2025-12-31
Blog Page 957

Bizkaiko Larrialdietako Osasun Garraio Sareko langileek greba mugagabea hasiko dute

Enpresa-batzordea osatzen duten sindikatuek (LSB-USO, ESK, LAB eta ELA) “SOS DEIAK 112” eta “Osakidetza Emergentziak”-eko Larrialdietako Osasun Garraio Sarean emakidadun nagusiko langileok pairatzen ari garen egoera latza salatu dute. Langileak baztertuta sentitzen dira, eta ezinezkoa zaie kalitatez jardutea. Horregatik, eta egoera aldatu asmoz, otsailaren 6tik aurrera, greba mugagabea abiatzea erabaki dute.

Zerbitzu hau “Larrialdiak” eta “EULEN Sociosanitarios” enpresek osatzen duten Aldi Baterako Enpresa Elkarteak (ABEE) eskaintzen du. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eskaintza merkeena egiten duen enpresari ematen dio larrialdietako anbulantzien esleipena. Beraz, ez du inolako garrantzirik langileon lan-baldintzak nolakoak diren. Gizartearentzat garrantzi handiko zerbitzua izanda, baloratzekoa izan beharko litzateke medio ekonomikoetatik haratago, arriskuan dagoenari arretaz zaintzea. Baina badirudi horrek ez duela garrantzi handirik Eusko Jaurlaritzarentzat.

Egoera honen aurrean langileok baztertuta sentitzen gara, eta ezinezkoa egiten zaigu kalitatez jardutea honako baldintzetan: istripu eta kalte larriak eragin dezaketen tresnak, 10 gradutara dauden lantokiak, eta abar. Gainera, Aldi Baterako Enpresa Elkarteak ez du inolako neurririk hartu nahi lan baldintzak hobetzeko. Horrez gain, ezagutu ditugunen artean txarrena da langileen kudeaketen. Horren adibide da lan egutegiak ia egunero aldatzen direla. Behin-behineko langileak marjinatzen dituzte, lan-baldintza txarrenak haientzat baitira: txanda aldaketak debekatzen dizkiete, 26 egun lan egiten dute hilabetero kaleratze mehatxu pean eta %60ko soldata bakarrik jasotzen dute praktiketako kontratuen bidez, Bizkaiko Lan-Hitzarmena hautsiz. Horrez gain, 48 orduko lanaldi ugari eman dira, ez direlako langileak kontratatzen bajak eta oporrak betetzeko. Hau guztia gutxi balitz, egutegi berri bat inposatu nahi digute, besteak beste, gutxienez hiru asteburu hilabetero lan egiteko. Hortaz, ezinezkoa izango litzateke familia eta lan bizitza bateratzea. Nazkatuta gaude jada!

Diruaren ingurukoak ere badaude: EULEN-Larrialdiak ABEEk garrantzizko diru-zorra du bere langileekin, gaizki ordaindutako soldatak eta osagarriak. Gainera, egoera honen larritasuna areagotuz joan da. Koordinazio eta Zuzendaritza talde baten eskaerekin batera jarraitutako praktika eta mehatxuekin bihurtu den kontzesionario honetako plantilla etsipen absolutuenean aurki dadila lortu dute. Ezarritako opor-aldiaren gozamenerako eskubidea ukatzen ari dira, baita lanerako eta atsedenerako eskubideak.

Gainera Osasun sailak, irregulartasun guzti honen jakinaren gainean dagoenez, badauka zer esana bidegabekeria eta enpresa honekin hitzartuta duen kontratua ez betetzearen aurrean. Enpresa honek ez baitu inongo eskrupulurik larrialdi eta emergentzietako osasun garraioetan lan egiten duten profesionalak egoera zapalduenetan lan egitera behartzeko eta, gainera, zerbitzuen kalitate maila arriskuan jartzen dute, baliabide material zein langile faltaren ondorioz.

Egoera honen aurrean, 2014ko LOGS Larrialdiak-Eulen ABEE Euskadi enpresa batzordeko sindikatuek greba mugagabea abiatuko dugu Bizkaian, 2017ko otsailaren 6tik aurrera.

Azkenik, manifestazio deialdia egiten dugu, gaur goizeko 12etan Osasun sailetik eusko jaurlaritzararte. Langileen baldintza duinen defentsan eta kalitatezko zerbitzu publikoaren defentsan.

