2026-09-07
Blog Page 942

Abenduaren 12rako grebara deitu dugu EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan

0

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuetako ordezkariok agerraldi bat egin dugu datozen asteetarako aurreikusitako mobilizazioen berri emateko. Hainbat ikastetxetan itxialdiak egingo ditugu urrian zehar, familia eta herritarrekin manifestazioak ere, abenduaren 12ko greba gauzatu aurretik. Era berean, borroka asteak antolatuko ditugu azaroan, sektore bakoitzeko aldarrikapenak gizarteratzeko.

Hauxe da LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek gaur irakurritako agiria:

Pasa den ikasturtean EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko sektore ezberdinetan eta haurreskoletan greba eta mobilizazio garrantzitsuak egin genituen, ikastetxeak, langileak, ikasleak eta familiak azken urteetan pairatzen ari garen egoera larria salatu asmoz eta egoerari buelta emateko ezinbestekotzat jotzen ditugun neurriak plazaratu asmoz. Eusko Jaurlaritzak, ordea, oraindik ez die gure aldarrikapenei erantzunik eman. Sektore ezberdinetako Negoziazio Mahaiak deitzeko ariketa formala egin duen arren, egoera larri honi buelta emateko inolako neurri zehatzik ez du ezarri mahai gainean.

Azken hilabetetan plazaratu moduan, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuon ustez ondorengoak dira egungo egoerari irtenbidea ematen hasteko adostu beharrezko neurriak:

-Hezkuntza inbertsioa handitzea (gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa, progresiboki %6ra iritsiz).
-Plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitzeko beharra.
-Bataz-besteko ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %41 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan), %6ra murrizteko premia. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.
-Ikasle-ratioak %10 murriztea.
-Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea.
-Ordezkapenak lehen egunetik egitea.
-Bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
-Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
-LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
-Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
-Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.
-Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu. Hau dela eta, uste dugu ikasturte honen hasieran ere, Hezkuntza Sailak greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digula uzten.

Irailetik aurrera elkarretaratzeak burutuko ditugu lurralde ezberdinatako Hezkuntza Ordezkaritzetan eta ikastetxeetan. Irailaren 20an Gasteizko Ama Zuriaren plazan hezkuntza publikoaren egoera eta beharren inguruko solasaldi irekia (world-kafe) dugu. Irailaren 28an ikastetxe, sektore ezberdinetako langile, ikasle eta familiek sufritzen duten egoera salatzeko ekimen bereziak egingo ditugu ikastetxeetan. Urrian zehar lurralde ezberdinetako hainbat ikastetxeetan itxialdiak burutuko ditugu batzar, mahainguru, solasaldi, kontzertu, antzezlan, errezitaldi eta antzekoak gauzatuz. Urriaren 28an familia eta herritarrekin batera manifestazioak burutuko ditugu Gasteiz, Donostia eta Bilbon. Azaroko aste bakoitzean sektore jakin bateko egoera eta aldarrikapenak plazaratzeko “borroka asteak” antolatuko ditugu, aste bakoitzeko ostegunean dagokion sektorean greba eguna deituz. Azkenik, abenduaren 12an sektore guztietan greba deituko dugu.

Sindikatuon ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea eta honek guztiak eraginda egungo hezkuntza publikoan eta haurreskoletan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea.

Hezkuntza Sailari dei egiten diogu sektore ezberdinetako aldarrikapenak (irakasleak, Heziketa Berezia, Sukalde eta Garbiketa eta Haurreskolak) aintzat hartu eta benetako negoziazio prozesu bat abia dezala lan-baldintzak hobetu eta egungo gure hezkuntza publikoak dituen behar eta erronkei modu egokian erantzuteko.
 

