Garbiñe Aranburu izango da sindikatuko hirugarren idazkari nagusia, botoen %91,5eko babesarekin
Gaur hasi da sindikatuaren Biltzar Nagusia. "LAB 4.0 Gure garaia" lemarekin egin dena Gasteizko Europa Jauregian. Nazio Komite berrirako proposamenak biltzarkideen babes ia erabatekoa jaso du, %91,5ekoa hain zuzen ere. Ponentzia politiko sindikalak oso babes zabala izan du.
Eraiste agindua jaso ondoren arrisku bizian dagoen Errekaleosorreko ekimen autogestionarioa babestuz hasi dute Biltzarra.
Ondoren, nazioartetik etorritako delegazioak aurkeztu dituzte eta Kubako CTCko Milagro de la Caridad Pérez Caballerok agur internazionalista egin du.
Rafa Diez LABeko Idazkari Nagusi ohiaren hitzek hartu dute protagonismoa gero, El Duesoko kartzelatik bidalitako gutunarekin, Naike bere semeak irakurri duena. Diezek urte hauetan sindikatuak jarraitutako ildoa babestu du, orain arteko lantaldea egindako lanagatik zorionduz eta zuzendaritza hartuko duen ekipoari ongietorria emanez.
Ainhoa Etxaide Idazkari Nagusiaren eskutik etorri da sindikatuak 2012ko 8. Biltzar Nagusitik hona egindako bilanaren aurkezpena, Kudeaketa txostena azalpenarekin.
Aho batez onartu aipatu txostena. Krisi garaian kapitalismoaren oldarraldiari erantzuteaz gain, alternatibak plazaratu eta bere burua berrasmatzeko gai izan da sindikatua.
LAB indartsu dagoela adierazi du Etxaidek, inoizko ordezkaritza handienarekin, EAEko bigarren sindikatu bilakatuta, Nafarroan gero eta sendoago eta Ipar Euskal Herrian ere ordezkaritza zabalduz.
Esker onezko hitzak izan ditu Etxaidek urte gogor hauetan zuzendaritzan lagun izan dituen kideentzat, bere ondoko izan den Jabi Garnikarentzat aipamen berezi bat eginda.
Horretaz gain, sindikatua hemendik aurrera zuzenduko duen ekipo berriarentzat, Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyok gidatuko dutena, animozko hitzak izan ditu.
Nazio Komite berrirako proposamenak biltzarkideen babes ia erabatekoa jaso du, %91,5ekoa hain zuzen ere. Ponentzia politiko sindikalak oso babes zabala izan du.
Era berean, Biltzar Nagusiak bi ebazpen onartu du. Gatazkaren konponbidearen ingurukoa bata eta migrarien ingurukoa bestea.
Momentu honetan antolakuntza ponentziari egindako emendakinak eztabaidatzen ari da Biltzar Nagusia.
Bihar amaituko du LABek bere Biltzar Nagusia, Ainhoa Etxaide idazkari nagusi ohiaren agurrarekin eta Garbiñe Aranburu idazkari nagusi berriaren hitzartzearekin. Bertan aurkeztuko da datozen bost urteotan sindikatua zuzenduko duen Nazio Komite berria.
500 biltzarkide, nazioarteko 34 ordezkaritza eta Euskal Herriko hainbat gonbidaturen presentzia izan ditu gaurkoak. ELA, ESK, STEILAS eta EHNE sindikatuetako ordezkariak eta Sortu, Ernai, Sare eta Bilgune Feministako kideak, besteak beste.
Aho batez onartu da Ainhoa Etxaidek aurkeztutako azken bost urteetako balantzea #LABgureGaraia
Aho batez onartu da Ainhoa Etxaide LABeko Idazkari Nagusiak aurkeztu duen 2012-2017 urte arteko bilana jasotzen duen Kudeaketa txostena, gaur abiatu den sindikatuaren 9. Biltzar Nagusian. Krisi garaian kapitalismoaren oldarraldiari erantzuteaz gain, alternatibak plazaratu eta bere burua berrasmatzeko gai izan da sindikatua.
