2025-12-31
Blog Page 954

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta %8 igotzeko eskatu diogu Jaurlaritzari

Nafarroako Gobernuak jarrera zuzendu eta %8 igoko ditu alarguntza pentsioak, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata beste, hasieran Laparra Sailburuak honi uko egin arren. LABek berdina egitea eskatzen dio Jaurlaritzari, bere jarrera zuzendu eta Diru Sarrerak Bermatzeko errenta (DSBE) %8 igotzea, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata igo den neurrian, dagokion moduan eta legeak zehazten duen moduan.

Ematen du Urkulluren Gobernuari ez diola axola PPrekin itunak egiteak beharrizan larrienak dituztenak zigortzen jarraitzeko, horretarako legea bete gabe.

LABek berriro exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari jarrera zuzen dezala, %8ko igoera ezar diezaiola DSBE eta murrizketak ezartzeari utzi.
 

 

 

Elkartasuna adierazi diegu Hego Afrikako osasungintzako langileei

0

Osasungintzako langileen sindikatu nazionalak (NEHAWU) hurrengo otsailaren 10erako greba eta borroka egun bat deitu du Hego Afrikan, bertako langile klasearen eta, batez ere, Garapen Sozialerako Zerbitzu Publikoetako langileen lan baldintzen defentsan. LABetik, NEHAWU sindikatuari eta lan baldintza duinen alde Hego Afrikan borrokan ari den langile klaseari elkartasun mezu bat bidali nahi diegu.

Bertako gobernua austeritate neurriak aplikatzen ari da; NDZ-ak, Munduko Bankuak eta kalifikazio agentziek inposatutako neurri neoliberalak, hain zuzen ere. Hori gutxi ez balitz, langileek pairatzen dituzten jarrera oldarkorrak ere salatu nahi dituzte, azkenean gatazka batean eta hurrengo otsailaren 10eko greba deialdian gauzatu dena.

Zerbitzu sozialetako langileak soldatarik baxuenak dituztenak dira, garapen sozialerako zerbitzuak mantentzeko baldintza kaxkarretan lanean ari direlarik; sektoreko prekarietate tasarik altuenak pairatzen dituzten langileak dira. Horietariko asko pobre hartzen dute erretiroa eta pobre ere hil egiten dira zerbitzu hauetan urte luzez lanean aritu eta gero.

Hau guztiagatik, hurrengo otsailaren 10erako borroka egun nazional bat deitu dute honako aldarrikapenekin:

-Zerbitzu sozialetan lanean hasteko beharrezkoa den mailaren errebisioa, OSD-aren errebisio orokorra, landa eremuko asignazioa gehitzea

-Komertziorako beharrezkoak diren erremintak izatea, kaleratutako gizarte zerbitzuetako langileek berronarpen mugagabea

-Garapen sozialerako departamenduko langile guztien zerbitzu baldintzak hobetzea

-Indaba-k 2015an gizarte lanari buruz ateratako ondorioen aplikazioa

-Gizarte zerbitzuetako profesionalen Kontseilu profesionalaren babesa

Bada garaia NDF eta Munduko Bankuaren xantaiei ezetz esateko. Gobernuek herritarren zerbitzura egon behar dute eta ez kapitalismo baten zerbitzura, sistema honek nahi du aberatsak gero aberatsago izatea, eta pobreak oraindik eta pobreago; hau da, betikoek irabazten jarrai dezaten.
 

 

 

Diseinu-arazo larriak eta diru xahutzea, Urdulizko ospitalean

0

LAB sindikatutik salatzen dugu Osakidetzak oinarrizko zerbitzuak (lentzeria, sukaldea, elikadura eta ebakuntza geletako arropa zerbitzua) pribatizatu nahi dituela, baita salatzen dugu mantenuko lanak (GIROA) eta garbiketa zerbitzua (VILLAR) pribatizaturik daudela ospitalean martxan dagoenetik, lizitaziorik atera gabe.

