaluari dagokionez, ELAk eta LABek uste dugu, ezagutu diren informazio larrien ondorioz, Gobernuak ikerketa bat ireki beharko lukeela ardura politiko eta judizialak argitze aldera.

ELAk eta LABek UPNren kontzertazio sozialeko eredua bazter dezala exijitu diote gaur Nafarroako Gobernuari. Bi sindikatuek galdegin dute Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua desegiteko, eta berriro agertu dute borondatea lan eta gizarte gaietan akordioetara iristeko. Hitzarmenen bidezko finantzaketa ezkutuaren eskandaluari dagokionez, ELAk eta LABek uste dute ezagutu diren informazio larrien ondorioz Gobernuak ikerketa bat ireki beharko lukeela ardura politiko eta judizialak argitze aldera

ELAk eta LABek erabat arbuiatu dute Nafarroako Gobernuak, CEN patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek duela gutxi hartutako erabakia, hau da, Elkarrizketa Sozialeko Akordioa sinatzea atzera Enplegu Plana egiteko.

Bi sindikatuek uste dute erabaki horrek aldaketaren kontrako norabidea adierazten duela, praktikan UPNren gobernuek PSNren laguntzaz sortu zuten elkarrizketa sozialeko ereduari jarraipena ematen baitzaio.

Sinatu duten azken agiri honetan Gobernu berriak bere egiten ditu Sanz eta Barcinaren gobernu baztertzaile eta patronalzaleak hogei urtez inposatu zuen politika eta erretorika, eta ez ikusiarena egiten du elkarrizketa sozialaren emaitza bakarra patronalaren, UGTren eta CCOOen sare klientelarrak finantzatzea izan dela; kontrara, kontzertazio hori ez da inola ere baliagarri izan desberdintasunari aurre egiteko, aberastasuna banatzeko, enplegua gehitu eta hobetzeko, edota Nafarroako negoziazio kolektiboa defenditzeko. Aitzitik, nafar langileen lan eta bizi baldintzak okerragoak dira gaur, 1995ean elkarrizketa sozialaren “holdinga” eratu zenean baino.

Kezka bizia eragiten du Gobernuak 2016-2019 Enplegu Planari dagozkion ehundaka milioi euroren gaineko erabakiak hartzeko aukera ematea CEN, UGT eta CCOOri; horrela, exekutiboari berari eta Parlamentuari eginkizun bakarra geratzen zaio, erakunde horiek erabakitzen dutena onestea. Beraz, sindikatu horiek eta patronala beto eskubidea duen boterea bihurtzen dira, demokratikoki hautatutako parlamentukide eta kontseilarien gainetik.

ELAk eta LABek adierazi dute zeharo kezkatuta daudela Nafarroako Gobernuaren erabaki honekin; bi sindikatuok uste dugu erabakia dagoeneko hartuta zegoela aurkeztu zaigula. Elkarrizketa sozial honek ez dauka zerikusirik aldaketa politiko eta sozialarekin, ezta langile nafarrek zinez behar dituzten erabakiekin ere.

ELAk eta LABek ez dugu parte hartu Elkarrizketa Sozialeko Kontseiluaren moduko ekinbideetan, ez direlako eraginkorrak, ez dietelako benetako arazoei ekiten eta ustezko elkarrizketa bat irudikatzen duelako, praktikan lan erreformaren bidez prekarietatea bultzatzen duen patronalaren monologoa pairatzen dugun bitartean. Ez dugu uste zuzena denik lan eremuan behar ditugun -baina egiten ez diren- aldaketa politikak argazki batekin mozorrotu nahi izatea, zeinarekin Gobernuak saldu nahi duen “zerbait egiten” ari dela.

Bestalde, ELAk eta LABek Gobernuari eskatu diote espediente administratiboa ireki dezala, 1998 eta 2015 bitartean Enplegu Planetara bideratu diren ehundaka milioiak zertan erabili diren argitzeko eta beharrezkoa balitz bere itzulketa eskatzeko; izan ere, UGT, CCOO eta CEN finantzatzeko egin diren hitzarmenen inguruan ezagutu diren ebidentziek agerian uzten baitute irregulartasunek luze iraun dutela. Era berean, Gobernua sostengatzen duten talde parlamentarioei eskatzen diegu Ikerketa Batzordea sustatzea, erantzukizun politikoak argitzeko.

Azkenik, Gobernuari iragarri diogun bezala, ELAk eta LABek argi utzi nahi dute prest daudela, behin Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua desegiten denean, lan eta gizarte eremuan, eduki zehatzei buruzko akordioak negoziatzeko, lan harremanetarako marko propioa eratzeko bidean.
 