LAB indartsu dagoela adierazi du Etxaidek, inoizko ordezkaritza handienarekin, EAEko bigarren sindikatu bilakatuta, Nafarroan gero eta sendoago eta Ipar Euskal Herrian ere ordezkaritza zabalduz.
Esker onezko hitzak izan ditu Etxaidek urte gogor hauetan zuzendaritzan lagun izan dituen kideentzat, bere ondoko izan den Jabi Garnikarentzat aipamen berezi bat eginda.
Horretaz gain, sindikatua hemendik aurrera zuzenduko duen ekipo berriarentzat, Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyok gidatuko dutena, animozko hitzak izan ditu.
Rafa ere gurekin da 9. Biltzar Nagusian #LABgureGaraia
Rafa Diez ere LABeko kideokin egon nahi izan du 9. Biltzar Nagusian. Bere semeak, Naike Diez-ek, El Dueso espetxetik igorritako gutuna irakurri du. Gutunean irteten den zuzendaritzak emandako guztia eskertzeaz gain, datorrenari indarrak bidali dizkie. Txalo zaparrada handi batekin jaso dute Biltzarkide guztiek Rafaren gutuna.
RAFAren GUTUNA
"Kaixo lagunok!
Lehenik eta behin jaso ezazue hor zaudeten guztiok besarkada bero bana. Nire itxaropena hor egotea izan bada ere, berriro espetxetik behartzen naute mezu txiki hau helaraztea.
Duela bederatzi urte Barakaldoko Kongresuan lekukoa eman nion Ainhoari eta, gaur, Ainhoak Garbiñeri pasatuko dio. Tarte horren gehiena espetxean igaro arren gertutik jarraitu dut sindikatuaren jarduera eta gertutik sentitu ere zuen babesa. Ekitaldiak, bisitak edo gutunen bitartez erakutsitako elkartasun keinuek indarra eman didate espetxealdiari aurre egiteko. Beraz, mila esker bihotzez zuen babesagatik.
Urte hauetan, LAB lurralde guztietan langileen konfiantza handituz joan da. Neoliberalismoaren erasoaldiak sindikalismoaren jarduerari min egin dion arren, hor egon zarete Euskal Herriko langileriak dituen borroka txikietan zein orokorretan klase botereaz borrokatuz. Zentzu horretan jaio ginenak oso harro egon behar gara gure sindikatuak egindako lana eta ekarpenaz. Nire aburuz, gauza askoren aitzindaria izan gara eta, lan txinaurria baliatuz, legitimazioa apurka-apurka lortzen joan gara. Nioen bezala gauza askotan asmatu eta aitzindaritza eraman dugu:
Lehena eta zentrala Sindikatuaren izaera izan da. Klaseko sindikatu abertzale izateaz gain sindikatu soziopolitikoa garela hasieratik argi geneukan. Beti genion klase borroka ez zela bukatzen enpresa baten hormetan, klase borrokaren profila eta dimentsioa eredu sozioekonomikoarekin lotuta zegoelako, aldaketa politikoarekin lotuta zegoelako hain zuzen ere. Hortik zetorren kontrabotere lana ere. Eta kapitalismoaren bilakaera ikusita, izaera horretan erabat asmatu dugula esan dezakegu.
Badaude LABen aitzindaritza nabarmena izan den beste eremuak, besteak beste: Emakumeen aldeko borrokan bideak ireki genituen gure egituretatik hasita, Euskararekiko LAB sindikatua izan da barruan zein langile mugimenduan euskara zabaltzeko urrats esanguratsuak eman zituen eta dituena, izaera nazionalarekiko LAB da egitura nazionala daukan sindikatu bakarra edo belaunaldi berriei lekurik utzi zien lehen sindikatua izan gara.
Beraz, LABek gaitasuna erakutsi du eredu propioa egokitu eta berritzen joateko. Orain arte horrela izan da eta aurrera begira, testuingurua oso aldakorra bada ere, horrela izango da. Hori dela eta, gogoratu nahi nituzke bide horretan sindikatuari ekarpen handiak eman eta egun gurekin ez ditugunak: Joselu Cereceda, Manu Aranburu, Felix “Neron”, Elkoroiribe, Alberto Pelaez, Jon Solagurenbeaskoa, Igor Urrutikoetxea, Periko, Idigoras… ziur izan dauden tokian daudela, oso harro izango direla egungo LAB ikusten.