Osakidetzaren webgunean esaten den bezala, “Osatek Osasun Sailaren menpeko Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoa da. 1992.ean jaio zen, eta sozio bakarra Osakidetza da”. Horrek esan nahi du Osateken kapitala publikoa dela eta gestioa pribatua. Are gehiago, Estatutuak birpasatzen baditugu 21 puntuak mozkin banaketa nola egin azaltzen du.

LAB sindikatutik salatzen dugu Osakidetzak oinarrizko zerbitzuak (lentzeria, sukaldea, elikadura eta ebakuntza geletako arropa zerbitzua) pribatizatu nahi dituela. Baita salatzen dugu mantenuko lanak (GIROA) eta garbiketa zerbitzua (VILLAR) lizitaziorik atera gabe, pribatizaturik daudela ospitalean martxan dagoenetik.

Era berean, gaur egungo Urdulizko ospitalaren erabilera salatzen dugu. Osakidetzako langileek 8:00etatik 15:00etara egiten dute lan. Osatek-ekoek 7:00etatik 22:00etara. Beraz, ospitaleak ematen duen arratsaldeko Zerbitzua pribatua da. Argi eta garbi gera dadila ez dugula dudan jartzen Osatekeko langileen lana, baizik eta Osakidetza-Osatekeko kudeatzaileena. Osasuna ez da negozioa.

Beste alde batetik, badakigu Urdulizko ospitalea inguratzen duen guztia ezkutua dela, nahiz eta Osakidetzari galderak egin, ez dugu erantzunik ezta informaziorik ere jasotzen. Zergatik atzeratu zen larrialdi zerbitzua? Esan zuten “medikuntza- materialak hornitzeko lehiaketan egondako atzerapenak” zirela arazoa. LABetik honakoa diogu:

Azaroaren 9an, EHAAko 212.alean, 900.000 euro inguruko lizitazio bat argitaratu zen, eguneko ospitale kirurgikoaren era kirurgia handi anbulatorioaren birmoldaketa egiteko. Orain jakin izan dugu larrialdietan ez zegoela erradiologia zerbitzurik eta korrika eta presaka abiatu dituztela aipaturiko zerbitzua jartzeko lanak. Kontsulta bat moldatu da X izpien zerbitzua jartzeko eta horrexegatik, lanek ez dituzte betetzen indarrean dauden araudiak (batez ere neurriei buruzkoak) zein langileen osasun arloko arauak eta LABek horrela jakinarazi dio Osakidetzari.

Ez al da lotsagarria, egin berri den ospitale batean halako dirutza (denon poltsikoetako milioi bat euro gutxienez) gastatzea birmoldaketa batean? Zelan da posible X izpien zerbitzuaz ahaztea? Non daude erantzukizunak? Zer dago honen atzean?
 

 

 

Elkarretaratzea egin dute gaur Laudioko Guardianen, zilarreztatze instalazioaren lekualdatzea dela eta

0

Enpresa atarian eging dute, eguerdiko txanda aldaketa aprobetxatuz, lanuzterik egin gabe. Guardianeko zuzendaritzak 2017ko uztailean zilarreztatze instalazioa ixteko asmoa jakinarazi zion Enpresa- batzordeari. Langileen kezka adierazi eta erabaki horrengatik eta zuzendaritza eramaten ari den norabidearengatik egin dute protesta.

Hauxe da Laudioko Guardianeko enpresa batzordeak gaur argitaratu duen oharra:

Abenduan, Guardianeko zuzendaritzak 2017ko uztailean zilarreztatze instalazioa ixteko asmoa jakinarazi zion Enpresa- batzordeari. Erabaki honek kezka sortarazi digu, kaleratzerik egongo ez dela eta eragindako pertsonak beste instalazio batzutan berkokatuko dituztela esan zaigun arren, ekoizpenaren galera garrantzitsua delako, errentagarria dena eta berarekin, ekoizpen lerro bat ixtea dakarrena.