 

 

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta %8 igotzeko eskatu diogu Jaurlaritzari

Nafarroako Gobernuak jarrera zuzendu eta %8 igoko ditu alarguntza pentsioak, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata beste, hasieran Laparra Sailburuak honi uko egin arren. LABek berdina egitea eskatzen dio Jaurlaritzari, bere jarrera zuzendu eta Diru Sarrerak Bermatzeko errenta (DSBE) %8 igotzea, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata igo den neurrian, dagokion moduan eta legeak zehazten duen moduan.

Ematen du Urkulluren Gobernuari ez diola axola PPrekin itunak egiteak beharrizan larrienak dituztenak zigortzen jarraitzeko, horretarako legea bete gabe.

LABek berriro exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari jarrera zuzen dezala, %8ko igoera ezar diezaiola DSBE eta murrizketak ezartzeari utzi.
 

 

 

Elkartasuna adierazi diegu Hego Afrikako osasungintzako langileei

0

Osasungintzako langileen sindikatu nazionalak (NEHAWU) hurrengo otsailaren 10erako greba eta borroka egun bat deitu du Hego Afrikan, bertako langile klasearen eta, batez ere, Garapen Sozialerako Zerbitzu Publikoetako langileen lan baldintzen defentsan. LABetik, NEHAWU sindikatuari eta lan baldintza duinen alde Hego Afrikan borrokan ari den langile klaseari elkartasun mezu bat bidali nahi diegu.

Bertako gobernua austeritate neurriak aplikatzen ari da; NDZ-ak, Munduko Bankuak eta kalifikazio agentziek inposatutako neurri neoliberalak, hain zuzen ere. Hori gutxi ez balitz, langileek pairatzen dituzten jarrera oldarkorrak ere salatu nahi dituzte, azkenean gatazka batean eta hurrengo otsailaren 10eko greba deialdian gauzatu dena.

Zerbitzu sozialetako langileak soldatarik baxuenak dituztenak dira, garapen sozialerako zerbitzuak mantentzeko baldintza kaxkarretan lanean ari direlarik; sektoreko prekarietate tasarik altuenak pairatzen dituzten langileak dira. Horietariko asko pobre hartzen dute erretiroa eta pobre ere hil egiten dira zerbitzu hauetan urte luzez lanean aritu eta gero.

Hau guztiagatik, hurrengo otsailaren 10erako borroka egun nazional bat deitu dute honako aldarrikapenekin:

-Zerbitzu sozialetan lanean hasteko beharrezkoa den mailaren errebisioa, OSD-aren errebisio orokorra, landa eremuko asignazioa gehitzea

-Komertziorako beharrezkoak diren erremintak izatea, kaleratutako gizarte zerbitzuetako langileek berronarpen mugagabea

-Garapen sozialerako departamenduko langile guztien zerbitzu baldintzak hobetzea

-Indaba-k 2015an gizarte lanari buruz ateratako ondorioen aplikazioa

-Gizarte zerbitzuetako profesionalen Kontseilu profesionalaren babesa

Bada garaia NDF eta Munduko Bankuaren xantaiei ezetz esateko. Gobernuek herritarren zerbitzura egon behar dute eta ez kapitalismo baten zerbitzura, sistema honek nahi du aberatsak gero aberatsago izatea, eta pobreak oraindik eta pobreago; hau da, betikoek irabazten jarrai dezaten.
 

 

 

Diseinu-arazo larriak eta diru xahutzea, Urdulizko ospitalean

0

LAB sindikatutik salatzen dugu Osakidetzak oinarrizko zerbitzuak (lentzeria, sukaldea, elikadura eta ebakuntza geletako arropa zerbitzua) pribatizatu nahi dituela, baita salatzen dugu mantenuko lanak (GIROA) eta garbiketa zerbitzua (VILLAR) pribatizaturik daudela ospitalean martxan dagoenetik, lizitaziorik atera gabe.

Osakidetzaren webgunean esaten den bezala, “Osatek Osasun Sailaren menpeko Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoa da. 1992.ean jaio zen, eta sozio bakarra Osakidetza da”. Horrek esan nahi du Osateken kapitala publikoa dela eta gestioa pribatua. Are gehiago, Estatutuak birpasatzen baditugu 21 puntuak mozkin banaketa nola egin azaltzen du.

LAB sindikatutik salatzen dugu Osakidetzak oinarrizko zerbitzuak (lentzeria, sukaldea, elikadura eta ebakuntza geletako arropa zerbitzua) pribatizatu nahi dituela. Baita salatzen dugu mantenuko lanak (GIROA) eta garbiketa zerbitzua (VILLAR) lizitaziorik atera gabe, pribatizaturik daudela ospitalean martxan dagoenetik.