 

 

Sarek aurkeztutako dokumentuari babesa eman diogu

Presoen eskubideen aldeko plataformak datozen hilabeteetan gauzatuko duen lanaren ardatzak aurkeztu ditu gaur Aieteko jauregian, norbanako eta zenbait eragileren babesarekin. Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak eta Exekutiboko kide Edurne Larañagak ordezkatu dute LAB agerraldian. Hain zuzen ere, Sarek dokumentu bat aurkeztu du, bake eta normalizazioan ekarpena egiteko eta presoen auzia konpontzeko helburuarekin.  

Salbuespen legeriarekin bukatzeko garaia dela nabarmendu dute Sareko ordezkari Bego Atxak eta Joseba Azkarragak. Larri dauden presoak askatzea, torturatuak izan diren presoen sententziak berrikustea eta zigorra osorik betetzea ezartzen duen araudia deuseztea dira Sareren dokumentuan jasotzen diren eskaeretako batzuk.

Era berean, 0 Km kanpaina indartuko dutela aurreratu dute, Bilbon urtarrilaren 13rako deitutako manifestazio erraldoia iritsi bitartean.

 

 

 

Hitzarmen duin bat aldarrikatu dute Misericordia zaharren egoitzako langileek

Iruñeko Casa Misericordia zaharren egoitzako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur enpresak erakutsitako jarrera salatzeko. Hain zuzen ere, enpresak langileen eskaerak ez ditu aintzat hartu eta Nafarroako KPI kontutan hartzen ez duen proposamena mahai gainean jarri du berriro. Are eta gehiago, hitzarmena bermatzeko konpromisoa bera ere ez du hartu.

Casa Misericordia zaharren egoitzako enpresaren jarrera dela eta, LAB, ELA, UGT, CCOO, SATSE eta USO sindikatuek mobilizatzeko deia luzatu dute. Gaur goizeko elkarretaratzearen ondoren, langileak gaur arratsaldean eta ostegunean elkartuko dira berriro. Elkarretaratzeak 17:30etik 18:30era izango dira: gaur, zaharren egoitzaren atari nagusian; eta ostegunean, zezen plazaren etxartean.

Egoera berdin jarraituz gero, mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri dute.
 

 

 

Plan bera aurkeztu du CNA Fagor enpresako zuzendaritzak, 167 langile kaleraturekin

0
Gaur, hilak 5, CNA Fagor enpresako zuzendaritzarekin bilera izan du enpresa batzordeak, eta honek zuzendaritzakoek “bideragarritasun planaren bigarren bertsioa” aurkeztu dietela salatu du.

Hauxe da CNA Fagoreko enpresa batzordeak egin duen irakurketa, bileraren harira:

Benetan aurkeztu digutena, lehenengo planaren bigarren bertsioa da, eta aurkeztu duten aldaketa bakarra, labeak montatzeko proposamena da. Honek 160 langilerentzako enplegua sortuko luke gehienez, hau da, gehienez, hasierako planeko gehienezko zifrara helduko litzateke. Gainera, %10ko soldata jeitsiera proposatzen dute.

Zuzendaritzak enpresako buruek Garagartzan ez ekoizteko “erabaki politikoa” jakinarazi digu, guretzat proiektu industrialari uko egitea suposatzen du honek.

Azken finean, Enpresa Batzordeak ez dio alternatibarik eman hasierako planari eta CNA FAGOReko zuzendaritzak, merkatal jarduera ekoizpenaren osagarri moduan ulertu beharrean, merkaturatzean planteatzen dute proiektuaren oinarria.

Drama sozial bat dela uste dugu, eta horretaz eragile ezberdinen inplikazioa beharrezkoa dela. Hortaz, hurrengo egunetan Eusko Jaurlaritza, Fagor eta Ekimen Berri-rekin bilerak eskatuko ditugu.

Bihar, irailaren 6an, batzarra burutuko dugu Garagartzan 11:00tan, eman beharreko urratsak erabakitzeko asmoz.
 