Honek “float”-a eta haizetakoak soilik uzten dizkigu lerro produktibo bezala eta enpresak ematen dizkigun datuak ikusita, hauek onartu ez eta ontzat eman ez arren, zeintzuen arabera haizetakoena defizitarioa baita, erraza da ulertzea etorkizunari begira lanpostuen mantenurako dakarren arriskua.

Litekeena da egia izatea enpresaren asmoa ez dela inor kaleratzea, gutxienez orain, baina egia dena da Guardian lanpostuak kentzen ari dela, jubilazioa eta beste arrazoi batzurengatik ematen diren bajak estali gabe, aspaldian ez da kontrataziorik egiten, ezta absentzia luzeak ordezkartzeko ere, gero eta lan gehiago azpikontratatzen da, orain arte Guardianeko langileek egiten zituztenak. Guzti honek adierazi duena da enpresak piskanaka produkzioa piskanaka jaisteko asmoa duela eta horrekin batera, Laudioko lantokiko lanpostuak. Eta hori, batzuk sinitsi ez arren, arrisku nabarmena da lantokiaren etorkizunarentzat.

Horregatik, gure kezka adierazi eta erabaki honengatik eta Zuzendaritza eramaten ari den norabidearen aurrean protesta egiteko, LABek Enpresa-batzordeari proposatu zion enpresarekiko gaitzespena erakutsi eta mobilizazioaren bat egitea. Hau enpresa atarian egingo den mobilizazio batean zehaztu da, eguerdiko txanda aldaketa aprobetxatuz, lanuzterik egin gabe. Proposamen hau CCOO eta UGTk ere babestu dut. Hortaz, gaur egin dute langileek kontzentrazioa, 12:30etik 14:30etara, Aiala Vidrioko bihurgunearen ondoan.
 

 

 

Prekarietatearen aurkako dinamika Gasteizera iritsiko da ostiralean


LABek elkarguneak antolatuko ditu datozen asteetan, Ostiral Duinak ekimenaren baitan, kapitalismoak eragindako gaitzari aurre egiteko. Hainbat jarduera egingo ditugu Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazan, 16:30etik aurrera: lan osasunari buruzko ikastaro bat, aholkularitza mahai bat, pankarta tailer bat, Jai Egunetan Denok Jai tailerra, erakusketa bat borrokaren garrantziari buruz, aldarrikapen jolasak, ikus-entzunezkoak, prekarietatea gehien bultzatzen duten marken salaketa… Era berean, lan duinaren aldeko eta prekarietatearen aurkako mobilizazio batera deitu dugu, 19:00etarako.

Prekarietatearen aurkako lehen elkargunea Gasteizen egokituko dugu, ostiralean. Ondoren, leku hauetan gauzatuko dugu dinamika: Donostian, martxoaren 3an; Iruñean, martxoaren 17an; Bilbon, martxoaren 24an; Oarso Bidasoan, martxoaren 31n.

Hain zuzen ere, prekarietatea agenda politikoan sartzeko garaia da. Helburu horrekin, LABek elkarguneak antolatuko ditu Euskal Herriko hainbat herritan, lan prekarioa betetzen dutenek bildu eta esperientziak truka ditzaten, beti ere alternatibak daudela erakusteko asmoz. Dinamika honetan parte hartzera animatzen zaitugu, denon ekarpena beharrezkoa baita prekarietateari aurre egiteko.

Urratsak eman ditzaten eskatu behar diegu eragile politikoei. Honako hauek dira premiazkoenak:

. 1.200 euroko gutxiengo soldata bermatu
. Lanaren banaketa bultzatu, asteko lanaldi osoa 35 ordura murriztuta
. Bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatu, Madrildik etor daitezkeen erreformekiko
. Gutxiengo orduak ezarri, lanaldi partzialean kontratatzeko garaian
. Laneko ikuskaritzak kontrol eragingorra egitea enpresei

Prekarietateari aurre egiteko antolaketa, kontzientziazioa eta borroka beharrezkoak dira, kalean zein lantokitan. Gaur egun, lanposturen bat izateak ez du esan nahi prekarietaterik pairatuko ez dugunik. Euskal Herrian langile txiroak daude, lanpostu prekarioengatik hilabete amaierara iristen ez direnak.