Era berean, gaur egungo Urdulizko ospitalaren erabilera salatzen dugu. Osakidetzako langileek 8:00etatik 15:00etara egiten dute lan. Osatek-ekoek 7:00etatik 22:00etara. Beraz, ospitaleak ematen duen arratsaldeko Zerbitzua pribatua da. Argi eta garbi gera dadila ez dugula dudan jartzen Osatekeko langileen lana, baizik eta Osakidetza-Osatekeko kudeatzaileena. Osasuna ez da negozioa.

Beste alde batetik, badakigu Urdulizko ospitalea inguratzen duen guztia ezkutua dela, nahiz eta Osakidetzari galderak egin, ez dugu erantzunik ezta informaziorik ere jasotzen. Zergatik atzeratu zen larrialdi zerbitzua? Esan zuten “medikuntza- materialak hornitzeko lehiaketan egondako atzerapenak” zirela arazoa. LABetik honakoa diogu:

Azaroaren 9an, EHAAko 212.alean, 900.000 euro inguruko lizitazio bat argitaratu zen, eguneko ospitale kirurgikoaren era kirurgia handi anbulatorioaren birmoldaketa egiteko. Orain jakin izan dugu larrialdietan ez zegoela erradiologia zerbitzurik eta korrika eta presaka abiatu dituztela aipaturiko zerbitzua jartzeko lanak. Kontsulta bat moldatu da X izpien zerbitzua jartzeko eta horrexegatik, lanek ez dituzte betetzen indarrean dauden araudiak (batez ere neurriei buruzkoak) zein langileen osasun arloko arauak eta LABek horrela jakinarazi dio Osakidetzari.

Ez al da lotsagarria, egin berri den ospitale batean halako dirutza (denon poltsikoetako milioi bat euro gutxienez) gastatzea birmoldaketa batean? Zelan da posible X izpien zerbitzuaz ahaztea? Non daude erantzukizunak? Zer dago honen atzean?
 

 

 

Elkarretaratzea egin dute gaur Laudioko Guardianen, zilarreztatze instalazioaren lekualdatzea dela eta

0

Enpresa atarian eging dute, eguerdiko txanda aldaketa aprobetxatuz, lanuzterik egin gabe. Guardianeko zuzendaritzak 2017ko uztailean zilarreztatze instalazioa ixteko asmoa jakinarazi zion Enpresa- batzordeari. Langileen kezka adierazi eta erabaki horrengatik eta zuzendaritza eramaten ari den norabidearengatik egin dute protesta.

Hauxe da Laudioko Guardianeko enpresa batzordeak gaur argitaratu duen oharra:

Abenduan, Guardianeko zuzendaritzak 2017ko uztailean zilarreztatze instalazioa ixteko asmoa jakinarazi zion Enpresa- batzordeari. Erabaki honek kezka sortarazi digu, kaleratzerik egongo ez dela eta eragindako pertsonak beste instalazio batzutan berkokatuko dituztela esan zaigun arren, ekoizpenaren galera garrantzitsua delako, errentagarria dena eta berarekin, ekoizpen lerro bat ixtea dakarrena.

Honek “float”-a eta haizetakoak soilik uzten dizkigu lerro produktibo bezala eta enpresak ematen dizkigun datuak ikusita, hauek onartu ez eta ontzat eman ez arren, zeintzuen arabera haizetakoena defizitarioa baita, erraza da ulertzea etorkizunari begira lanpostuen mantenurako dakarren arriskua.

Litekeena da egia izatea enpresaren asmoa ez dela inor kaleratzea, gutxienez orain, baina egia dena da Guardian lanpostuak kentzen ari dela, jubilazioa eta beste arrazoi batzurengatik ematen diren bajak estali gabe, aspaldian ez da kontrataziorik egiten, ezta absentzia luzeak ordezkartzeko ere, gero eta lan gehiago azpikontratatzen da, orain arte Guardianeko langileek egiten zituztenak. Guzti honek adierazi duena da enpresak piskanaka produkzioa piskanaka jaisteko asmoa duela eta horrekin batera, Laudioko lantokiko lanpostuak. Eta hori, batzuk sinitsi ez arren, arrisku nabarmena da lantokiaren etorkizunarentzat.

Horregatik, gure kezka adierazi eta erabaki honengatik eta Zuzendaritza eramaten ari den norabidearen aurrean protesta egiteko, LABek Enpresa-batzordeari proposatu zion enpresarekiko gaitzespena erakutsi eta mobilizazioaren bat egitea. Hau enpresa atarian egingo den mobilizazio batean zehaztu da, eguerdiko txanda aldaketa aprobetxatuz, lanuzterik egin gabe. Proposamen hau CCOO eta UGTk ere babestu dut. Hortaz, gaur egin dute langileek kontzentrazioa, 12:30etik 14:30etara, Aiala Vidrioko bihurgunearen ondoan.
 