 

 

 

Cristina Uriartek La Milagrosako hezkuntza proiektuaren eraistearen alde egiten duela salatzen dugu

La Milagrosa hezkuntza proiektua ixtearen berria izan genuenetik 19 egun betetzen direnean, Hezkuntza Sailburuak behingoz argi esan du zein den hezkuntza proiekturako daukan proposamena: ikasleak ikastetxe ezberdinetan banatu La Milagrosako hezkuntza proiektua eraitsiz. LABek gogorki salatzen du erabaki hau eta Hezkuntza Sailari exigitzen dio La Milagrosako hezkuntza proiektua bere osotasunean manten dezala.

Urteetan zehar Barakaldoko herrian integratzaile eta kohesiorako balio izan duen hezkuntza proiektua desagertuko da politikarien utzikeriarengatik. Politika herriaren alde jarri beharrean, beste behin ere, ekonomiaren mesedetan jarriko dute. Zergatik ez du egin Hezkuntza Sailak ez du ikaslez beteta dagoen hezkuntza proiektu honen alde? Ondo azaldu beharko dute.

Legez, Hezkuntza Sailak haur guztien eskolaratzea bermatu behar du. Eta moralki? Argi daukagu, ez dago inolako borondaterik.

Horretaz gain, familiak euren inguru naturaletik atera beharko dira, Barakaldo punta batetik bestera zeharkatuz honek dakarren deserrotzearekin.

Beste alde batetik, Rontegi ikastetxeak jaso al dezake horrenbeste ikasle? Gaur egun, txandak egiten dituzte Rontegi ikastetxean jantokiko orduan eta azpiegitura aldetik kolapsatu egin daiteke. Gainera, Cristina Uriartek pentsatu al du zer nolako eragina eduki dezakeen Rontegi Ikastetxeko Hezkuntza proiektuan lerro oso bat txertatuz gero? Aurreko lau urteetan bezala, inprobisazioaren maixua da; LOMCE, 3. eta 6. mailako frogak edo liburu mailegua kasu. Irtenbide bat proposatzen du, gauzaezina dela aldez aurretik jakinda.

Aipatutako guztiarengatik, LABek Hezkuntza Sailari bere gain ardura har dezala eta La Milagrosako hezkuntza proiektua bere osotasunean manten dezala exijitzen dio, familiak eta langileak.

 

 

 

Borrokari esker, hitzarmen duina lortu dugu Maderas Mejoradas Industrialen

0

Ia bi hilabeteko borrokaren ondoren, Maderas Mejoradas Industrialeko langileek hitzarmena sinatzeko aurreakordioa lortu dute. Bi hilabete gogor izan dira baina borrokak merezi izan duela argi dago, izan ere, hitzarmen duin eta txukuna lortu baita.

Beste lorpen askoren artean azpimarratu behar da bi urteko hitzarmena dela, ultraaktibitate mugagabearekin; 2016 eta 2017rako, urte bakoitzerako %1,9ko soldata igoera zehazten dela; Lizentzietan hobekuntza batzuk izango direla; gertakari arruntak gizarte segurantzarekin gestionatzeko konpromisoa hartzen dela eta hurrengo hitzarmenean lanaldia aztertzeko konpromisoa jasotzen dela.

Borrokak merezi izan du, horri esker lortu dira hobenkuntzak langileen eskubideetan.

 

 

 

Iñaki Montes eta beste bi auziperatuek libre egon behar dutela eskatuz mobilizatu gara


2014ko martxoaren 3an atxilotu zuten Iñaki Montes basauriarra, JEZ enpresako delegatua, beste kide batzuekin batera, Troikaren bisitaren harira antolatu ziren protestetan. Gaur epaitu dituzte, azaroan egindako saioa gaurko egunera atzeratu ondoren. Fiskalak 5 urteko kartzela zigorra eta 200.000 eurotako isuna eskatzen du euretako bakoitzarentzat. LABek, auziperatuei babesa erakutsi eta euren askatasuna eskatuz elkarretaratzea egin du.