Zerbitzuen sektorean egindako 3.369 inkesta anonimoen bidez, LABek egoera honetara ekarri gaituzten aldagai nagusiak aztertu ditu, eta emaitza latza da: langileen %80ek lan baldintza kaskarretan dihardutela adierazi dute, eta behin-behinekotasuna, soldata, malgutasuna, lanaldi mota eta lan ordutegiak aipatu dituzte prekarietatearen ardatz gisa.

Sistema kapitalistaren tresna bat da prekarietatea, gobernatzeko baliatu ohi du. Alarma gorria piztu behar dugu gizartean, ezinbestean. Hortaz, elkarguneetara hurbiltzeko gonbitea luzatzen dizugu, denon eskubideen alde eragiteko!

 

 

 

“Murrizketek horrela utzi gaituzte: biluzik eta pobreziara kateatuta”


Zenbait gizarte eragile eta sindikatu, LAB tartean, kalera irten dira Barakaldon, gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatzeko epearen irekierarekin batera. Astelehenean, lehen egunean, 1.554 familiak egin zuten eskabidea, sei ordu eskasetan. Bada, askok gutxienez apirilaren bukaera arte itxaron beharko dute hitzordua izan eta laguntza jasoko duten ala ez jakiteko.

Manifestariek Gizarte Ekintzaren egoitza eta Barakaldoko udaletxearen arteko ibilbidea egin zuten atzo, gizarte-larrialdietako laguntzak eskatzeko lehen egunean. Pankarta eskuetan izan zutenekin batera, zenbait ekintzailek biluzik eta kateatuta egin zuten bidea. "Murrizketek horrela utzi gaituzte: biluzik eta pobreziara kateatuta", salatu zuten.

Protesta eragile hauek deitu zuten: LAB, Barakaldoko Langabeen Batzarra, Barakaldoko Gazte Asanblada, Berri-Otxoak, Argitan, ELA, ESK eta STEILAS.
 

 

 

Presoen aurkako salbuespen legedia bertan behera utz dezatela eskatu dugu


LABek SEPE zerbitzuaren aurka salaketa jarri zuen 2016ko abenduan, prebarikazio delitu bat leporatuta, kartzelatik irtetzen ari diren euskal preso politikoei legez dagozkien diru laguntzak ukatzeagatik. Bada, gaur hartu diote deklarazioa Bizkaiko SEPEko zuzendariari, eta Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean elkarretaratzea egin dugu, "Euskal presoen eskubideak errespetatu. Espetxe politikoan salbuespen neurririk ez!” lemapean. LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek presoen gaia behingoz konpontzeko eskatu du.

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek espetxe politikaren barruan kokatu du SEPEk legez kontra egindako mugimendua; preso ohiei prestazioak ukatu izana, alegia. Hortaz, presoen aurkako salbuespen egoerarekin amaitzeko exijitu du: "Gobernuak bere espetxe politika finkatu behar duenean, askotan legedia bera ere txiki gelditzen zaio. Horrela erakutsi du kasu honetan. Beraz, guk inhabilitazioa eskatzen dugu, jarrera hauek zigortzea eskatzen dugu, baina, batez ere, eskatzen duguna da salbuespen legedia bertan behera gelditzea, espetxe politikoa behingoz aldatzea eta espetxe politika berri baten bidez presoen auzia konponbidean jartzeko urratsak ematea".

Presoen gaia konpontzeko mobilizazioa dela bidea adierazi du, eta erakunde eta eragile sozial, politiko eta sindikalen inplikazioa beharrezkotzat jo du.

