2026-02-07
Blog Page 947

“Velatiako langileok ez dugu ezer ospatzeko”

0

Velatiako langileek protesta egin dute gaur, Zornotzako Boroa industriagunean. Hain zuzen ere, enpresa taldeak bere 50. urtemuga ospatzeko ekitaldi bat egin du, eta bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Espainiako Erregea. Velatiako buru Jabier Ormazabalentzat hitzak izan dituzte langileek: “Kostuak merketzea helburu besterik ez duen industria politika inposatu nahi diguzue; Kapitalaren mesedetan gure lan baldintzak prekarizatuko badituzue ere”.

Hauxe da LABek kaleratu duen oharra, Velatiaren urtemugaren harira:

Jabier Ormazabal jaunari,

50. urteurren honetan, VELATIAko langileok ez dugu ezer ospatzeko. Kostuak merketzea helburu besterik ez duen industria politika inposatu nahi diguzue; Kapitalaren mesedetan gure lan baldintzak prekarizatuko badituzue ere.
Espainiako Erreforma, soldata eskala bikoitzak kolektibo konkretuetarako, lan baldintzen suntsipena eta eskubide galera dira zuen politikaren oinarri.

Kapitala eta Produkzioa besterik helburu ez duen politika nahi duzue; bidean langileon eskubide guztiak suntsituko badituzue ere. Monkloa, Zartzuela eta Ajuria Eneako modeloak lana sortzen, industria sustatzen edota onura kolektiboan eragiten ez badu ere, horren alde egiten duzue; herri osoa bat txikituz, bai bere identitatea baita ere bere eskubideak, kontutan eduki gabe herri honen industria bultzatzen duen engranajea langileak garela.

Utzi iezaiozue herri hau eta bertako langileria zapaltzea helburu besterik ez dutenak txalotzeari. Guk, behintzat, argi dugu, bizitza duina, pertsonak eta langile kalsearen eskubideak defendatzen jarraituko dugula.

Lehendakari Jauna,

Dakizunez Euskal Industriaren egoera kezkagarria da egun, baina are kezkagarriagoa da gauzak aldatu ezean etorkizunerako aurreikusten dugun argazkia: Gutxitzen ari da ekonomia osoarekiko suposatzen duen portzentajea azken urteetan; Industriak maila teknologiko ertain-baxua izaten jarraitzen du; Ikerkuntza, Garapen eta Berrikuntzan Europako bataz bestekoetatik urruti gaude; Erabakien deslokalizazio kasu garrantzitsuak eman dira; Ez dago sistema finantziero publikorik, eta hori erabaki politikoen ondorio da; Enpresa Txiki eta Ertainak ekimen instituzionaletik kanpo gelditzen dira: mesedetuak direnak enpresa haundiak dira, eta hauek dira euskal industriaren oinarria direnak.

Honen aurrean, hitzez beste eredu baten alde eginagatik, Eusko Jaurlaritzak Espainiako ereduaren aldeko apustua egin du praktikan: lan kosteak murrizten dira balio erantsia dituen produktuen aldeko inbertsioa bultzatu beharrean. Industria, teknologikoki aurreratua izateaz gain, aurreratuak izan behar du gizartearen ikuspegitik, baina baita lan baldintzen ikuspegitik ere. Tamalez, bai patronala bai Eusko Jaurlaritzaren apustua guztiz kontrakoa da, Industria 4.0.0 bultzatzen ari dela diozuen bitartean, egiten ari zaretena PREKARIETATEA 4 INDUSTRIA POLITIKA 0 eredua da, ezaugarri hauekin:

1. LAN ERREFORMAREN APLIKAZIOA

2. NEGOZIAZIO KOLEKTIBORAKO ESKUBIDEAREN UKAPENA

3. KONTRATAZIO BERRIEN DISKRIMINAZIOA

4. POBREZIAREN HAUNDITZEA

Horregatik, gure industriaren defentsan, propaganda gutxiago eta industria politika gehiago egitea eskatzen dizugu. Eta horretarako, ezinbesteko urratsa, burujabetzaren aldeko urrats eraginkorrak ematea da. Ze Espainiako eredua ezartzen jarraitzen badugu, gure industria etorkizunik gabeko industria izango da, langileen bizi baldintzen kontura arrakasta gabe lehiatu nahiko duen industria.

