2026-06-21
Blog Page 937

Ez dugu babesten Arabako eraikuntza eta lan publikoetako hitzarmena

0
LABetik inoiz baino ozenago aldarrikatzen dugu Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparru baten beharra, mota honetako inposizioen aurrean irtenbideak aurkitzeko. Finean, guztiz arautu gabe dagoen sektore hau negoziazio kolektiborako gaitasun osoaren laguntzaz ordenatu ahal izateko.

LAB sindikatuak ez du babesten Arabako patronalak, SEA-UNECAk eta UGT eta CCOO sindikatuek sinatu duten Arabako Eraikuntza Hitzarmena, hurrengo arrazoiak direla eta:

• Sektoreko langileak ez ditu lan erreformaren aurrean babesten, deskuelgea eta inaplikazioa enpresek alde- bakartasunez erabiltzeko aukera mantentzen delarik. Horrela, derrigorrez bete beharreko arbitrajea aplika daiteke akordiorik ezean, Langileen Estatutuko 41 artikuluan eta Hitzarmeneko 53 artikuluan oinarrituta.

• Mota honetako gai sensibleak estatu mailara esleitzen dira, herrialdeko hitzarmenaren edukiak hustuz, eta asmoen adierazpen huts batera mugatuz EAEko negozioazio kolektiboaren egituraketari buruzko Akordio Interprofesionala. Gogoratu behar da akordio hau lau sindikatu nagusiok sinatu genuela, baita CONFEBASKek ere, SEA honen parte delarik.

• Behin hitzarmenaren indarraldia amaituta, soilik 24 hilabeteko ultraktibitatea mantentzen du, behin epe hori pasatuta, hitzarmena aplikatzeari utzi ahal zaiolarik berau berritzen ez bada. Horrela, aplikatu beharreko hitzarmena estatu mailako eraikuntzako hitzarmen orokorra izango litzateke.

• Ez du lan jardunaldiaren murrizketarik jasotzen, EAEko altuena delarik Gipuzkoa eta Bizkaiarekin alderatuta, zeintzuk 2009 eta 2016tik daude luzapen egoeran hurrenez hurren. Bizkaikoa 1.712 ordutakoa da, Gipuzkoakoa 1.690 ordutakoa eta Arabakoa 1.726 ordutakoa. Honek lan postu berriak sortzea zailtzen du.

Hau guztiagatik, LABetik ikusten dugu hitzarmenak ez duela eduki nahikorik, ez gaitu lan erreformatik babesten, eta EAEn lau sindikatuok eta CONFEBASKek sinatutako Akordio Interprofesionala ezerezean uzten du, gure negoziazio esparruari lehentasuna ematen diona.

CCOO eta UGTk, zein CONFEBASKi lotutako enpresa elkarteek (SEA eta UNECA bezala) beraien buruak kokatu behar dituzte. Argi esan behar dute negoziazio kolektiboaren zentralizazioa onartuko duten gure hitzarmenak edukiz hustuaz, edota gure negoziaziorako esparrua defendatuko duten, hitzarmenak edukiz betez eta lan erreformarekiko babestuz.
 

 

 

Mugagabe bihurtzeko eskubideari buruzko xehetasunak eman dizkie langileei Gasteizko Michelingo enpresa batzordeak

Enpresarekin uztailaren 11an izandako bileraren ondoren, zeinetan dei egin zitzaion enpresari Arabako Lan Ikuskaritzaren (ALI) ebazpena betetzeko eta ondorioz, mugagabeko aitortzea Michelinekiko egungo harreman kontraktuala iruzurrezkoa duten langileak. Michelinek uko egin dio ALIren eskakizuna onartzeari, eta honen aurrean, enpresa batzordeak langileak informatzea erabaki du.

Enpresarekin uztailaren 11an izandako bileraren ondoren, zeinetan dei egin zitzaion enpresari Arabako Lan Ikuskaritzaren (ALI) ebazpena betetzeko eta ondorioz, mugagabeko aitortzea Michelinekiko egungo harreman kontraktuala iruzurrezkoa duten langileak. Michelinek uko egin dio ALIren eskakizuna onartzeari, eta honen aurrean, honakoa erabaki du Enpresa-batzordeak:

Egoerak eragiten dien langile guztiak informatzea mugagabeko bihurtzeko duten eskubidearen inguruan eta hau eskatzeko izan ditzaketen aukerez.

Horregatik, Batzordearen hurrengo bileran, Enpresa-batzordean ordezkaritza duten sindikatuen egoitza guztietatik informazio-erronda egitea planteatu eta onartu zen.

Lan hau egitea onartu duten sindikatuen egoitzetan egingo da informazio-erronda, langile guztiei banatuko zaien ohar informatiboan zehaztutako egun eta orduetan.

Nabarmentzekoa da CCOO, UGT eta CSIFek uko egin diotela aldibaterako kontratua duten gure lankideen lan-etorkizunerako hain garrantzitsua den informazio-errondan parte hartzeari.
 

 

 

Venezuelaren independentzia gogoan izan dugu Bilbon

0

Gaur, uztailak 14, LAB sindikatua Bilboko Venezuela plazan egindako ekitaldian egon da ordezkatua. Hain zuzen ere, Venezuelak Bilbon duen kontsulatuak gonbidatuta, herrialde honen independentziaren 206. urteurreneko ekitaldian hartu dugu parte.
 

 

 

Espainiako Estatuko aparatu judizialak bururaino eramango du Rafa Diezen kontrako burugabekeria

0

Auzitegi Gorenak hala inposatuta, LABen Idazkari Nagusi ohi Rafa Diezek oso-osorik bete beharko du bere jarduera politiko eta sindikalen ondorioz ezarritako zigor bidegabea. Bi ziren Rafa Diezen espetxeratzearen atzean zeuden arrazoiak. Alde batetik, Estatuko botereek independentismoaren aurka ezarritako salbuespen egoeraren ondorio bat gehiago izan zen. Baina gainera, Rafa eta beste hainbat atxilotzeko burututako Bateragune operazioak Ezker Abertzalearen estrategia aldaketa oztopatzeko helburua zuen. Honela, argi eta garbi geratu zen Estatuak nahiago zuela independentismoa zokoratuta mantenduko lukeen bortizkeria eskenatoki bat, Herri baten borondatearen eta borondate hori ukatzen duen Estatuaren arteko konfrontazio politikoa baino.

ETAk alde bakarrez borroka armatua bertan behera utzi zuenetik sei urte igaro direnean, eta euskal jendartearen nahiz instituzioen ekimenez Estatuak desiratzen ez duen armagabetzea eman denean, azken hau Euskal Herriaren aurkako salbuespen neurrietan tematzen ari da. Antzeko gatazkak eta are latzagoak pairatu dituzten herrialdeetan justizia trantsizionalaz, presoen askapen progresiboaz edota biktima guztien erreparazioaz mintzatzen diren bitartean, Estatuak bere politika errepresiboari eutsi eta, Altsasukoa bezalako kasuetan, areagotzea erabaki du.

Egoera honen aurrean, LABek berriro ere Rafa Diezen askatasuna aldarrikatzen du, baita euskal preso guztien berehalako Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten horien askatasuna nahiz salbuespen egoeraren behin betiko amaiera ere.
 

 

 

Elkarretaratze bat egin dugu Erandion, udalaren enplegu eta pertsonal politika salatzeko

Lanpostu finkoak suntsitzen eta lan prekarioa sustatzen ari da udal gobernua (PNV-PSOE). Egoerak okerrera egiten du egunetik egunera.

Hauxe salatu dugu gaurko protestan:

1. Azken 7 urtetan Udalak ez du lanposturik bete finkotasunez.
2. Lanpostu finkoak amortizatzen ari da, tantaka-tantaka. Orain administrari lanpostu bat amortizatu nahi dute Gizarte Ekintza sailean, lanpostu horren lan-zama inon agertzen ez den langile ebentual batek betetzen duenean, hori bai, askoz ere soldata txikiagoarekin.
3. Obretako brigada egoera larrian dago: plantillan 16 operari plaza dago eta 8 baino ez daude lanean. Langileen bajak eta jubilazioak ez dituzte ordezkatzen.
4. Brigadakoek egin dezaketen lan publikoa enpresa pribatuen eskutan lagatzen dute, gero eta gehiago.
5. Kiroldegietan gauza bera: ez dago udal langile nahikorik zerbitzua emateko. Udal plantillan 3 atezain eta mantentze lanetako ofizial lanpostu bat baino ez dago, 2 kiroldegi goizeko 8:00etatik gaueko 22:30era arte zabalik edukitzeko.
6. Udal plantillan ez dago ez Berdintasun ez Enplegu arloko lanposturik.
7. Interinitate tasa itzela daukagu: %40 ingurukoa.

Horren aurrean, LAB sindikatuak bestelako enplegu eta pertsonal politika eskatzen du:

1. Kalitatezko enplegu publikoa sortzeko

-Kiroldegietan eta obretako brigadan, bereziki.
-Zerbitzu publikoei eusteko eta zerbitzuak ganoraz emateko.
-Gai garrantzitsuak udal plantillako langileen bidez kudeatzeko; berdintasuna eta enplegua

2. Zerbitzuak ez azpikontratatzeko

-Baldintza hobeak dituzten lanpostuak izateko
-Lan-kargak arintzeko
-Diru publikoaren kudeaketa hobea egiteko, langileen mesedetan.

3. Enplegu Publikoaren Eskaintza egin eta lanpostuak finkotasunez betetzeko, plantillako 200 lanpostutik 70 interinoekin beteta edo hutsik baitaude.
 

 

 

“Behingoz egia jakin nahi dugu”, eskatu dute Edesa Industrial eta Geyser Gastecheko langileek

0

LAB eta ELA sindikatuok, Edesa Industrial eta Geyser Gastecheko Enpresa-batzordeetako ordezkariekin eta langileen presentziarekin, agerraldi bat egin dugu gaur Garagartzako lantegiaren kanpokaldean. Honen bidez, atzo egindako asanbladan onartutako mobilizazioen egutegiari buruzko informazioa eman dugu. Hain zuzen ere, mobilizazioak egingo ditugu uztailaren 17an, Garagartzako lan zentroan; eta uztailaren 19an, Arrasateko enparantzan.

ELA eta LAB sindikatuak, eta baita EDESA INDUSTRIAL eta GESYSER GASTECHeko langileak zeharo kezkatuta gaude enpresaren egoeragatik, itxieraren atarian egon gintezke, nahiz eta zuzendaritzan ez onartu begi bistako dena.

Azken hilabeteetan kaleratzeak, EEEak, informazio eza eta gardentasun faltak egoera larri batean ipini gaitu, hau gutxi balitz, orain hartzekodunen aurre-konkurtsoan gaude likidezia faltagatik, lanik gabe hornidura faltagatik, eta 30 lankide kaleratzeko espediente batekin.

Zuzendaritzak inoiz ez gaitu kontutan izan, nahiz eta susperraldirako ezinbesteko lanabesa izan. Inbertsio ezak, zuzendaritzaren erabaki okerrak, salmenta estrategia antzuak, etengabeko inprobisazioak… erabaki asko eta asko dira erakusten digutenak zuzendaritzak bizkarra eman diola hasiera proiektuari, eta dagoeneko gure konfidantza galduta dauka.

Guretzat une ankerra da, jada denbora gehiegi daramagu egoera jasangaitz batean. Nekatuta gaude informazio ezarekin, etengabeko kaleratzeekin. Behingoz egia jakin nahi dugu.

Hartzekodunen aurre-konkurtsoan izan arren, CNAk dio bere hautua jarraitzea dela, baina guri ez digute esaten nola jarraitu nahi duten, beste behin ere gure galderak eta kezkek alferrikakoak dirudite.

ELA eta LAB sindikatuok eta langileon ordezkariok ondorengoa adierazi nahi diegu, bai enpresa zuzendaritzari, bai FAGOR markari, instituzioei eta gizarte osoari:

1.- Langileak gara enpresaren aktiborik garrantzitsuena. Enpresaren benetako egoeraren eta eskuartean darabilten asmo berrien informazio guztia ezagutu behar dugu.

2.- Enpresaren bideragarritasunean sinisten dugu. Proiektu honek etorkizuna dauka neurri zehatz batzuk hartuz gero.

3.- Plantilla ez da arazoa. EDESA eta GEYSERen bideragarritasunak enpleguan eragin txarrik izan ez dezala eskatzen dugu. Kaleratze espedientea bertan behera uztea eskatzen dugu, ze ezinbestekoa da langileok bideragarritasun plana eta 2017ko gestión plana ezagutzea, beste ezer eztabaidatu aurretik.

4.- Guk ez dugu inongo negoziaketarik izango enpresarekin aurreko hiru puntuetan aipatzen diren baldintzak ematen ez diren bitartean.

5 eta azkena. Jaurlaritzaren erabateko inplikazioa eskatzen dugu. Sinesgaitza egiten zaigu enpresaren bilakaerari buruz eman dituzten mezu itxaropentsuak, behin eta berriz beraiekin egoeari buruz partekatu ditugun diagnosien ondoren.

Jaurlaritzari eta Fagor S. Coop.-i zera eskatzen diegu: ez dezatela irteera antzurik babestu, eta eksa dezatela inbertitzaile industrial bat barnean duen proiektu berri bat, eta etorkizuneko jarduera Euskal Herrian bermatuko duena.

Susmoa dugu eta seguru gaude partida beste eremu batean ari direla jokatzen eta guk ez daukagula inongo informaziorik.

Datorren egunetan mobilizazio ezberdinak egingo digutu, besteak beste elkarretaratze bat egingo dugu uztailaren 19an, asteazkena, 18:30ean Arrasateko enparantzan. Honetaz gain, astelehenean, uztailaren 17an, Garagartzako lan zentroan kontzentrazioa egingo dugu, azken kaleratzeak salatzeko.
 

 

 

CEL Taldeko lantegietako industria proiektuaren defentsan egin dute protesta, Arangurenetik Bilboraino

0

Enkarterrin zuzeneko enpleguko 254 lanpostu ditu, eta kontratak batuz 300eraino ere heltzen da. Bada, egoera larrian daude langileak eta euren familiak, ixteko arriskuan baitaude lantegiak. Oraingoz, hiru lantokietan argindarrik gabe eta lehengairik gabe jarraitzen dute, eta hori ez dute konpondu oraingo jabeek, ezta Eusko Jaurlaritzak edo Bizkaiko Aldundiak beren industria-politikekin ere. Hain zuzen ere, protesta Jaurlaritzaren eta aldundiaren egoitzen aurrera eraman dute gaur.

Hauxe da enpresa batzordeek kaleratutako agiria, gaurko mobilizazioaren harira:

CEL Taldearen enpresa guztiak papergintzan aritu dira joan diren 50 urteetan gure eskualdean. Iaz, 2016an, 62 milioi eurotik gorako fakturazioa izan dute, 1.2 milioi euroko EBITDA emaitzak, eta cash flow positiboa lortu. Eskualde honetan zuzeneko enpleguko 254 lanpostu ditu, eta kontratak batuz 300eraino ere heltzen da. Zeharka, gainera, eragin nabarmena du beste sektore batzuetan, besteak beste, Enkarterriko hornitzaileetan, ostalaritzan eta merkataritzan. Enpresa horiek ixten badira, kinka larrian geratuko dira ehunka familia, jarduera horrekin estu loturik baitaude.

Oraingo egoera oso larria da. Izan ere, ostiralean enpresak azaldu zizkigun irtenbideak ez dira gure gogokoak, ez baita kontuan hartu ekoizpenaren normalizazioa lantokietan.

Oraingoz hiru lantokietan argindarrik gabe eta lehengairik gabe jarraitzen dugu, eta hori ez dute konpondu oraingo jabeek, ezta Eusko Jaurlaritzak edo Bizkaiko Aldundiak beren industria-politikekin ere.

Erakundeen jokabidea etsigarria izan da, enpresen aldeko industria-politiketan ez dago edukirik, ez ezer, propaganda hutsaz besterik. Dagozkien erantzukizunak astintzen saiatu dira, lehen jabekideak baitziren, eta orain dela gutxi aldendu dira akziodunen artetik.

Zoritxarrez, erakundeekin izan ditugun bilera apurrak enpresa-batzordeen eskariz izan dira. Guk sinetsita geunden erakundeek zerbait egingo zutela, etorkizuna zuen proiektu errentagarri horren bideragarritasun-arazoa konpontzearren. Baina ustekabez ikusi dugu Eusko Jaurlaritzak taldearen etxe nagusiaren akzioen %40 besterendu zituela maiatzaren 18an, industria- eta finantza-erantzukizunak saihestearren. Akzioak utzi eta bost egun geroago bilera bat izan genuen Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Arantza Tapiaren ardurapeko sailean, eta akzioak uztekotan zeudela esan ziguten. Baina engainatu gintuzten, ordurako akzioak utzita zeuzkaten; guk horren berri bi aste geroago jakin genuen enpresaren ahotik.

Urkullu lehendakaria bera, Turtziozen Agirre lehendakariaren euskal lurretan eman zuen azken hitzaldiaren oroitzapen-ekitaldian, ez zen makurtu guri entzutera, edo gure proiektuari nolabaiteko babesa ematera; alderantziz, bertan behera utzi gintuen, halabeharrak zer ekarriko digun zain.

Bizkaiko Aldundiak, Abellanedan bildurik, eta diputatu nagusi Unai Rementeriak adierazi digute ahal duten guztia egingo dutela geldirik geratu diren instalazioak berriro abiarazteko. Baina gu argindarra noiz jarriko diguten zain gaude. Areago, makineriaren egoera, ebaluazio eta diagnostikoari buruzko peritu-txostenak zer dioen ez digute jakinarazi, eta bitartean enplegua eta etorkizuna kolokan daude.

Konkurtso Administrazioak ostiralean adierazi zigunez, egoera ezin iraunezkoa da; inbertsiogilerik sartu ezean, ERTE edo EEE batera joango gara. Antza, bi inbertsiogile interesatu daude, aste hauetako batean enpresak bisitatuko dituztenak. Inbertsiogile horiei oraingo jabeek ez zieten sartzen utzi konkurtsoaren aurretik eta konkurtsoan zehar. Baina Eusko Jaurlaritzak bere akzioak oparitu dizkie. Oraingo jabeek gaurko egunean ez diete oraindik bideragarritasun-planik aurkeztu langileei, etorkizunari eusteko berme gisa.

Zuzendaritza hori, Zurbost Gestión, oraingo egoeraren errudunak dira, eta herri-erakundeek urte askotan sostengua eman diete, maiatzaren 18ra arte, industriaren, merkataritzaren eta finantzaren ibilbidean. Beraz, erakundeek ere badute beren erantzukizuna kudeaketa horretan, eta etorkizunari begirako irtenbidean parte hartu behar dute, Enkarterrian hain erroturik dagoen proiektu honi ─industriaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik─ industriaren eta finantzen estaldurak emanez.

CEL Taldeko enpresa-batzordeek ez dituzte ahaleginak xuhurtuko konponbide bat bilatzeko, baina aldi berean egoeraren errudunen jokabideak salatuko dituzte, harik eta industria-proiektuak bideragarritasuna izan arte.

Hori horrela, eta enpleguari eusteko asmoz eta CEL Taldeko lantegietako industria-proiektua bermatzeko helburuz, erakundeetan eta herrietan mobilizazioak antolatzen jarraituko dugu; eta ildo horretatik, gaur ibilaldi bat abiatu dute 06:00etan Arangurengo Ecofibras lantegitik (argindarrik gabe) Bilboraino, Eusko Jaurlaritzaren aurrean geldialdi bat eginez, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean amaitzeko.
 

 

 

EITB komunikazio talde publikoak osasun zerbitzua pribatizatu nahi du

0

EITB taldeko enpresa-batzordeek elkarretaratze bat egin dute gaur, Bilboko egoitzan, zuzendaritzak osasun zerbitzua pribatizatu nahi duela salatzeko. LABek osasun sistema publikoaren alde egiten du, eta, beraz, EITBn zerbitzu medikoa bere osotasunean EITBrena izan behar duela defendatzen dugu. Hala adierazi dugu mobilizazioan.

Udazkenerako osasun zerbitzua kanpoko enpresa baten esku uzteko asmoa duela jakinarazi digu EITBko zuzendaritzak langileon ordezkarioi eta laneko osasun batzordeari. Aitzakia: orain arte lan kontratuarekin aritu den medikuak erretiroa hartuko duela eta ez omen dutela hura ordezkatuko duen medikurik topatu. Zehazki, ondokoa dio enpresak:

1- «Bakarrik denboraldi baterako eta soldata horrekin lan egingo duen enpresa medikuntzan espezializatutako mediku euskaldunik» ez dutela aurkitu.

2- Zuzendaritzak berak onartzen du zerbitzua kanporatu ezkero «kalitatea jaitsi daitekeela», baina, hala ere, «beste aukerarik ez dagoela» esaten du.

3- «Behin-behineko erabakia» dela eta «printzipioz urtebeterako» neurria izango dela sinestarazi nahi digute.

EITBko zuzendaritzaren erabakia okerra da eta neurri hori justifikatzeko erabili dituen argudioak iraingarriak dira langileontzat. Zergatik? Hemen erantzunak:

1) Baldintza horietan ez dute enpresa medikurik aurkitzen
LABek baieztapen horrekin zalantza handiak baditu ere, ez gara dialektika horretan galduko. Konbentzituta gaude Lanpostu Deialdi Publikoa egin ezkero, mediku andana aurkeztuko litzatekela baldintza duinak izango lituzkeen lanpostu baterako.

2) Osasun zerbitzua kanpoko enpresa batek kudeatzeaz
Hasteko, LABek printzipio sindikal gisa ez du esternalizaziorik/pribatizaziorik onartzen. Plantilla murrizketa eta lan-baldintzak okertzea ekarriko luke horrek. Alderantziz, Miramongo erizainaren lanpostuak ere plantillakoa, estrukturala, izan behar duela defendatzen dugu.

Zuzendaritzak beste aukerarik ez dagoela esaten duenean eta, inplizituki bada ere, zerbitzuaren kalitatea jaitsiko dela onartzen duenean, langileon osasunaren aurretik irizpide ekonomikoak lehenesten ditu eta hori oso larria da.

Legeriak berak (LPRL) eta Estatuko zein Europako txosten eta zuzentarau gehienek (osasunaren enpresa pribatuenak ezik, noski) lan arriskuen prebentzioaren KANPORATZEAREN KONTRAKO eta INTEGRAZIOAREN ALDEKO gomendioak jasotzen dituzte, medio propioekin eta enpresan txertaturik, alegia. Europako Auzitegiak berak ere bide honetan hainbat sententzia eman ditu. Hamaika arrazoi daude enpresaren baitako medikua izateko (motibazioa, informazioa, parte-hartzea, eraginkortasuna, arrazoi ekonomikoak…), baina EITBk justu kontrakoa egin nahi du.

Irizpide bakarra ekonomikoa omen da, langileon osasunaren eskubidearen eta kalitatearen gainetik. Eta "omen" diogu, frogatuta geratzen delako prebentzio zerbitzua kanporatu egiten duten enpresek epe ertain-luzean kostu ekonomiko handiagoa pairatzen dutela.

Jaurlaritzak aho handiarekin esaten du lan arriskuen prebentzioa estrategikoa dela. Baina ekintzak ez datoz bat adierazpen horrekin, kasu zehatz honetan nahiz osasungintza publikoa defendatzen dutela esaten dutenean, edota euren "pertsona helburu" leloa bazter guztietan banatzen dutenean. Gero, Espainiako Gobernuak "lanpostu deialdiak mugatzen dituela" errepikatuko dute.

Ohi bezala, Jaurlaritza eta EITB legeak eta arauak minimoan betetzera mugatzen dira, erantzukizun sozialei muzin egiten eta kasu honetan langileon osasuna arriskuan jarriz.

3) Neurria behin-behinekoa da, eta gu inozoak
Esan beharrik ez dago zerbitzu publiko bat behin pribatizatu ezkero zein zaila den atzera bueltatzea. Edozein aitzakia jarriko dute, baina ez dago hitzik justifika ezina dena argudiatzeko. Argi esan dezatela zein den euren benetako asmoa; izan ere, horrelako neurriak ez dira behin-behinekoak izaten, neurri estrategikoak dira. LAB ez da tranpa horretan eroriko, eta lanpostu estruktural hori borrokatu egingo du bere esku dauden tresna guztiekin.

LABek osasun sistema publikoaren alde egiten du, eta, beraz, EITBn zerbitzu medikoa bere osotasunean EITBrena izan behar duela defendatzen dugu.

Bestalde, EITBk mutualitatearekin duen kontratua amaitutakoan lan gaixotasun eta gaixotasun arrunten jarraipena osasun sistema publikoaren bidez kontratatu dadila berriro aldarrikatzeko baliatu nahi dugu ohar hau.

Amaitzeko, gogorarazi behar dugu gatazka honek borroka instituzional eta juridikoaz gain, EITBko langile guztion inplikazioa eskatzen duela. Horrexegatik antolatuko diren mobilizazioetara dei egiten ditugu langileak.
 

 

 

Kritikatu egiten dugu lehen arretako medikuei aparteko orduak aitortzeko Osakidetzako zuzendaritzak atera duen instrukzioa

0
Uste dugu Osakidetzako langileok kalitate zein eraginkortasun aldetik beharrezko diren baldintzak bermatzen dituzten lan-baldintzak exijitu behar dugula.

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak inolako negoziazio zein informaziorik gabe uztailaren 6an indarrean jarritako 5/2017 Jarraibidearen aurrean LABek zera adierazi nahi du publikoki:

1. Osakidetzako zuzendaritza 1992ko dekretu batean oinarritzen da honako instrukzioa aurrera eramateko. Aipaturiko dekretu horretan, “produktibitate” izeneko osagarria arautzen zen, baina praktikan, osasun publikoan aparteko orduak ordaintzeko sistemaz ari gara. Honako osagarria ospitaleetako itxaron zerrendak murrizteko bidea omen zen, “peonaden” bitartez.

2. Kudeaketa sistema oso sinplea izan da historikoki: itxaron zerrendak puztu egiten dira artizifialki, goizetan prozesu asistentzialak tantaka programatuz arratsaldeko txandan askoz gehiago egin behar izateko. Alde nabarmena dago: goizeko lana soldatarekin ordaintzen da (berdin dio zenbat prozesu egiten diren), baina arratsaldez prozesuka ordaintzen da, jokoan sartzen diren fakultatiboen nominak izugarri igoz (gehien bat hauenak, baina baita beste kategoria batzuenak ere).

3. Ospitaleetan hainbeste poltsiko bete duen sistema, Lehen Arretara eraman nahi dute oraingoan, helburu bikoitzarekin. Bata, begi-bistakoa, osasun zentroetan sortzen hasiak diren itxaron zerrendak gutxitzea. Bestea, ezkutukoagoa, lanez gainezka eta desmotibaturik dauden fakultatiboak lasaitzea, dirua mahai gainean ipinita.

4. Honen ondorioz, Lehen Arretako medikuek euren 7 orduko lanaldia egin eta gero (30 paziente gutxienez), beste kontsulta batzuetan jarraitu ahal izango dute, artatzen duten paziente bakoitzeko diru kopuru bat kobratuz. Imajina dezakegu zelan luzatuko diren itxaron zerrendak lehen arretan ere, arratsaldeko aparteko orduak kobratu ahal izateko.

5. LABen iritziz, kudeaketa sistema hau ezin da osasun publikoan onartu. Diru publikoaren kudeaketan iruzurraren mugan mugitzeaz gain, ez du bermatzen osasun arreta nahikorik ezta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzuaren beharrezko baldintzarik ere. Urteak eman ditugu euskal osasun sistemarako epe labur eta ertainerako Enplegu Plana eskatzen, langile sanitario zein ez sanitarioen beharrak asetuko lituzkeena. Baina kudeatzaileen erantzuna behin-behineko neurri eskasak ezartzea baino ez da izan, askotan sistemaren beraren zorioneko “iraunkortasuna” kolokan jartzen dutena.

6. Uste dugu Osakidetzako langileok kalitate zein eraginkortasun aldetik beharrezko diren baldintzak bermatzen dituzten lan-baldintzak exijitu behar dugula; eta era berean, gaur salatzen dugunaren moduko proposamenei uko egin. Sinetsita gaude honako neurriok batzuentzat diru gehiago suposatuko dutela, baina baita denontzat arreta kalitate txikiagoa ere.