Hau esanda, egoerari buruzko aipamen txiki bat helarazi nahi dizuet. Ezker Abertzalearen aldaketa estrategikoak fase berria ireki du Euskal Estatuaren aldeko borrokari aukera berriak eskainiz. Fase eta erronka berriek tresna berriak behar dituzte. Gaur egun, nire ustez, aldaketa politiko eta sozialaren alde indar asko artikulatuak dira, baina hauek nahiko sakabanaturik daude. Integrazio gutxi dagoelarik, palanka berriak behar ditugu ilusio kolektiboari bideak eraikitzeko.
Aldaketa egiteko orduan, etor daitekeen eszenatoki berri baten aurrean, badago elementu bat etsaiek ondo erabiltzen dutena: beldurra. Agintari batek zioen: “es terrible que el pueblo pierda el miedo”. Hori da egin beharrekoa, euskal langileriak konfiantza eta ilusioa behar du aldaketari begira “beldurra” gal dezan.
Bueno lagunok, Kongresu honetan Ainhoa eta Jabik ardurak uzten dituzte, Garbiñe eta Igorrek erreferentzi nagusi horiek hartuz. Etapa emankorra gidatu dute Jabi eta Ainhoak urte hauetan zehar, beste kide guztiekin batera. Eta ziur naiz lankide berriek ondo beteko dutela aurrean jartzen zaien erronka, baita sindikatu osoak ere. Denok, norbanako guztiek osatzen baitugu LAB.
El Duesotik, baina bihotza eta burua zuekin izanda, animoak eta aurrera GORA LAB, GORA EUSKAL LANGILERIA!"
Kapitalismoaren aurrean alternatibak badaudela erakutsi dute Nazioarteko Mintegian
Nazioarteko Mintegi bat antolatu du gaur LABek, Gasteizko Europa jauregian, sindikatuaren 9. Biltzar Nagusiaren bezperan. Goizean, kapitalismoari aurre egiteko alternatibak izan dituzte hizpide; arratsaldean, berriz, sindikalgintzak transnazionalen aurrean zein paper jokatu behar duen zehaztu dute.
Sortuko kide Jone Etxeberria (Euskal Herria), Mandate sindikatuko idazkari nagusi John Douglas (Irlanda) eta Central de Trabajadores de Cubako kide Milagro de la Caridad Pérez Caballero (Kuba) izan dira goizeko hizlariak. EH Bilduko eurolegebiltzarkide Josu Juaristik (Euskal Herria), nazioarteko ekonomia harremanetan aditu Alejandro Teitelbaumek (Argentina) eta Transnational Institute erakundeko Mónica Vargasek (Bolivia) hartu dute hitza arratsaldean.
Hizlariek bat egin dute elkarlanaren beharrean. Etxeberriaren hitzetan, indar politikoak, sindikatuak eta jendarte antolatua elkartuz gero, alternatibak eraiki daitezke. Hori bai, bere hitzetan, “alternatiban sinetsi behar da, baina, sinetsi aurretik, alternatiba horrek sendoa behar du izan”.
Milagro de la Caridad Pérez Caballerok garbi du: “Batzen gaituena indartu behar dugu, desberdintzen gaituena alde batera utzita”.
John Douglasek Irlandako datuak eman ditu adibide gisa, egoeraren larritasunaren jabe izateko. Esan du 16.000 aberats zeudela herrialdean 2008. urtean eta 92.000 aberats, 2016an: “Sistema euren zerbitzura dagoela islatzen du honek”.
Mónica Vargas Herrien Nazioarteko Itunaz aritu da, eta transnazionalen gaineko kontrola egiteko neurri lotesleak ari direla proposatzen eta jasotzen jakinarazi du: “Gure eskubideak jaso behar ditugu, herriei dagozkien eskubideak”.
Josu Juaristik TTIP eta CETA gisako itunen arriskuaz ohartarazi du, datozen urteetako bizitzaren estandarrak finkatuko dituztelakoan: “Orain da momentua itun hauen aurka egiteko, eta elkarlana ezinbestekoa da bide horretan”.