Agapito Valle, LABeko Aiaraldeko industria federazioko arduradunaren hitzetan “botere judizialak begiak itxi edo zigor oso txikiak jartzen dizkie jendartearen gehiagoaren aurkako erabakiak hartzen dituzte pribilegiodun gutxi batzuei”, et aldiz, “injustiziari aurre egitera ausartzen diren horiek jazarri eta kondenatzen ditu”.

“Ez dugu onartuko protesta zigortzerik”. LABetik hiru pertsona hauen askatasuna exijitzen dugu, inoiz ez ziren epaituak izan behar. Sinikatuaren iritziz benetako erantzuleak, jendartearen egoeraren aurkako erabakiak hartzen dituzten horiek dira.

 

 

 

Bertan behera utzi dugu BSH Ezkirotzeko greba, helburuak bete eta akordio bat lortu ondoren

0

BSHko langileek asanblada egin dute. Bertan, LABek osatutako greba batzordeak eta enpresaren zuzendaritzak lortutako akordioa berretsi dute. Greba mugagabean zeuden BSHko langileak, urtarrilaren 9tik, lekualdatzearen akordioagatik, zegozkien kategoria profesionalak ezartzea eskatzen zutelarik. Prozesu luze baten ondoren, iritsi da zuzendaritza eta greba-batzordearen arteko akordioa. Tailerreko langileek grebarekin bat egin dute erabat, duintasun erakustaldia emanez.

Akordioak suposatzen du enpresaren zuzendaritzak bere osotasunean onartzen duela greba deitzearen arrazoia, hau da, Ezkirotzeko gainontzeko lankideen kategoria profesional baliokideak aitortzea.

Nabarmendu beharrekoa da baita, enpresak negoziazio prozesuan zehar BSHko batzordeak eskatutako beste hiru soldata-kontzeptuak ordaintzeko konpromisoa hartu duela, enpresak zorretan zituenak.
 

 

 

Kalera irten gara, Garoña betirako itxi dezaten eskatzeko

0


Garoñaren Kontrako Foroak elkarretaratzeak egin ditu, gaur, Bilbon eta Gasteizen. Foroa osatzen duten eragileen artean dago LAB, eta, beste zenbait eragilerekin batera, beste energia eredu bat posible dela nabarmendu dugu, zentral nuklearra betirako ixtea lehentasun bat izan behar duela aldarrikatu ere.

Herritarrak kalera irten dira gaur, Garoña berriz irekitzeko asmoa dela-eta. Elkarretaratzeak egin dituzte Gasteizen eta Bilbon –irudian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean–, Garoñako Kontrako Foroak deituta. "Eredu energetiko berri bat nahi dugu: burujabea, demokratikoa eta garbia", adierazi dute.
 

 

 

Prekarietatearen aurkako borroka izango dugu ardatz Gipuzkoako Nagusien Egoitzetako hitzarmenaren negoziazioan


Gipuzkoako Helduen Egoitzetako hitzarmenaren negoziaketan LABen proposamenak azaltzeko helburuarekin, agerraldia egin du gaur LAB sindikatuak. Negoziaketa mahaia osatu berri da, lau patronalekin. Negoziazioari ekiteko orduan LABek helburu argiak ditu, eta hala azaldu ditu aurkeztu duen plataforman. Hala nola, prekarietatearen aurkako borroka eta zerbitzuaren kalitatea izango ditugu ardatz negoziazio honetan.

Negoziaketa mahaia osatu berri da, lau patronalekin. Eta azkenaldian ohikoa bilakatu den moduan, liskartsua izan da mahai osaketa hori. Berriro ere, Jaurlaritzari eskatzen diogu patronalaren ordezkaritza neurtzeko prozedura bat ezarri dezan.
Gaur bukatzen da plataformak aurkezteko epea eta gaur bertan aurkeztuko du berea LABek.

Sindikatuaren ustez, negoziaketa prozesu honi helburuak jartzerakoak sektorearen errealitate gordina kontuan hartu behar da:

– Helduen egoitzetako gestioa ia bere osotasunean esku pribatuetan aurkitzen da. Pertsonok ezinbestekoak ditugun zerbitzu publikoak esku pribatuetan jartzen dira, aiton-amonei kalitatezko zerbitzua eskaintzea edota langileen lan baldintzen gainetik ikuspegi ekonomizista hutsa gailendu da azken urteetan.