Madrilen eginiko Erreforma eta harturiko erabakien aurrean, Ajuria Eneatik AMEN besterik ez duzue egin; langileriak bizi duen egoera prekario, miserable eta, sarritan, jazanezinak zuei bost dizuela argi utziz. Ez dauka, ordea, zergatik horrela izan…

Urkullu Jauna, ez da beharrezkoa itxurakeriatan aritzea, patronalarekin, espainiako erregearekin, edota hedabideen aurrean; Euskal Herriak badu alternatiba, Euskal Herriak eta euskal langilegoak BURUJABETZA behar beharrezkoak ditugu; Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraiki dezagun, utzi Koroa alde batera eta begiratu herri honen gehiengoari, bai Euskal Langilegoari!!!.

¡POLITIKA INDUSTRIAL ERREALEN DEFENTSAN, EUSKAL HERRIAK INDEPENDENTZIA!!

Ah! Eta Borbongo Feliperi,

Euskal Herriaren eta Euskal Herritarren zapaltzaile ez ezik, Espainiako langileriaren etsaia zaren neurrian; utzi bakean Euskal Herria, ez zara ongi etorria; eta utzi bakean langileria. Gure besarkada eta elkartasuna Estatu espainoleko langileriari.

 

 

 

Elkartasuna PAMEko 35 kideekin

0

LABek klase orientazioko Euskal Herriko sindikatuak, Greziako PAME sindikatuko 35 kideei bere elkartasuna helarazten dio, eta aldi berean haien askatasuna exijitzen du. PAMEko kide hauek Martxoaren 16an epaiketa bat izanen dute 2013an Lan ministerioaren aurrean eginiko protesta bat dela eta.

Leporatzen dizkieten karguekin 2013ko urtarrilaren 30ean klase federazio eta sindikatuek lan ministroak Gizarte Segurantza publikoaren kontra egindako adierazpenen kontra eginiko protesta kriminalizatu nahi dute. Sindikalista hauei lan ministroaren bulegoan kalteak eragin izana leporatzen diete. 

Kapitalismoak langileen eskubide guztiak ezabatu nahi ditu eta hori dela eta azken urteetan inoiz ezagutu ez dugun adinako erasoa pairatzen ari gara. Momentu honetan gero eta langile gehiago sistema honen injustizia pairatzen ari da eta horregatik sistemak justiziaren eta langileen eskubideen aldeko iniziatiba guztiak erasotzen ditu.

Euskal Herrian ere antzerako egoerak bizitu ditugu. Orain hilabete batzuk langile batzuek ere greba batengatik epaiketa izan zuten haientzako hainbat urtetako kartzela zigor eskaria zegoelarik. Azkenean borrokari esker langile hauen askatasun lortu zen, baino etorkizunean horrelako egoerak berriro errepikatzea litekeena da. 

Bukatzeko PAMEri eta borrokan dauden sindikalista guztiei gure elkartasuna helarazi nahi diegu, soilik antolakuntzaren eta borrokaren bitartez lortuko ditugulako gure helburuak.
  

 

Enpleguaren alde mobilizatu dira Simplyko langileak Galdakaon

0

Simply supermerkatuetako langileak borrokan ari dira euren lanpostu eta lan-baldintzen defentsan eta sektore oso baten iraunkortasunaren alde. Gaur, kontzentrazioa egin dute Galdakaoko saltokiaren aurrean. Adierazi dute lan egiten duten kate handietako enpresen zuzendaritzek, enplegua sortzetik urrun, euren mozkinak handitzen dituzten politikak ezarri nahi dituztela, lanpostuak amortizatu eta lan-eskubideak murrizten saiatuz.