Alejandro Teitelbaumek transnazionalen definizioa egin du: “Egungo sistema kapitalista inperialista eta esplotatzailearen muina dira transnazionalak”. Horren aurrean, ezinbestekotzak jo du borrokari ikuspegi sozialista bat ematea.
Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko zerrenda irekieran irregulartasunak salatu ditugu
Berriki, Aldi baterako enplegurako zerrenda subsidiarioak osatzeko epea ireki da Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundean (GOFE). Ulertzen dugu honetan irregulartasun serioak egin direla eta ondorioz, honakoa jakinarazi nahi du LABek:
Ariketa propagandistiko manipulatzailea eginez, GOFEko EAJko kudeatzaileak komunikabideetan argiratu zuten albistea aldebakarrez ezarritako mugei buruzko, bidegabeak zirenak gainera, inolako aipamenik egin barik. Muga hauek balizko hautagai gehienak kanpoan uzten zituzten. Gezurretako inpresio bat sortzen zen jendartearen zati handi bati lanpostuak eskaintzen ari zitzaiola adieraziz, administrazioan lan egiteko itxaropena horrenbesteko beharra dagoen garaiotan, horrela ez zenean.
Ez da horrela, komunikabideetan kontatu ez zutelako lanpostu horietan parte hartzeko aurretik GOFEn lanean aritu izana eskatzen zelako. Horregatik, hautagai gehienak kanpoan geratzen dira modu ilegalean.
Eta modu ilegalean diogu, azaroaren 18ko 2009/46 agindu foralak zehazki esaten du zerrenda hauetara sartu ahalko dela nahi duen eta beharrezko titulazioa duen oro, deialdi honek eragozten duen zerbait, administrazio honetan lan egin izana ere exijitzen duelako. Horregatik, legea urratzen dute horren jakitun izanda.
Eta horren jakitun izanda diogu LABetik, nola jokatu behar zuten jakinarazi zigutenean, eskaria bidali genion Maria Antonia Olabarrieta Ahaldunari, hau berau jakinaraziz eta denboraz konpontzea eskatuz, epaile batek bertan behera uztea gertatu ahal izanda, kalte gehiago ekiditeko.
Eta kalte handiagoez ohartarazten dugu behartuta gaudelako, etika, printzipio sindikal eta justiziagatik, epaitegietara jotzera boterekeria hau konpontzeko eta EAJ GOFEn egiten ari den kudeaketa honen aurrean kokoteraino gaudela adierazteko.
Era berean eskatuko dugu, interesa duen pertsona orok –aurretiko esperiantziarik izan ez arren- zerrendetan sartzeko eskaria egin dezala, bere eskubidea delako eta hau errespeta diezaioten borrokatuko garelako.
Ez dira eraginkorrak izaten ari, Arabako zerbitzu sozialek inertziaz funtzionatzen dute, osatzen dituzten profeisonalek euren egitekoa egiten dutelako. Baina hortik aurrera dena dago geldituta. Ez dugu uste zuzendaritza mailako erabakiak aurrera eramateko gai direnik, edo edozein prozesu gauzatzeko ere. Geldirik daude, ez dute ezer konpontzen.
Saldu egin gaituzte, Administrazio honetan mugitu eta enplegua sortzen dutela sinestarazi dizuete, baina lantegian tximiniatik ateratzen dena baino ez dago: kea.
Nazioarteko mintegi bat egingo dugu bihar, 9. Biltzar Nagusiaren bezperan
Maiatzaren 25 eta 26an, LABek 9. Biltzar Nagusia gauzatuko du Gasteizko Europa jauregian, “LAB 4.0 Gure Garaia” lelopean. Biltzar Nagusiarekin batera, Nazioarteko Konferentzia egingo dugu ostegunean, Europa jauregian bertan. Bada, hitzordu hauen guztien bezperan, "Herrien garaia. Una mirada sindical internacional" solasaldia egingo dugu asteazkenean, Europa jauregian ere. Euskal Herriko, Irlandako, Kubako, Argentinako eta Boliviako hizlariak izango ditugu.