– Ondorioz, diru publikoa gutxi batzuen poltsikora joatea negozio itzela bilakatu da. Zerbitzu publikoen merkantilizazioa ematen da. Patronala ase ezina da sektore honetan: zerbitzu enpresa handiek poltsikoratzen dute biztanleok zergen bitartez ordaintzen dugun dirua. Langileen lan baldintzen kontura etekin gero eta handiagoak ateratzen dituzte, zerbitzuen kalitatea murriztuz.

– Eredu honek eragin zuzena du langileen soldata eta lan baldintzetan, prekarietatea da nagusi. Pribatizatutako zerbitzu publiko gehienak feminizatuak daude, helduen egoitzetan gertatzen den moduan.

LABen erronkak hurrengo negoziaketan:
Hurrengo lan hitzarmenaren negoziazioan, sektore honetan mugarri berriak ezartzeko erronka daukagu. Batetik, helduen arreta zerbitzuak benetako garapena izan dezan, zerbitzu publiko unibertsala izan dadin. Bestetik, zerbitzu publiko hau aurrera ateratzen duten milaka emakumeen lanaren balioa aitortu dadin eta beraien lan baldintzak behingoz egiten duten lanaren araberakoak izan daitezen.

Helburu hauei erantzungo dien sektore hitzarmen berri baten alde borrokatuko du LABek. 2019. urtea amaitzerakoan jabetza publikoa daukaten helduen egoitza guztiak Kabia enpresa publikoan integratuta egongo dira eta LABentzat, sektoreko langileen lan baldintzak homologatu eta hobetzeko baliatu beharreko prozesua da.
Foru Aldundiak sektorean dauden lan baldintzen inguruko azterketa egin berri du eta ezberdintasunak non ematen diren identifikatuta daude, nagusiki soldata eta enpleguaren egoeran.

Zehazki zer proposatuko dugun:

– Soldaten homologazioa. Hiru urte horien baitan sektorean lan egiten duten langile guztien soldatak berdindu egin behar dira. Baita behin-behinekotasuna eta lanaldi partzialak mugatzea ere.

– Oso garrantzitsua da sektorearen antolaketa berrikustea. Helduen zaintza egokia eta langileen lan baldintza duinak bermatuko dituzten lan erritmo eta ratio egokiak ezartzea ezinbestekoa da. Lan hitzarmen honen baitan sektorea berrantolatzeko mahai tekniko bat sortzea proposatzen dugu, aldebikoa izango dena, langileen parte hartzea benetan
ahalbideratuko duena

Bukatzeko deia luzatu nahi diogu Foru Aldundiari, lan hitzarmen honen negoziaketan duen erantzukizuna bereganatu dezan. Helduen egoitzetan prekarietatearekin amaitu eta kalitateko zerbitzua bermatzea, Foru Aldundiaren eskuetan dago, borondate politikoa eta ausardia besterik ez da behar.

 

 

 

Langabeziaren beherakadak izkutatu egiten du bizi dugun prekarietate egoera

Gaur kaleratu diren EPA inkestaren arabera, Hego Euskal Herrian 157.000 langabe zenbatu dira 2016. urteko laugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 14.700 gutxiago. Hala ere, ekonomiaren hazkundea ez da modu justu eta zentzuzkoan nabaritzen lan munduan eta salatu beharra dago datu positibo hauek ezkutatzen dutena: pobrezia eta prekarietatea zabaltzen ari dira jendartean.

Gaur kaleratu diren EPA inkestaren datuen arabera, Hego Euskal Herrian 157.000 langabe zenbatu dira 2016. urteko laugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 14.700 gutxiago eta urte bat lehenago baino 16.800 gutxiago. Langabezia tasa %11,75ekoa da.

Landun kopuruak, aldiz, gora egin du Hego Euskal Herrian nahiz eta laugarren hiruhilekoan gutxitu egin den EAEn.

Hala ere, ekonomiaren hazkundea ez da modu justu eta zentzuzkoan nabaritzen lan munduan eta salatu beharra dago datu positibo hauek ezkutatzen dutena:

2016 urtean Hego Euskal Herrian 1.284.322 kontratu sinatu dira, baina hauetatik 84.571 soilik izan dira finkoak, hau da, kontratuen %6,6. Gainerako 1.199.751 kontratuak (%93,4) aldi baterakoak izan dira.

