2026-06-23
Blog Page 944

Ingemar enpresako langileek Lugora eraman dute euren ezinegona

0

Usurbilgo enpresako lan taldeak lantegiaren itxieraren aurka egin du protesta, Lugoko epaitegien aurrean lehenik eta Ingemar taldearen bulego nagusien kanpoaldean, ondoren.



Ingemar hartzekodunen lehiaketan dago, eta prozeduraren ardura Lugoko Merkataritza Epaitegiak du. Hain zuzen ere, epaitegi honen aurrean egin dute goizean elkarretaratzea, ondoren, enpresaren egoitza nagusira joateko.
 

 

 

Sexu Askapenerako Eguneko mobilizazioekin egin dugu bat

Sexu Askapenerako nazioarteko Eguna da gaur, ekainak 28. Hori dela eta, LABek bat egin du gaurko aurreikusitako deialdiekin, eta, horretaz gain, hainbat egoitzatan ikusgarri egin nahi izan du aldarrikapena. Hori bai, sindikatuak garbi utzi du eskubide hauek ez direla egun bakarreko kontua, gure egunerokotasuneko borroketan txertatu beharrekoa baizik.

Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunerako aurreikusita dauden mobilizazioei atxikimendua luzatu die LABek. hauek dira gaurko deialdiak:

-Gasteizen, 20:00etan, Andra Mari Zuritik
-Donostian, 19:30ean, Bulebarretik
-Bilbon, 19:30ean, Moyua plazatik
-Iruñea, 19:00etan, geltoki zaharretik

Bestalde, uztailaren 1ean Askapen Ibilaldia izenekoa egingo dute Biarritzen, 20:00etan.

 

 

Hitzarmen duin bat exijitu dugu Eraikuntzarako, Anoeta estadioaren lanen aurrean

0

LABek elkarretaratze bat egingo du Anoetaren aurrean, estadioaren birmoldaketa lanak direla eta. Eraikuntza arloko ordezkari Jonan Goñik eskatu du obra guztietan herrialdeko eraikuntzako hitzarmena bete dadila, 2009tik berritu gabe dagoen hitzarmenaren negoziazioa behingoz martxan jartzea exijitzeaz gain.

Gaur, ekainak 28, LAB mobilizatu da Anoetako estadioaren obraren aurrean, ondorengoa exijitzeko:

1.- Anoetako obran zein herrialdeko gainontzekoetan sektoreko hitzarmena bete behar da. Gipuzkoako hitzarmenaren lan baldintzak errespetatzen direla bermatu behar dute instituzioek, pliegoetan gutxieneko baldintza ezarriz, eta azpikontratazio kate luzeari jarraipen estua eginez hitzarmena bera errespetatzen dela ziurtatzeko.

2.- Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmen duina behar dugu. Sektoreko hitzarmena 2009tik berritu gabe dago. Bada garaia hitzarmena berritzeko! Ezin dugu gehiago onartu 2017. urtean 2009an baino lan baldintza okerragoak izatea. Langileek jasaten duten prekarietatea jasanezina da.

3.- LAB eta ELAren artean sektoreko ordezkaritza sindikalaren ia %90 osatzen dugu. Langileentzat hitzarmen hoberena lortu ahal izateko, LABek positibotzat jotzen du bi sindikatuen arteko elkarlana.
 

 

 

Teusa eraikuntza enpresa zigortu dute silikosia dela-eta

0

Langile bati %40aren errekargua onartu zaiola silikosiagatiko prestazioengatik. Prozesu luzea egin ondoren, langileari onartu zaio gizarte segurantzaren prestazioak %40an emendatu zaizkiola. lorpen hau bide luze, nekagarri eta gogorraren ondotik iritsi da. Horregatik, egoera honetan egon daitekeen edozein langile animatzen dugu eta haren esanetan jartzen gara egoera salatu eta dagozkion erreklamazioak bidera ditzan.

Hau guztia arnas-arazo batzuekin hasi zen; horiek zirela-eta Mutualiara bidali zuten. Mutualitatearen zerbitzu medikuek, harrigarriki, langilea haurra zela, gaizki sendatutako tuberkulosi baten ondorioz gaixotu zela zehaztu zuten, nahiz eta langileak ez zuen inoiz tuberkulosirik izan.