 

 

Prekarietateak indartsu jarraitzen du Hego Euskal Herrian

Abuztu bukaeran, Hego Euskal Herrian dauden enplegu zerbitzu publikoek erregistratutako langabezia 169.161 pertsonatakoa zen. Datu honen atzean geroz eta prekarietate handiagoa topatzen dugu. Hala nola abuztuan sinatutako kontratuen %94,4a aldi baterakoa izan zen eta langabeziagatiko babesari dagokionez, herena baino gutxiago dira langabeziagan daudenetatik prestazioren bat jasotzen dutenak.

Abuztu bukaeran, Hego Euskal Herrian dauden enplegu zerbitzu publikoek erregistratutako langabezia 169.161 pertsonatakoa zen. Hauetatik, %56,7 emakumezkoak dira eta %43,3 gizonezkoak. Igoera honen ondorioz, langabezia %12,7a baino piskat gorago kokatzen da (biztanleria aktiboaren portzentaiareko 2. sehilabetekoko Biztanleria Aktioaren Inkestern arabera), bien bitartean, Europar Batasuneko batazbestekoa (uztailari dagokiona), %7,7koa da.

Sei hilabete generamatzan jarraian langabezian zeudenen kopurua murriztuz, %1,3 aurreko hilabetearekiko. Gainera, bereziki negatiboa izan da bilakaera Gipuzkoa eta Araban, %2,9 eta %2,5eko igoerarekin, hurrenez hurren. Nafarroan soilik jaitsi da puntu erdi (-%0,5).

(Aurreko urtearekiko, erregistratutako langabezia 12.852 pertsonetan murriztu da, %7,1 gutxiago).

Baina are negotiboagoa izan da Gizarte Segurantzari afiliazioak izan duen bilakaera, izan ere abuztuan hilabeteko batazbatekoa 11.959 afiliaziotan egin du behera lau herrialdeak kontutan hartuta.

Prekarietateari dagokionez, aipatzekoa da abuztuan sinatutako kontratuen %94,4a aldi baterakoa izan zela (%92,9 urtarriletik metatutako kontratazioa kontutan hartzen badugu).

Langabeziagatiko babesari dagokionez, herena baino gutxiago dira langabeziagan daudenetatik prestazioren bat jasotzen dutenak, ordaindutakoaren araberakoa eta asistentziakoak kontuan izanik. Gainera, langabeziagatiko babesgabetasuna askoz handiagoa dalangabetuen babesgabetasuna zenbat eta altuagoa izan eta are eta gehiago luzatu denbora bere enplegu-bazterketa egoera. Egoera hau zentzugabekeria bat da, egungo enplegu politika pasiboen diseinuak sortua.

 

 

 

LABek eta ELAk aldebakarreko burujabetza prozesu sozial baten alde egiten dugu

0

Garbiñe Aranburu eta Txiki Muñoz, LAB eta ELAko idazkari nagusiek, hurrenez hurren, burujabetza prozesua bultzatzeko bi sindikatuek egiten duten irakurketa eta hartuko dituzten konpromisoak jasotzen dituen dokumentua aurkeztu dute. Aranbururen esanetan “erabakitzeko eskubidea dugun herria gara, baina herrien eta langileen erabakitzeko eskubidea ukatzen duen estatu antidemokratiko baten parte ere bagara. Aurrera egin nahi badugu beraz Euskal Herriak bere burujabetza prozesua diseinatu behar du eta zentzu honetan, ELA eta LABek, gure ekarpena egin nahi dugu”.

 
ALDEBAKARREKO BURUJABETZA PROZESU SOZIAL BATEN ALDE
 
POR UN PROCESO SOBERANISTA UNILATERAL Y SOCIAL

Ezinbestean, “bide hau aldebakarrekoa izango da” ziurtatu du Aranburuk. Hala ikusten ari gara Catalunyan azken aste eta hilabeteetan. PPren Gobernuak, PSOE eta Ciudadanosen konplizitatearekin, edozein modutara zapuztu nahi du erreferenduma. Esanguratsua eta adierazgarria da ere Eusko Jaurlaritzaren elkartasun keinu falta eta distantzia hartu nahia Catalunyako prozesuarekiko. Gainera erabat antidemokratikoa den gobernu bati egonkortasuna ematen dio. Aranbururen aburuz “Catalunyako prozesuarekiko erakusten duten jarrera epelaren atzean burujabetzaren aldeko apustu eza dago”.