Gainera, lanaldi partzialeko kontratuen erabilera ere ugaritzen ari da eta sortu den enpleguaren %40 lanaldi partzialekoa izan da.

Bestalde, epe luzeko langabeen kopurua ere izugarria da eta horren ondorioz langabeziagatiko babes sistemak eskaintzen duen estaldura tasa oso ahula da. Gaur egun 3 langabetik 1ek baino gutxiagok jasotzen du langabezia prestazioa.

Beraz, datu hauek garbi erakusten dute pobrezia eta prekarietatea zabaltzen ari direla jendartean, landun eta langabeen artean, eta ezinbestekoa dela neurri eraginkorrak hartzea kalitatezko enplegua sortzeko.
 

 

 

“Lanean jarraituko dugu igande eta jai egun bakar batean ere ireki ez dadin”


Jaietan Denok Jai plataformako ordezkariek, LABeko kideek barne, elkarretaratzea egin dute gaur Donostiako udaletxearen aurrean. Hain zuzen ere, igande eta jai egunetan irekierak "zero" izateko aldarrikapena egin dute, Turismo Handiko Barrutia izendapena dela-eta Udalak hartutako neurriak salatzeko. Donostiako agintariek sustatutako hiri eredua kritikatu dute, "garrantzitsuena" ahaztu egin dutelako: herritarrak eta hauen lan baldintzak. "Guretzako hori da lehentasuna", nabarmendu dute.

"Igande eta jai egunetan irekiera zero izateko aldarrikapena ez da berria, urte luzeak eman ditugu borroka honekin, argi dugulako bizitza familiarra eta profesionalaren kontziliaketaren aurka doala. Gainera, ez du enplegua sortzen, nahiz eta batzuek hala saltzen diguten. Aldi berean, ondorio argi bat ekartzen du: bizitzaren prekarizazioa".

Jaietan Denok Jai plataformako kideen adierazpenak dira hauek, Donostiako udaletxearen aurrean gaur gauzatutako protestan egindakoak. LAB, ELA eta CCOO sindikatuak daude plataformaren barruan, eta mobilizatzeko beharra ikusi dute, Donostiako agintariek hartutako neurriak direla eta.

Hain zuzen ere, sindikatuek kexa bat aurkeztu zuten udaletxean, uztailaren 28an, Turismo Handiko Barrutia izendapena dela eta. Idazki horren bidez eskatu zuten 2017rako barrutia 2015. urtea arte egin ohi zuten bezala zehazteko; hau da, uztaila eta abuztuan, Parte Zaharreko kale jakin batzuetan ireki ahal izatea igande eta jai egunetan. Kontua da, 2016. urtean, zehaztapena ez zela inorekin adostu; Udalak bere kabuz egin zuen. Horren arabera, urte osoko igande eta jai egunetan irekitzeko aukera eman zien Parte Zahar osoko, Bretxa merkataritza guneko eta Zurriola hiribideko dendeei. Bada, 2017an, udal gobernuak 2016. urterako inposatutako definizio berarekin jarraitzen du.

Plataformako kideek mozio, kexa, erreklamazio eta hainbat izapide egin dituzte erabaki horren aurka. Urrutira joan gabe, gaurko udalbatzarrean hitza hartzea aurreikusita dute. Hala ere, sindikatuak kexu dira Udalaren jarrerarekin, bilera batera besterik ez baititu deitu, Merkataritzako zinegotzi Ernesto Gascorekin izandakoa. Eta bilera horrek, gainera, bazterrak nahastu zituen."Gascok prentsan adierazi zuen gurekin adostasun batera iritsi zela eremu hori mantentzeko. Sindikatuok berehala egin genuen prentsa oharra, Gasco gezurretan ari zela salatzeko", ekarri dute gogora plataformako lagunek.

Honen harira, LAB, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariek garbi utzi dute erabaki hori PSE-EEk eta EAJk hartu zutela, "inorekin adostu gabe, are gutxiago gurekin". Sindikatuen hitzetan, "jakin badakigu ez dela borroka erraza, baina lanean jarraituko dugu, hemen, igande eta jai egun bakar batean ere ireki ez dadin".