Enpresak langile bakoitzak lan-karga gehiago onartzea nahi du eta gainera, aintzinatasun handiena duten langileak kaleratu nahi ditu. Honetaz gain, enpresak igande eta jai-egunetan irekitzen dute merkataritza liberalizatua nahi duela adierazi dute, langile gutxi batzuk gau eta egin lan eginez.

Langileek adierazi dute enpresaren asmoak ikusita, aurrez aurre izango dituztela adierazi dute, lanaren eta bizitzaren duintasunaren alde.

Kontsumitzaileei elkartuna eskatu diete langileek, jokoan baitago enplegua sortzea, gure herri eta hirietarako nahi dugun merkataritza eredua eta kalitatezko zerbitzua eskaintzea gure dendetan.
 

 

 

Nafarroako metalgintzako negoziaketa mahaia irekitzea eskatzen dugu

0

UGT, CCOO ta Patronalak 2016 eta 2017rako sinatu zuten metalgintzako hitzarmenean, jasotzen ziren soldata igoerak sindikatu horiek eta patronalak Madrilen AENCren markoan (Acuerdo del Empleo y la Negociación Colectiva) sinatutakoari lotzen ziren. Hau da Nafarroako Metalgintzako langileen interesak gureak ez diren marko arrotz batetara eraman ziren. Beraz, Nafarroan adostea dagokiguna Madrilen adosten da.

Honek bi eragin larri ditu. Alde batetik UGT,CCOO eta Patronalak sinatutako akordioak, 2016. urterako, %1,5eko (Tabletan bakarrik) soldata igoera jasotzen du, baina urte horretan, Nafarroan, KPI-a %1,8koa izan zen. Ondorioz erosmen ahalmenak behera egin zuen. Bestaldetik 2017ko soldata igoerak aipatutako AENC-ra lotzen dira, gaur gaurkoz eta martxoan gaude jada, 25.000 langile inguru 2017-ko soldata igoerarik gabe dago.

Akordioa erdietsi zenean, LABtik salatu genuen negoziaketa markoa Nafarroatik Madrilera eramateak sektoreko langileei ez ziela mesederik egiten. Denborak, zoritxarrez, arrazoia eman digu. Penagarria iruditzen zaigu UGT eta CCOO-k Nafarroako langileen interesen gainetik berain interes nazionalak lehenestea. Hau dela eta metalgintzako negoziaketa mahaia irekitzea eskatzen dugu.

 

 

 

Lan istripuen atzean prekarietatea dagoela salatu dugu


Euskal gehiengo sindikalak, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek, kontzentrazioa egin dugu Bilbon lan-istripuz hildako langilearen heriotza salatzeko. Mobilizazioa “Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea” lelopean egin da. Azken batean heriotz guzti hauek faktore amankomun bat dute oinarri, prekarietatea.

Istripuak ez dira gertatzen arrazoi puntual edo koiunturalengatik. Oinarrizko arazo bat dugu, arazo estrukturala da. Eredua da arazoa, langileon bizitza eta osasuna kolokan jartzen duen eredua, bizitza galtzeraino. Beraz honen aurrean obren benetako kontrola egon dadin eskatzen dugu. Era berean administrazioari istripu hauek ekiditeko benetako neurriak hartzeko eskatzen diogu.
 

 

 

Langileen osasuna erdigunean izango duen eredu baten alde borrokatzeko deia egiten dugu


Gaur astelehena, C.E.V. 62 urteko langilearen heriotza eragin duen lan istripu baten berri izan dugu. Gaurkoarekin 11 dira gutxienez 2017an zehar Euskal Herrian hildako langileak, eta faktore amankomun bat dute oinarri, prekarietatea, hau baita istripu guztien amankomuneko faktorea. Azken istripu hau salatuz bihar 11:30etan Arriagan plazan ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok konzentrazioa egingo dugu.

Gaur astelehena, C.E.V. 62 urteko langilearen heriotza eragin duen lan istripu baten berri izan dugu. Bilboko berritze obra batean, aldamio batetik erorita hil da DekoNorte 2000 SL enpresako langilea.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik langilearen senide lagun zein lankideei, gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diegu momentu gogor hauetan.