Euskal Herriak bere prozesua egin behar du baina ez nolanahikoa, "prozesu sozialaz ari gara". Hain zuzen ere bizitzaren prekarizazioak ez du etenik, langileontzat ez dago errekuperazio ekonomikorik, desoreja sozialak handitzen ari dira…Egoera hau aldatzeko ezinbestean Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraiki behar dugu. Aranbururen iritziz “herritar guztiei bizitza duina bermatzeko ahalmen politiko eta tresna instituzionalak izatea izan beharko luke autogobernuaren funtsa”.

Argi eta garbi dio LABeko idazkari Nagusiak: “Herri bat garela aitortu behar da, euskal herritarrok dugun erabakitzeko eskubidea aitortu behar da”. Enplegu eta babes sozialeko gaietan ahalmen legegile osoa behar dugu, bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat eraiki nahi dugulako. Euskal herritar guztiek bizitza duina izan dezaten nahi dugulako. LAB eta ELAk ezaugarri horiek dituen burujabetza prozesua abiatzeko konpromisoa dugu eta bide hori jorratzek prest dauden ezkerreko eragile politiko, sindikal eta sozialen arteko aliantzak eraikitzea dugu helburu.

 

 

 

Heziketa Bereziko esleipenetan gertatutakoa salatzen du LABek

Lehenik eta behin, Gasteizko Musika Kontserbatorioan, Heziketa Bereziko esleipenetan bizi izan genuen egoeragatik langileek erakutsitako haserrea erabat konpartitzen dugula adierazi nahi dugu.

Lehenik eta behin, Gasteizko Musika Kontserbatorioan, Heziketa Bereziko esleipenetan bizi izan genuen egoeragatik langileek erakutsitako haserrea erabat konpartitzen dugula adierazi nahi dugu.

Gertatutakoa Administrazioaren arduragabekeriaren ondorio zuzena besterik ez da izan eta LABen aldetik hau denaren salaketa irmoa egin nahi du. Izan ere, Lanpostuen Zerrenda ez da argitaratu, sindikatuoi oso berandu bidali zitzaigun (bezpera arratsaldean) eta honek ekarri zuen jendea esleipenetara joatea jakin gabe zeintzuk ziren aukeran zeuden lanpostuak.

Lanpostuen zerrenda eguneratzeko konpromisoa errespetatu gabe hainbat urte eman ondoren, Europatik etorritako epaia izan da, azkenean, Administrazioa eguneratzera behartu dituena.
Hala ere, aukera galdu nahi ez, eta lanpostuen egonkortasunaren izenean egin izana saltzen saiatu zaizkigu beraien burua zuritzeko ahaleginetan.

Honen ondorioa, hasieran aipatu bezala, atzo Gasteizen bizi izan genuena. Berez, oso baldintza txarrak dituen esleipen prozesu bat, erabat okertzea lortu zuten, lanpostuak aldez aurretik argitaratu gabe eta ikasturte honetan bertan, kontratu mota berriak ekar ditzazkeen ondorioak, ondo ulertu ahal izateko informazioa, beharko litzatekeen moduan eman gabe.

LABek beti lanpostuen egonkortasunaren alde borrokatu du eta bide berean jarraituko du, beharrezkoak diren urratsak ondo eta denboraz emanez, langile guztion aukera berdintasuna bermatuko duen prozesu baten alde eginez.
 