 

 

Prekarietatearen aurkako dinamika Gasteizera iritsiko da ostiralean


LABek elkarguneak antolatuko ditu datozen asteetan, Ostiral Duinak ekimenaren baitan, kapitalismoak eragindako gaitzari aurre egiteko. Hainbat jarduera egingo ditugu Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazan, 16:30etik aurrera: lan osasunari buruzko ikastaro bat, aholkularitza mahai bat, pankarta tailer bat, Jai Egunetan Denok Jai tailerra, erakusketa bat borrokaren garrantziari buruz, aldarrikapen jolasak, ikus-entzunezkoak, prekarietatea gehien bultzatzen duten marken salaketa… Era berean, lan duinaren aldeko eta prekarietatearen aurkako mobilizazio batera deitu dugu, 19:00etarako.

Prekarietatearen aurkako lehen elkargunea Gasteizen egokituko dugu, ostiralean. Ondoren, leku hauetan gauzatuko dugu dinamika: Donostian, martxoaren 3an; Iruñean, martxoaren 17an; Bilbon, martxoaren 24an; Oarso Bidasoan, martxoaren 31n.

Hain zuzen ere, prekarietatea agenda politikoan sartzeko garaia da. Helburu horrekin, LABek elkarguneak antolatuko ditu Euskal Herriko hainbat herritan, lan prekarioa betetzen dutenek bildu eta esperientziak truka ditzaten, beti ere alternatibak daudela erakusteko asmoz. Dinamika honetan parte hartzera animatzen zaitugu, denon ekarpena beharrezkoa baita prekarietateari aurre egiteko.

Urratsak eman ditzaten eskatu behar diegu eragile politikoei. Honako hauek dira premiazkoenak:

. 1.200 euroko gutxiengo soldata bermatu
. Lanaren banaketa bultzatu, asteko lanaldi osoa 35 ordura murriztuta
. Bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatu, Madrildik etor daitezkeen erreformekiko
. Gutxiengo orduak ezarri, lanaldi partzialean kontratatzeko garaian
. Laneko ikuskaritzak kontrol eragingorra egitea enpresei

Prekarietateari aurre egiteko antolaketa, kontzientziazioa eta borroka beharrezkoak dira, kalean zein lantokitan. Gaur egun, lanposturen bat izateak ez du esan nahi prekarietaterik pairatuko ez dugunik. Euskal Herrian langile txiroak daude, lanpostu prekarioengatik hilabete amaierara iristen ez direnak.

Zerbitzuen sektorean egindako 3.369 inkesta anonimoen bidez, LABek egoera honetara ekarri gaituzten aldagai nagusiak aztertu ditu, eta emaitza latza da: langileen %80ek lan baldintza kaskarretan dihardutela adierazi dute, eta behin-behinekotasuna, soldata, malgutasuna, lanaldi mota eta lan ordutegiak aipatu dituzte prekarietatearen ardatz gisa.

Sistema kapitalistaren tresna bat da prekarietatea, gobernatzeko baliatu ohi du. Alarma gorria piztu behar dugu gizartean, ezinbestean. Hortaz, elkarguneetara hurbiltzeko gonbitea luzatzen dizugu, denon eskubideen alde eragiteko!

 

 

 

“Murrizketek horrela utzi gaituzte: biluzik eta pobreziara kateatuta”


Zenbait gizarte eragile eta sindikatu, LAB tartean, kalera irten dira Barakaldon, gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatzeko epearen irekierarekin batera. Astelehenean, lehen egunean, 1.554 familiak egin zuten eskabidea, sei ordu eskasetan. Bada, askok gutxienez apirilaren bukaera arte itxaron beharko dute hitzordua izan eta laguntza jasoko duten ala ez jakiteko.

Manifestariek Gizarte Ekintzaren egoitza eta Barakaldoko udaletxearen arteko ibilbidea egin zuten atzo, gizarte-larrialdietako laguntzak eskatzeko lehen egunean. Pankarta eskuetan izan zutenekin batera, zenbait ekintzailek biluzik eta kateatuta egin zuten bidea. "Murrizketek horrela utzi gaituzte: biluzik eta pobreziara kateatuta", salatu zuten.

Protesta eragile hauek deitu zuten: LAB, Barakaldoko Langabeen Batzarra, Barakaldoko Gazte Asanblada, Berri-Otxoak, Argitan, ELA, ESK eta STEILAS.