Gaurkoarekin 11 dira gutxienez 2017an zehar Euskal Herrian hildako langileak, eta faktore amankomun bat dute oinarri, prekarietatea, hau baita istripu guztien amankomuneko faktorea.

Aurreko asteko azken heriotza salatzeko elkarretaratzean ginenean izan dugu beste honen berri. Istripuak ez dira gertatzen arrazoi puntual edo koiunturalengatik. Oinarrizko arazo bat dugu, arazo estrukturala da. Eredua da arazoa, langileon bizitza eta osasuna kolokan jartzen duen eredua, bizitza galtzeraino.

Berriz diogu, noizko obren gaineko benetako kontrola? Identifikatuta dago eta jakina da obretan ematen diren baldintzek prekarizazioa eta osasun eta bizitzaren galerak dakartela.

Behingoz eta bide batez administrazioari, eta kasu honetan Jaurlaritza berriari, lan istripuen aurrean neurriak hartu eta beharrezko baldintzak ezartzea exijitzen diogu,

Azkenik, bihar 11:30etan Arriagan plazan ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok konzentrazioa egingo dugu azken lan-istripu hau salatzeko, eta modu berean borrokan jarraitzeko lan zentru eta lantokietan eredu berri baten alde, baldintza duinen alde eta langileon bizitza eta osasuna erdigunean jarriko duen jendarte eta herri baten alde.
 

 

 

Lan istripuen atzean lan baldintzen prekarizazioa dago

0


Elkarretaratzea egin dugu telefono azpiegituretan ematen diren lan istripuak salatuz. Istripu hauek, lan baldintzen prekarizazioa eta telefono azpiegituren mantenu faltari loturik daude. Horrez gain azpimarratu nahi dugu onartezina dela Telefónica bezalako enpresa bateko, azpiegiturak honelako balditza kaskarretan edukitzea, langileak arriskuan jarriz.

Telefonicako enpresa batzordeak, enpresa honi zein azpikontratatutako enpresei eskatzen die, martxan jarri ditzatela gaurtik aurrera, segurtasun zein babeserako araudiak betetzeko beharrezkoak diren tresna zein mekanismo guztiak, azpiegituren egoera hobetu eta gaur egun existitzen diren defizientzia ugariak konponduz.

 

 

 

Gure etorkizuna erabakitzari bai, euskal Estatu burujabeari bai

Azken urteetan Euskal Herrian gertatu dena azaltzeko lanaren eta bizitzaren prekarizazioaz eta pobreziaz hitz egin behar dugu. Erreforma eta murrizketen bidetik lan harremanak erasotu dizkigute; soldata geroz eta murritzagoak ezarri; emakumeon zaintza lanak aitortu gabe jarraitzen du eta lan munduan bigarren mailako lanak egitera behartuak gaude; sektore publikoa eraitsi eta eskubide sozialak birrindu dizkigute, pentsioak arriskuan jarri eta bizitza duinerako eskubidea etengabe urratu. Zapalkuntza hirukoitza bizi dugu: patriarkala, soziala eta nazionala. Langileoi erabakitzeko eskubidea ukatu digute eta Kapitalaren interesak gailendu dira, Herri interesen gainetik. 

Bertako errealitate eta beharren araberako erabaki politiko, ekonomiko eta sozialak ez hartzeak herri bezala ahuldu egin gaitu. Estatuek ez dute Euskal Herriaren nazio izaera aitortzen eta horrela ez dago benetako alternatiba sozial, politiko eta ekonomiko bat eraikitzerik. Nola ziurtatu bizi proiektu duin eta askea edukitzeko eskubidea, geuri dagozkigun gaietan erabakiak hartzeko aukerarik ez badugu? Erabaki dezagun, izan gaitezen gure etorkizunaren jabe, herri aske eta burujabe!

GURE ETORKIZUNA ERABAKITZEARI BAI
EUSKAL ESTATU BURUJABEARI BAI

Erabakitzeko eskubidea behar dugu, egoera laboral eta soziala iraultzeko. Erabakitzeko eskubidea, erreforma eta murrizketa guztiei aurre egin eta alternatibak eraikitzeko Erabakitzeko eskubidea, Euskal Herria prozesu eratzaile eta eraldatzaile batean murgiltzeko.