Maiatzaren 25 eta 26an, LABek 9. Biltzar Nagusia gauzatuko du Gasteizko Europa jauregian, “LAB 4.0 Gure Garaia” lelopean. Biltzar Nagusian eztabaidagai izango ditugun bi ponentziak urtarrilaren 19an aurkeztu genituen hedabideen aurrean. Egun horretan hasiera eman genion prozesu kongresualari, eta, geroztik, eskualdez eskualde aurkezpenak eta eztabaidak egin ditugu, baita ekarpenak eta emendakinak jaso ere.
Ponentzia politiko-sindikalean zein antolakuntza ponentzian jasotzen dira datozen bost urteetan LAB sindikatuaren ildo sindikala markatuko duten erronka eta erabaki nagusiak zeintzuk izango diren. Eztabaidagai nagusi horietan sakondu eta gogoeta prozesua aberasteko asmoz, solasaldi ziklo bat egin dugu hilabeteotan sindikatuaren lerroan zentralitatea izango duten gaiak jorratzeko. Bada, solasaldi ziklo horren azken hitzordua bihar izango da, Europa jauregian bertan, Biltzar Nagusiaren bezperan, “Herrien garaia. Una mirada sindical internacional” leloarekin. Hain justu, Biltzar Nagusiarekin batera, Nazioarteko Konferentzia egingo dugu ostegunean Europa jauregian bertan. Hortaz, nazioartera begira jarriko gara bihartik bertatik.
Goizean, 10:30ean, Sortuko kide Jone Etxeberriak (Euskal Herria), Mandate sindikatuko idazkari nagusi John Douglasek (Irlanda) eta Central de Trabajadores de Cubako kide Milagro de la Caridad Pérez Caballero (Kuba) hizlariek “Kapitalismoari alternatibak munduan” solasaldia egingo dute.
Arratsaldean, 16:00etan, EH Bilduko eurolegebiltzarkide Josu Juaristik (Euskal Herria), nazioarteko ekonomia harremanetan aditu Alejandro Teitelbaumek (Argentina) eta Transnational Institute erakundeko ikertzaile Mónica Vargasek (Bolivia) “Sindikalgintzaren papera transnazionalen diktaduraren aurrean” solasaldiari ekingo diote.
Oso jarraipen zabala izan du, berriro ere, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan deitutako grebak
Martxoaren 22 eta maiatzaren 16 eta 20ko greba eta mobilizazioei jarraipena emanez, gaur ere milaka langilek egin dute bat Euskal Autonomia Erkidegoan deitutako greba deialdiarekin eta kalera irten dira murrizketa politikak alde batera utzi, lan-baldintzak hobetu eta pertsonen eta jendartearen garapen integrala lehentasun izango duen hezkuntza publikoa aldarrikatzera, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek deituta.
Aurreko greba deialdietan bezala, ia 28.000 langile unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoan (irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile) eta 1.200dik gora langile Haurreskolak Partzuergoan deiturik zeuden gaurkoan grebara.
Aurreko deialdien pare, grebak oso jarraipen zabala izan du lurralde eta eskualde guztietan eta grebara deituriko kolektibo ezberdinetan. Martxoaren 22 eta maiatzaren 16 eta 20ko greba eta mobilizazioei jarraipena emanez, langileen erabateko gehiengoak bat egin du deialdian jasoriko eskaera eta aldarrikapenekin.

Hezkuntza inbertsioa, plantilak eta baliabideak handitzea eskatzen dugu. Onartezinak diren behin- behinekotasun mailak murriztea. Gelako ikasle kopurua murriztea. Soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan… ezarritako murrizketak alde batera uztea. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortu dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea. LOMCE eta Heziberri bertan behera uztea. Eta hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazio eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea.
Hezkuntza Sailburuak eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak diotenaren kontrako bidean, milaka langile, ikasle, familiek bere egiten dituzten aldarrikapenek hezkuntza sistemaren diagnostiko larri bati erantzuten die eta premia larrienei irtenbideak eskaintzen dizkiete. Beraz, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, orain arteko jarrera alde batera utzi eta egoera honi irtenbidea emango dien proposamen zehatzak mahai gainean jar ditzala grebara deiturik dauden kolektibo ezberdinetan.