 

 

Urteko gure erronka nagusiak: enplegu duina, burujabetza, mobilizazio soziala eta euskal preso eta iheslari politikoak

0

Kurtso berrirako LABen helburu zein erronkak finkatuta agerraldia eskaini dugu gaur Bilboko egoitzan haien berri emateko. 2017-2018 kurtsorako sindikatuak lau helburu nagusi finkatu ditu; prekarietatearen aurkako borroka indartzea, aldaketa sozialerako burujabetza prozesua abiatzea, politika publikoak herritarren gehiengoaren mesedetan izatea bermatzeko mobilizazio soziala areagotzea eta Euskal Preso politiko eta iheslarien etxeratzearen aldeko urrats berriak ematea. Lau helburu hauetaz jardun dira Garbiñe Aranburu, LABeko Idazkari Nagusia, Xabier Ugartemendia, Ekintza Sindikaleko Idazkaria eta Bea Martxueta, Ekintza Sozialeko Idazkaria.

Prentsaurrekoari Ugartemendiak eman dio hasiera bizi dugun testuinguruari errepaso bat emanez. Arlo sozioekonomikoan pasa den kurtsoak lanaren prekarietatea eta bizitzaren pobretzea areagotu duela adierazi du eta "politika neoliberalen eskutik, espaina zein EAEko gobernuak (hau da PNV eta PPk) gure gizartea pobretzeko bidea hartu" duela azpimarratu ere. Argazki hau irudikatzen duten hainbat gertakari aurkeztu ditu horretarako : DSBE edo RGIarekin gertatukakoa, fiskalitatearen erreforma, patronalari emandako babesa prekarietatea inposatzearako orduan…

Honekin batera prekarietateak gero eta lan istripu eta lan heriotza gehiago ekarri dituela salatu du. Datu bezala, 2017an, patronal eta gobernuek ezartzen ari diren prekarietateak eraginda, jada 42 langile hil direla azaldu du.

Politika ekonomikoari ere errepasoa eman dio Ugartemendiak, non PNVren norabide ezak, hainbat enpresen etorkizuna kolokan egotea ekarri duela adierazi duen (La Naval, Fagor-Edesa, Xey, Gayser, …), "horrek ekar lezakeen enplegu galera eta, ondorioz, pobreziarekin" gaineratuz.

Ipar Euskal Herriaren kasuan Ugartemendiak lan baldintzak eta bizitza prekarizatuko dituen Macronen lege berriaren mehatxua aipatu nahi izan du. 

Arlo politikoari begira, Ugartemendiak, egun Kataluiniar herriak bere etorkizuna erabakitzeko ematen ari den pausuek agenda politikoa markatzen dutela adierazi du, urrian izango den erreferendumari erreferentzia eginez. Eskenatoki horretan eta hartutako jarrerara begiratuz, Espainiar Estatua antidemokratikoa dela adierazi du, "ez baitio libreki uzten Kataluniako biztanlegoari bere etorkizuna erabakitzen, behin eta berriz mehatxuetara mugatuz". 

Ugartemendiak, aldebakartasunez eta erabakitzeko eskubidean oinarrituta, LABek azken biltzarrean Euskal Herrian prozesu politikoa azkartzeko konpromisoa hartu zuela gogoratu du eta Kataluiniar herriari bere babesa eskaini dio sindikatuaren izenean.

2017-2018 IKASTURTERAKO LABen ERRONKAK

Ugartemendiak azaldutako testuinguruari erreparatuz eta erantzun emateko, Garbiñe Aranburuk, LABeko idazkari nagusiak, sindikatuak ikasturte berrirako finkatu dituen helburu eta erronkak aurkeztu ditu.

1. ENPLEGU DUINAREN ALDEKO PREKARIETATEAREN KONTRAKO BORROKA INDARTU

Aranburuk prekarizazio prozesuak ez duela etenik adierazi du, "errekuperazio ekonomikoa ez dela langileengana iristen eta desberdintasunak areagotzen ari direla". Egoera honen aurrean, LABen prekarietatearen kontrako neurriak jasotzen dituen gida bat lantzen ari garela aurreratu du, "egoeraren salakata eta egoerari buelta emateko neurriak jasotzen dira bertan" nabarmenduz.