Nabarmentzekoa da, SEPEren kontrako neurriak hartuko genituela iragarri eta gero, Enplegu Zerbitzu Publikoak bere jarrera zuzentzen hasi zela. Salaketak emaitzak ekarri zituen, eta orain ikusteko dago epaitegiek zer erabakitzen duten arduradunen aurka.
 

 

 

Babes osoa adierazi nahi diogu Kataluniako prozesu independentistari

0

LABek elkartasuna adierazi nahi dio Kataluniari, independentziari buruz galdetzeagatik Generalitateko presidente ohi Artur Mas eta haren bi kontseilariren kontrako epaiketa dela-eta. Agintari politiko horiez gain, herri borondatea ari dira epaitzen. Bi milioitik gora lagunek hartu zuten parte Kataluniaren etorkizunari buruzko galdeketan, 2014ko azaroaren 9an; hortaz, erabakitzeko eskubidea eraman dute auzitegietara, demokrazia bera.

LABek babes osoa eskaini nahi dio Kataluniak bultzatutako prozesu independentistari. Izan ere, independentziarena da biderik eraginkorrena langile klaseari erabakitzeko gaitasuna aitortuko dion estatu libre bat sortzeko eta aldaketa soziala erdiesteko, instituzio propioetatik abiatuta. Burujabetza ezinbestekoa da Espainiako Estatuak ekartzen dizkigun miseria eta zapalkuntzatik askatzeko.
 

 

 

Kutxabank kasuko auzipetuen erantzukizuna argitzea eskatzen dugu

Kutxabank kasuko ahozko epaiketa abiatu da gaur, hilak 6, Bilboko Auzitegi Probintzialeko 3. Aretoan, “aurretiko kontuei” ekiteko. Kutxabank auziko akusazio partikularra osatzen dugun eragileek administrazio desleiala edo bidegabeko jabetzeaz salatzen ditugu, Kutxabankek ordaindutako 243.592 eurotako balioagatik. Epaiketaren helburua Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohi, Mikel Cabieces abokatu eta Gobernuaren delegatu ohi eta Rafael Alcorta abokatu laboralistaren erantzukizunak argitzea da.

Auzitara eraman dituzten pertsona hauen defentsak pertsona hauen errugabetasun presuntziorako eskubidea eta hauen norbere irudirako eskubidea babestuko dute. Gure ustez, pertsona guztiek izan behar dituzte eskubide hauek bermatuta, baino akusazio partikular honek salatzen du, hemen urratu diren eskubide bakarrak euskal jendartearenak direla, honen antzeko mesede tratu eta ate birakarien operazioekin. Benetako eskubide urraketa Euskal Kutxen likidazio prozesua da. Itzelezko iruzurra da, euren aurrezkiak urterik urte finantza entitate hauetan utzi dituzten pertsonen konrta.

Beste behin, jarduera hauen erantzule zuzenez gain, esparru politikotik erabaki hauek hartu eta hauetan parte hartu zutenen erantzukizunak epaitzea ere eskatzen dugu. Egondako jarduera irregularrak, mesede tratuak eta babes politikoa argitara ateratzea nahi dugu, gutxienez Euskal Kutxek pribatizazio prozesua eta Kutxabank Bankuaren eta Caja Surren erosketa abiatu zenetik egindakoak.

Iruzur honen atzean dauden arduradun guztiak epaitzea nahi dugu, jarduera hauen erantzule zuzenez gain, gutxi barru euren erantzule politikoak, EAJ, PP eta PSE alderdietako kideak, epai ditzatela eskatzen dugu

Guzti honetaz gain Euskal Kutxen likidazioa eta Kutxabanken pribatizazioan berehala atzera egitea exijitzen dugu, entitate hauen izaera publiko eta soziala indartuz, langileen, aurrezleen eta orohar euskal gizartearen interesen kontrakoak diren jarduera hauek errotik mozteko.