Oinarri berriak dituen jendarte eredu askea nahi dugu eta posible da. Langileok aukera paregabea dugu geure hitza eta erabakia aktibatzeko eta gure borondatea adierazteko antolatu diren herri galdeketetan. Estatua da tresna Euskal Herria politikoki egituratzeko eta sozialki kohesionatzeko. Bizitza duina bermatzeko behar ditugun baliabide politiko, ekonomiko eta sozialak eskuratzeko. Langileriaren bizi eta lan baldintzen hobetzeko. Langileok erabaki. Langileok BAI, Euskal Estatu burujabeari!

LAN MUNDUTIK ZERTARAKO ERABAKI?

– Euskal demokrazia eraikitzeko. Gure etorkizunaren jabe izateko. Gure eskubideak arautzeko eta betetzeko markoa izan dezagun. Euskal Herria nazioa da, dagokigun erabakitzeko eskubidea eskuratzeko garaia da. Gure historian, kulturan eta hizkuntzan oinarrituriko herri anitza sortzeko, beste kulturen integrartzaile, munduari zabalik. 

– Egungo sistema errotik aldatzeko. Neoliberalismoari aurre eginez, jendarte, produkzio eta kontsumo eredu berri bat eraikitzeko. Jendarte eredu eta herri askea posible egiteko.

– Egoera ekonomiko eta soziala iraultzeko. Bizitza erdian kokatuz, eredu sozioekonomiko propio bat eraikitzeko. Botere ekonomikoaren gainetik herri boterea jartzeko. 

– Langileon izenean beste inork erabaki ez dezan. Gure lan eta bizi baldintzetan eragiten diguten gaietan langileok izateko protagonistak. 

– Zapalkuntza oro gainditzeko. Genero bereizketa eta zapalkuntza, klase zapalkuntza eta nazio zapalkuntzarekin amaitzeko. 

– Lan harremanetan eragiteko. Lan mundua aldatzeko. Langileon erabaki ahalmena handitzeko. Erabakia langileengandik zenbat eta gertuago, orduan eta hobe. Laneko gaietan ahalmen legegile osoa behar dugu.

– Gure lan hitzarmenen defentsan. Gure hitzarmenak hemen erabakitzeko eta hitzarmen propio horiek estatukoetatik babesteko. Hitzarmen duinak bermatzeko, gure hitzarmenak hemen erabakitzeko.
 

LAN MUNDUTIK ZER ERABAKI?
– Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua. Lan munduan prekarietatearen amaiera. Soldata eta lan baldintza duinak, aberastasunaren banaketa. 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan astearen defentsa. Lan osasuna bermatzea. Euskaraz lan egiteko eskubidea.
 
– Negoziazio kolektiborako marko propioa. Gure hitzarmenen defentsan, lan baldintza duinen alde. Enplegu duina bermatuz, gure hitzarmenak, lanaren eta aberastasunaren banaketarako tresna izan daitezen.

– Babes sozialerako euskal sistema publikoa. Pobreziaren aurka, pertsonak lehenesteko, denontzat bizitza duina bermatzeko; Euskal Herri oparoago, zuzenago, solidariago eta berdinzaleago baten alde. Gizarte-sistema propioa, integrala, euskalduna erabaki, kalitateko enplegua sortuko duen politika erreal eta eraginkorrekin, jubilatzen diren pertsona guztientzat 1.080 euroko pentsioa bermatuz.
 

– Aberastasunaren banaketa justu eta progresiboa. Zerga sistema justu eta birbanatzaile batek lagunduta. 

– Sektore publiko indartsu bat. Gehiengo sozialaren mesedetan izango diren politika publikoak sustatuz, enpleguaren defentsan, pribatizazio eta merkantilizazio prozesuekin amaitzeko.

– Industria politika eraginkorrak. Multinazionalen interesen gainetik Euskal Herriak industria politika propioa izan dezan, sektore estrategikoen aldeko apustua eginez.