Idazkari Nagusiak prekarizazioari aurre egiteko, patronalarekiko konfrontazioa areagotzea ezinbestekoa dela nabarmendu du, mobilizazio eta greben garrantzia azpimarratuz. Bide honetan ekimen eta dinamika ezbedinen berri eman du:

• Urria eta abendua artean. Lan eta bizi duina eskuratzeko ekimen ibiltaria jarriko dugu martxan, eskualdez eskualde ibiliko dena.
• Prekarietarearen kontrako Gida ezagutzera eman eta mobilizazioaren beharra azpimarratuko dugu.
• Macronek Estatu Frantzesean iragarri duen lan erreformaren kontra mobilizatuko gara, lehen hitzordua irailaren 12an dugu.

2. ALDAKETA SOZIALERAKO BURUJABETZA PROZESUA ABIATU

Bizi dugun prekarizazio egoerari irtenbidea eman eta herritar guztiei bizitza duina bermatzeak izan beharko luke edozein gobernuren lehentasuna eta eginkizun nagusia Aranbururen hitzetan eta zentzu horretan, autogobernuaren funtsa herritar guztiei bizitza duina bermatzeko ahalmen politiko eta tresna instituzionalak edukitzea izan beharko lukeela adierazi du. Honela, LABen erronka nagusienetako bat aldaketa sozialerako burujabetza prozesua martxan jartzea izango da aurtengoan. Horretarako neoestatutismoa gainditu eta jarrera soberanistak indartu eta ezkerreko esparru soberanistan aliantzatan sakontzen jarraituko dugu, LAB eta ELA artekoari lehentasuna emanez.

Kataluiniara begira Aranburuk han "independentziarako bidea urratzen ari diren bitartean, hemen Urkulluren Gobernua estatutua betetzea" eskatzen ari dela adierazi du, adarrikapen hori "garaiz kanpo dagoen aldarrikapena" azpimarratuz.

Aranburuk sindikatuaren izenean Kataluiniar herriari elkartasun eta babes osoa eskaini nahi izan dio agerraldian eta LABek Euskal Herrian zein Katalunyan antolatzen diren elkartasun mobilizazioetan parte hartuko duela adierazi du. Deialdietan, Irailaren 10ean izango den konferentzia sindikala eta Bartzelonako Diada eguna azpimarratu nahi izan ditu, non sindikatuak aktiboki parte hartuko duen. Euskal Herriari begira Gure Esku Dagok irailaren 16rako deitu duen manifestazioari ere eman dio garrantzia.

3. POLITIKA PUBLIKOAK HERRITARREN GEHIENGOAREN MESEDETAN IZATEA BERMATZEKO, MOBILIZAZIO SOZIALA AREAGOTU

LABen bi momentu nagusi aurrikusten ditugu politika publikoetan; zerga politikaren erreforma eta aurrekontuen onarpena eta orain arteko poltiketan inolako aldaketarik aurrei egongo denik aurre ikusten, Aranburuk "gure kontrako jarrera" azaltzen kalean izango garela esan du, lanketa berezi bat eginez Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik bideratzeko.

4. PRESO ETA IHESLARIEN ETXERATZERAREN ALDEKO URRATS BERRIAK EMAN

Laugarren erronka garrantzitsua LABentzak Euskal Preso politikoen kolektiboarekiko mantentzen den salbuespen legediaren eta eskubide urraketaren kontra egitea izango da. Eskubide urraketa hauek, "heriotza ere ekar dezake zoritxarrez" aipatu du Aranburuk, "uda honetan Kepa del Hoyorekin ikusi dugun moduan".

"Ez dago balio duen aitzakiarik eta ez dago denbora gehiago galtzerik" Idazkari Nagusiaren hitzetan, "preso eta iheslari guztiak etxerako bidean jarriko dituen ibilbide orri bat adostu behar da eragile politiko, sindikal eta sozialen artean" eta LAB bide horretan lanean da jadanik. Bide horretan mobilizatzearen garrantzia azpimarratu du Aranburuk, eta datozen egunetan izango diren hiru hitzordu garrantzitsu gogoratu ditu: Irailaren 3an eta irailaren 10an Donostian izango diren manifestazioak eta abenduaren 9an Parisen deitu den mobilizazioa.