LAB harremanetan jarri zen Oviedoko Instituto Nacional Español de la Silicosis-arekin, zeinak zehaztu zuen diagnostikoa argia zela: neumokonoiosia konplikatua, silikosia alegia.

Osalani eskatu genion txostena egin zezala. Hark kasua aztertu eta ikertu ondoren idatzi zuen txostenean, langileak silizearekin etengabeko harremana izan zuela frogatzen zen. Duela urte batzuk prebentzio zerbitzuak egin zuen txostena zegoela ere frogatzen zen, non onartzen zen langilea silizearen arriskua pean egon zela, hura onartezina zela eta neurriak hartu behar zirela. Azkenik, eta txosten hauek guztiak aurkeztu ondoren, Mutualiak onartu zuen laneko gaixotasun batez ari ginela. Hala ere, enpresak beti ukatu du esposizioa, kanpo eta barne txostenak ezagutu arren.

Urte askoan langile hau eta gainontzeko guztiak silizearen arriskupean jardun dira, inolako babesik gabe, substantzia horren eraginpean dihardutenen osasuna kontrolatu gabe.

Hau guztia ikusita, lan ikuskaritzari eskatu genion prestazioen gainordaina, dena den, ikuskaritzak, ulergaitza bada ere, txostenak eduki eta enpresa kontraesanetan ibili arren, gain-ordainketa eskatuko eskatuko erabaki zuen.

Azkenik, eta Gizarte Segurantzari kasua salatu ondoren, arrazoia eman digute eta Donostiako Teusa enpresa zigortu dute, prestazioen %40a gain-ordaintzearekin.

Prestazio horrek langilearekin osasuna berreskuratzen laguntzen ez badu ere, garrantzitsua da, enpresaren ardura argiki erakusten duelako, haren berri izanagatik, ez zuela inolako neurririk bideratu, langileak ez zituela babestu, eta ez zuela egoeraren berri eman ere.

Bidea luzea, nekagarria eta gogorra gertatu zaigu, gaixotasunaren prozesua dela eta. Horregatik, egoera honetan egon daitekeen edozein langile animatzen dugu eta haren esanetan jartzen gara egoera salatu eta dagozkion erreklamazioak bidera ditzan.

Amaitzeko, Teusari eta enpresa guztiei esan nahi diegu langileen osasuna babesteko neurriak har ditzatela, gure osasuna ez dagoelako salgai.
 

 

 

“Hazte oir” bus transfoboaren aurrean egindako protestarengatik Gobernu Delegazioaren isunak jaso ditugu


Gaur, ekainaren 28a, Nazioarteko Sexu Askapenerako Eguna dela eta, aniztasun sexualaren aldeko konpromisoa berretsi nahi dugu. LGTBIQen Giza Eskubideen edozein urraketen aurrean, sexu askatasunaren aldeko lana ezinbestekoa da, baita lan eremuan ere. Halaber, edozein lesbo-homo-trans-bifobiaren aurrean salaketa publikoa egitea funtsezkoa dela uste dugu.

Hori dela eta "Hazte oir" bus transfoboaren inguruko azken gertakariak salatu nahi ditugu. Ezaguna denez, pasaden martxoan aipaturiko bus transfoboa Iruñeko kaleetatik pasa zen eta horren aurrean zenbait herritar eta hainbat eragile sozialen kideak kalera atera ginen, busa geldiarazi nahian. LGTBIQen Giza Eskubideen ukazioa, probokazioa eta ideologia transfoba hedatu nahi zuen gorrotoaren busa geldiaraztea ezinbestekoa zen eta kaletik busa ez ibiltzea administrazio publikoaren eginkizuna bazen ere, zenbait herritar eta militanteek egin behar izan genuen. 

Hots, Gobernu Delegazioak baimendu eta babestu egin zuen bus transfoboa (oinezko bat harrapatu egin zuena, besteak beste) eta ekimen transfoboa salatzera joan ziren hainbat militanteen kontra isunak inposatu ditu. Zehazki LAB sindikatuko hiru kideek pairatu dituzte isun ekonomikoak.

Beste behin, argi geratu da zeintzuk diren Carmen Albaren zaletasunak eta gorrotoak.
Beraz, publikoki salatu nahi dugu Gobernu Delegazioaren jarrera.

Zenbait agintarien pasibitate eta aipaturiko gertakarien gainetik, LGTBIQ mugimenduaren zenbait aldarrikapen historikoak gauzatzen ari garela azpimarratu nahi dugu. Besteak beste, Katalingune eta Harrotu bezalako gune eta zerbitzuak martxan jarri izana.

Bestalde, LABen askatasun sexualaren aldeko konpromisoa berretsi nahi dugu. Lan eremuan ematen den edozein diskriminazioaren aurka borrokatzen dugu, baita aniztasun sexualari lotutako diskriminazioaren kontra ere. Norabide horretan azken urteetan zenbait urrats eman izan ditugu. Besteak beste, “Jendarte eta lan eremu anitzen alde” gida lan-zentroetara eramanez edota lantokietan diskriminazio eta jazarpen homofobikoaren aurkako protokoloa. 

Azkenik, LGTBIQen mugimenduak antolaturiko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi dugu. Euskal Herria anitza, pertsonen arteko harreman parekideak eta diskriminaziorik gabeko jendarte baten alde gauden langile guztiei deia egin nahi diegu aniztasun sexualaren alde borrokan jarraitzeko, honen aldeko sentsibilizazioa areagotzeko eremu guztietan lanean jarraitzeko eta edozein diskriminazio mota salatzeko.

 

E28 MOBILIZAZIOAK
Gasteiz, 20:00etan Andra Mari Zuritik
Donostia, 19:30ean Boulevarretik
Bilbo, 19:30ean Moyua Plazatik
Iruñea, 19:00etan Autobus Geltoki zaharretik

UZTAILAREN 1
Biarritz, 20:00etan Askapen Ibilaldia
 

 

Osakidetzak egindako eskaintza ez da nahikoa enpleguari buruzko akordioa lortzeko

0

Ostiraleko mahai sektorialaren batzarrean bertan, SATSE, SME eta UGT sindikatuek aurre-akordioa sinatu zuten. LABek momentuz ez du baldintza nahikorik ikusten halako akordio batean sartzeko. Negoziazioa ez da amaitu, hasi baino ez dugu egin. Beraz, gure zentzuzko proposamenak kontuan hartzeko borondaterik balego LAB prest legoke bide hori jorratzen jarraitzeko eta akordioak eskuratzeko.

Ostiraleko mahai sektorialean martxan dagoen negoziazio prozesuari segida eman genion. Osakidetzak enpleguari buruzko akordio zirriborroa (negoziazioa osatzen duten puntuetako bat) aurkeztu zigun . Bertan 2016-2017 EPE proposamena, leku-aldatze lehiaketa, kontratazio puntu batzuk eta plantillari buruzko konpromiso batzuk agertzen dira.

LABek aurrerapausotzat hartzen du Osakidetzak egindako eskaintza, baina gure ustez, ez da nahikoa Enplegu atalaren gaineko akordioa lortzeko. Gure aburuz, beste gauza batzuen artean, hauek hobetu beharko lirateke:

-Plaza gehiago atera behar dituzte 2016-2017 EPEan, gaur egun pairatzen dugun behin-behinekotasun tasa jaisteko eta lan-baldintza prekarioak hobetzeko.

-Legegintzaldi honetako hurrengo EPEa (2018-2019) zehaztu behar dugu: zenbat plaza zein kategoriatan eta baldintza horietan egingo delako konpromiso idatzia.

-EPE ereduan aldaketak egin behar dira. Garrantzitsuenetakoa, Osakidetzaren konpromisoa EPE batetik bestera nota mantentzeko. 2011 urteaz geroztik, LABek behin eta berriro eskaera hau ipini du mahai gainean pentsatzen dugulako oso neurri inportantea dela EPEz EPE aurkeztu behar diren pertsonei oso traumatikoak diren prozesu hauek zertxobait erraztea. Lortu dugu azken dokumentuan agertzea, baina sartu duten koletillak “juridikoki posiblea bada” ez du inolako bermerik ematen. Beste aldaketa beharrezko batzuk azterketa eta ikasi beharko material motak dira; formakuntza kontuan hartuz gero kategoria guztientzako izan beharra; eta plaza ateratzen ez duten izangaien kontratazio zerrendetan zuzenean eta modu automatikoan sartzea.

-Platillari buruzko konpromisoak zehaztu behar dira denboran eta kopuruan. Hasteko, hutsune guztiak lehenengo momentutik ordezkatzea oinarrizko baldintza da. Eta horretaz aparte, plantilla estrukturala epe labur batean pertsonal finkoarekin bete behar dela.

Bestaldetik, nahiz eta gaurko puntuen artean ez den sartu, pribatizazioaren aldeko Osakidetzaren jarrera itxia salatu nahi dugu. Behin eta berriro errepikatzen dute eskualdeetako ospitaleetako sukaldeak pribatizatuak izango direla, Urdulizkoa kasu. Izan ere, hau onartzearen truke, EPErako operari eta mantenimenduko plaza gehiago ateratzea eskaini ziguten. LABek ez du halako xantaiarik onartuko. Alde batetik, plaza horiek ateratzeko aukera baldin badago, atera beharko lituzkete aitzakiarik gabe. Bestaldetik, ahaztu egiten dute sukalde pribatizatuak publikoak baino garestiagoak direla eta kalitate txarragoa eskaintzen dutela. Ez al ditugu gogoratzen Nafarroako ospitaleetako “Mediterranea de Catering” enpresak zerbitzaturiko janariaren argazkiak eta salaketak? Ez dugu ulertzen zergatik EAJk sukalde publikoen alde egiten duen Nafarroako gobernuan, eta EAEan kontrakoa, ez bada interes ekonomiko zehatzak daudelako tartean.

Ostiraleko batzarrean bertan, SATSE, SME eta UGT sindikatuek aurre-akordioa sinatu zuten. LABek momentuz ez du baldintza nahikorik ikusten halako akordio batean sartzeko. Negoziazioa ez da amaitu, hasi baino ez dugu egin. Beraz, gure zentzuzko proposamenak kontuan hartzeko borondaterik balego LAB prest legoke bide hori jorratzen jarraitzeko eta akordioak eskuratzeko.
 

 

 

Elkartasuna Euskal Herritik Sevillako LIPASAM enpresako langileekin

0


LAB sindikatutik elkartasuna adierazi nahi diegu beraien eskubideen alde borrokan diharduten Sevillako LIPASAM enpresako langileei eta Sindicato Andaluz de Trabajadores-eko (SAT) kide guztiei.

Borrokan dauden langile multzo hau Sevillako LIPASAM garbiketako enpresako kontrataziorako lan poltsatik bazterturiko langileak dira. Langile hauek bere egunean lanean berriro ere onartzeko eskubidea adostuta zeukaten baino gaur egun oraindik ere hilabete askotako borrokaren ondoren kontratazioetatik baztertuak izaten ari dira.

Hori gutxi balitz, Ekainaren 7an langile multzo hau eta beraiek babesten zeuden pertsonak udaletxean egindako itxialdiaren bukatu ondoren bilera bat egiten saiatzen ari zirenean Sevillako udaletxetik bortizki bota zituzten.

Horregatik beraien eskubideen alde egiten ari diren borroka honen aurrean gure elkartasun eta babes guztia erakutsi nahi diegu. Borroka eta antolakuntza langile klaseari inposatu nahi diguten bazterketa eta prekarietate egoera gainditzeko bide bakarra dira. Horregatik LIPASAMeko langileek beraien borroka honetan LAB bidelagun izanen dute.
 

 

 

Lantokietan askatasunez bizitzeko aldarria atera dugu kalera


 "Hazte oir" bus transfoboaren aurrean egindako protestarengatik Gobernu Delegazioaren isunak jaso ditugula salatzen dugu LAB eta E-28-J Plataformak

Langile batek eraso homofobo bat jasan zuen duela hilabete batzuk, eta, ondorioz, bajan egon zen. Ondoren, kaleratua izan zen. Gaur afera honen inguruko epaiketa egin dute Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegietan, eta LABek elkarretaratze bat egin du epaitegien atarian, “Aniztasun sexualaren alde, eraso sexistarik ez” leloarekin, homofobiak jendartean lekurik ez duela adierazteko. Era berean, sindikatuak bat egin du biharko, Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunerako, deitutako mobilizazioekin.

Iaz sindikatuko kide batek eraso homofoboa jasan zuen. Honen ondorioz, bajan egon zen eta ebakuntza egin eta gero, lantokira bueltatu zenean, kaleratze gutuna eman zioten. Bi aldiz errepremitua izan da. Gaur, ekainak 27, ustezko erasotzailearen aurkako epaiketa baliatuz, eta ekainaren 28aren bezpera izanda, LABek elkarretaratze hau deitu du, lantokietan horrelako egoerak egunero gertatzen direla salatzeko.

Ekintza Sozialeko idazkari ondoko Urtzi Ostolozagak hitza hartu du. eta eraso homofoboak gogor salatu ditu. "Langileok eraso homofoboen aurrean erantzuten jarraituko dugu", nabarmendu du.
 
Fobia hauek, jendarteko esparru guztietan izaten dira, sistema ezberdinen arteko indarkeria horretan oinarritzen delako. Lan mundua, jendartearen ispilu izanda, indarkeria gunea da. Gehiago esango genuke, azken urteotako lan erreformek orokorrean langile klase guztia zapaldu badute, are gehiago bazterretan gaudenak: emakumeak, gazteak, migranteak.. eta baita disidentzia sexuala ere.
 
Administrazio publikoen ardura aldarrikatzen dugu, gure borrokak merkantilizatzeari utzi eta gure eskubideak babes ditzatela exijitzen diegu.
 
Langileok horrelakoen aurrean erantzuten jarraituko dugu, sexu aniztasunaren aldeko eragileekin aliantzan eta elkarlanean. Baina gure lana hauek ekiditea da. Lan itzela dugu egiteko lantokietan, gure sexu eta genero aukerak askatasunez bizitzeko.
 
LABek langileak eta jendartea, bihar, ekainaren 28rako deituta dauden mobilizazioetara parte hartzera deitzen dugu.

Hain zuzen ere, hauek dira biharko, ekainaren 28ko Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunerako, aurreikusita dauden mobilizazioak. LABek atxikimendua luzatu die horiei guztiei:

-Gasteizen, 20:00etan, Andra Mari Zuritik
-Donostian, 19:30ean, Bulebarretik
-Bilbon, 19:30ean, Moyua plazatik
-Iruñea, 19:00etan, geltoki zaharretik

Bestalde, uztailaren 1ean Askapen Ibilaldia izenekoa egingo dute Biarritzen, 20:00etan.

Maiatzean ere sexu aniztasunaren alde mobilizatu ginen; kasu honetan, maiatzaren 17an, Homo-, Lesbo-, Trans-, Bifobiaren kontrako egunean. Hori bai, eskubide hauek ez dira egun bakarreko kontua, gure egunerokotasuneko borroketan txertatu beharrekoa baizik.

 

 

 

Langile bat hil da Muxikan, deskarga lanetan ari zenean

Zornotzako Transportes Agirreko langile bat hil da gaur lan istripu ez traumatiko batean; kasu honetan, deskarga lanetan ari zenean Muxikan (Bizkaia). Dagoeneko 2017an Hego Euskal Herrian gutxienez 31 langile hil dituzte euren lanpostuetan edo horien ondorioz: 3 Araban, 11 Bizkaian, 12 Gipuzkoan eta 5 Nafarroan.

Gaur Zornotzako Transportes Agirreko langile bat hil da laneko istripu ez traumatiko batean; kasu honetan, deskarga lanetan ari zenean Muxikan (Bizkaia).

LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko, auzokide eta gertukoei, eta langile-klaseari orokorrean.

Dagoeneko 2017an Hego Euskal Herrian gutxienez 31 langile hil dituzte euren lanpostuetan edo horien ondorioz: 3 Araban, 11 Bizkaian, 12 Gipuzkoan eta 5 Nafarroan.

Kasu honetan, beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Garraiolariek ez daukate giza nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik askotan, eta, gainera, berauek edukitako lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontutan edukitzen. Horrela, Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren ezagun izan arren.

Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak (traumatikoak edo ez traumatikoak) errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Beste askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak direlarik. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Mobilizazioa ezinbestekoa da, hurrengo egunetan ere, gaur gertatutako lan istripua eta lan baldintza kaxkarrak salatzeko. Hala, ekainaren 28an, elkarretaratze bat egingo dugu Zornotzan ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok “Lan istripu gehiagorik ez. Prekarietatea hiltzailea” lemapean. 12:00etan izango da, Transportes Aguirre enpresaren aurrean.