DELEGATUEN BATZARRA URRIAREN 5ean

Agerraldiari amaiera emanez, Aranburuk erronka guzti hauek LABeko delegatuekin konpartitzeko urriaren 5ean Delegatuen Batzarra burutu dela iragarri du, Donostian izango da. 
 

 

 

Santiago Maldonado non dagoen galdetzen ari den mugimendura gehitzen da LAB

0


Hemendik guttira hilabete beteko da Santiago Maldonadori buruzko inolako informaziorik izan gabe, eta mundu osoan zehar milaka pertsonek Santiago Maldonado non dagoen galdetzen diote haien buruari, Argentinako Maputxe herriaren kontrako errepresioaren erdian desagertu zenetik deus ere jakin ez denean. 28 urteko artisaua, Argentinako Patagoniako Chubut probintziako Lof Cushamen komunitate Maputxeari elkartasuna adierazten zegoen desagertu zenean.

Jendarmeria Nazionala den indar polizial eta militarra da Argentinako mugak zaintzen dituena, eta indar hau izan zen 40. ibilbidea deritzona husteko helburuarekin, protestan zeuden pertsonen aurka egin zuena dimentsio handiko operazio errepresibo batekin. Lekuko batzuen arabera, errepresioa hasi zenean Santiago Maldonado errekarantz lasterka abiatu zen komunitate Maputxeko kideekin batera, baina ez zuen erreka gurutzatzea lortu. Bertan zeuden pertsona batzuen arabera, Gerdarmeak pertsona hauek zeuden tokira joan ziren eta pertsona bat haien kamioian sartu zuten. Hortik aurrera ez dago Santiago Maldonadori buruzko inolako informaziorik.

Mauricio Macri lehendakariaren gobernua ikerketari trabak jartzen ari da. Orain dela hilabete batetik hona, Estatua frogak biltzeari trabak jartzen ari da, eta aldi berean, haien erantzun bakarra gertatutakoarengatik Maputxe herria kriminalizatzea da.

Komunitate Maputxeak, Txile eta Argentina hegoaldeko lurraldeetan kokaturik dagoenak, haien lurren gaineko kontrola exijitzen dute Benetton eta Lewis bezalako multinazionalen interesen gainetik, lur-jabe erraldoi bilakatu direnak. Benetton familia esaterako, 900.000 hektarearen jabe da Argentina hegoaldean bakarrik.

LAB mundu osoan zehar Santiago Maldonado non dagoen galdetzen ari den pertsona eta eragile ezberdinen mugimendura gehitzen da. Zoritxarrez arrazoi politikoengatik bortxaz desagertarazitakoen gaia Argentinako herriaren memoria kolektiboan presente dagoen zerbait da, hagitz urruti ez dauden garai batzuetara eramaten gaituena.

Honi guztiari gehitu behar zaio, errepresio guzti honen atzean Benetton multinazionalaren interesen defentsa dagoela. Jakina da enpresa multinazional hauen inpunitate politiko, sozial eta ekonomikoa, eta aldi berean, jakina da Macri eskuindarraren gobernuaren politika kapitalaren interesen zerbitzura dagoena. Honek, areagotu bertzerik ez du egiten egoeraren eta Santiago Maldonadoren desagerketaren larritasuna.

Azaldutako guztiarengatik, Santiago Maldonado aktibista berriro ere bizirik ikustea desio dugu, eta Macriren gobernuari eta Argentinako justiziari gertatutakoa argitzeko beraien eskuetan dagoen guztia egitea exijitzen diegu. Maldonaren familia, lagunei eta Argentinan gertatutako argitzeko borrokan dauden guztiei gure elkartasuna bidaliz bukatu nahiko genuke. LABetik aldi berean ortziral honetan irailaren 1ean Bilboko Arriagan arratsaldeko 6etan eginen den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu.