2026-01-02
Blog Page 929

Nafarroako Kirol Kudeaketako langileek greba egingo dute apirilaren 11n

0

Lan uzteekin azken asteetan egindako mobilizazioei jarraipena emango diete, hitzarmenaren defentsan. Negoziazioa blokeatuta dago, eta, elkarrizketak ukatuta, langileen lan baldintzak izoztuta daude. 900 bat langile daude deituta astearteko grebara, eta udalek kudeatutako kiroldegiei eragingo die. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok deitu dugu, hots, KIrol Kudeaketako arloan ordezkatuta gauden sindikatuok.
 

 

 

Nafarroako Gobernuak gai zerrenda zehaztuko du, eta eskariak aurkezteko epe berria zabalduko du

Neurri batean, aintzat hartu du LABek E mailako kontratazio zerrenden harira egin den deialdiaren aurka aurkeztu duen gora jotzeko errekurtsoa. Funtsean, onartzen du gai-zerrenda aldatu behar dela eskatzen diren edukiak zehatz daitezen.

Nafarroako Gobernuak E mailako lanpostuak deitzearen aurka LABek jarri zuen gora jotzeko errekurtsoari eman erantzunean onartzen da gai-zerrenda zehaztu behar izango dela eta eskariak aurkezteko epe berria zabaldu beharko dela.

Gogoan izango denez, deialdiaren gai-zerrendan, bost gaietatik hiru sartzen ziren; haietan, generikoki aipatzen zen elektrizitateko, igeltserotzako, pinturako, zurgintzako, lorezaintzako, iturgintzako,… “oinarrizko ezagutzak” eskatuko zirela. LABek guztiz urriak irizten zion gaien definizioari, eta eskatzen zuen zehaztu zitezela zeintzuk ziren aipatu oinarrizko ezagutzak.

Dena dela, gure errekurtsoari eman zitzaion erantzunean, badira gai batzuk aintzat hartu ez direnak; horrengatik, oraindik uste dugu deialdi honek ez duela balio Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian (ANADP) lanpostuak bete daitezen.

Horrengatik, eskatu dugu agentzia honetan, E mailako lanpostuentzat, beste hautapen prozesua deitu behar dela, non eskatuko den gai-zerrenda egokituko zaion Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian (ANADP) egiten den egiazko lanari.

Dena den, LAB adi egongo da deialdi honetan kontratatuko diren pertsonak E mailako eginkizunak betetzera esleituko direla, eta ez dadin suertatu maila honetako pertsonek maila handiagoko zereginak betetzen dituztela. Batez ere, D mailako mantentzeko laguntzaileen funtzioak ez ditzaten E mailako langileek bete. Hau dela eta, D mailako mantentzeko laguntzaile izateko beste hautatzea deialdi berezi bat eskatuko dugu.
 

 

 

Ikuskaritza Zerbitzuak Korrikaren materiala erabili duten ikastetxeei buruzko informazioa eskatu du Nafarroan, UPNren eskariz

0

Harridura eta kezka handiz jaso dugu Hezkuntza Departamentuak Nafarroako ikastetxeetan egindako kontsulta errolda. Bertan informazioa eskatzen da Korrikaren inguruan, hain zuzen ere AEKk eta Ikastolen Elkarteak sortutako material didaktikoaren erabilpenari buruz. Ikuspegi hezitzaile batetik biek ala biek berme osoko eragileak izaki. Harritzekoa, kontsulta hau sortzen delako UPNek parlamentuan plazaratutako galdera batzuei erantzutera datorren jarduera bezala eta ez hezkuntzaren arlo didaktikoari dagokion zerbait bezala.

Ezin dugu ulertu, ezta onartu ere, nola azken garai honetan euskararekiko eta irakaskuntzarekiko alderdi batzuek duten ildo ideologikoak baldintzatu eta kontrolatu egiten duen zabala eta plurala izan behar duen hezkuntza jarduera.

Berriz ere, kezkaz ikusten dugu nola UPN- PP pinpinela duetoak bere ideologia interesatua agertzen duen euskarazko ekimen eta jarduera ororen kontra.

Gaur egun euskararen alde atxikimendurik zabalena jasotzen duen ekimen kultural anitza den Korrika kutsatzeko eta nahasteko nahian agertu dira eskuindar ultramontano hauek, horretarako Nafarroako Parlamentua erabiliz.

Ezin da onartu behin eta berriro euskararen kontrako jarrera hauek Hezkuntza Departamentutik eta Nafar Gobernutik erantzun tinkorik ez jasotzea eta, hein handian, haien trikimailuei bidea erraztea, euskararen inguruan zalantzak sortuz.

Hezkuntza Departamentuaren lana ikastetxe eta irakasleen jarduera pedagogikoa babestea da, ikastetxeetako proiektuak bultzatzea eta irakasleriaren jarduera didaktikoari laguntza ematea, katedra askatasuna babestuz eta ez eragotziz. Euskal eta euskarazko irakaskuntza behin eta berriro erasotua edota kolokan jartzen denean ezin da beste aldera begiratu.

LABek UPNek eta PPek euskararekiko duten etengabeko fobia geldiarazteko konpromisoa garbi utzi nahi du eta Hezkuntza Sistema Propio baten aldeko apostua berresten. Era berean Gobernu honi, aldaketa bidean, hezkuntzaren eta euskararen egoera hobetzeko hartuta dauden edota hartuko diren erabakiak inongo konplexu eta injerentziarik gabe aurrera eramateko konpromiso tinkoa exijitzen diogu.
 

 

 

Gasteizko Udalean benetako negoziazioa eman dadila eskatuko dugu bihar

Hitzarmenaren negoziazioan inposaketak ez ditugu onartuko, eta, hori dela eta, manifestaziora deitu dugu. Protesta 19:00etan irtengo da San Anton plazatik.

Proposamen berri horren izenburu batzuk aurreratu zizkiguten, Gasteizko Udaleko hitzarnenaren negoziazioa dela eta:

-Bere momentuan adostu genuen aurtengorako %2ko eroste ahalmenaren berreskurapena ez da posible izango. Lehen bai, orain ez.

-Murrizketen zati baten berreskurapenarekin, garaile atera gara langileak, beraz, ezin kexatu,…beti ezin dugula irabazi esan ziguten…

-Egin ahal dutena, Estatuaren Gobernutik ezartzen dute, …eta kitto.

-Negoziatzen duen ekipoa aldatu dutenez, orain arte eginiko 16 bilera eta sinaturiko akta guztiek ez dituzte ezertara konprometitzen.

LABetik hauexek dira azpimarratzen ditugun titularrak:

Negoziazioari mesprezu izugarria: 

Gobernu talde bera da, EAJ (orain PSEren laguntzarekin). Bere garaian hitza bete ez zuen zinegotziak ez zen agertu. Pertsonak aldatzen dituzte, bigarrenez adostutakoa pikutara bidaltzen dute…eta zerotik hasten gara berriro…

Udaleko langileei eta langilego osoari mesprezua: 

Lapurtu ziguten zati bat berreskuratzea langileen garaipena izan dela esatea onartezina da. Oposizioan zeudenean kendu zigutenaren zatia bueltatzeko hartutako konpromisoa ere ez dute bete. Murrizketa horiek guztiak ofizioz bueltatu behar zizkiguten.

Apur horien berreskurapenaren inguruan eginiko bozketan, baietzak negoziazioaren blokeoa gainditzera lotuta zegoen. Udal langileek horrela bukatuko genuela jakin ezkero, bozketaren emaitza beste bat izango zen.

Inoiz ezagutu ditugun murrizketak inposatu eta gero, %20ko eroste ahalmena galdu eta gero, prekarietatea eta enpleguaren suntsiketa gurean zabaldu eta gero, negoziazio kolektiboa lurretik bota eta gero eta Gobernu Espainarraren inposaketen jokora kondenatu eta gero…nola da posible langileok irabazi dugula esatea? Nola da posible berreskuratutako apur batzuekin irabazi egin dugula esatea?

LABek ez ditu joko arau hauek onartuko, eta ziur gaude, inposaketen aurka hainbestetan duintasuna erakutsi duten udal langileek ez dituztela onartuko ere. Horregatik, LABek tinko bultzatuko ditu udal langileen batzarretan eta Langileen Batzordean erabakitako mobilizazioak.
 

 

 

“Haserre entzun ditugu Urkulluren propaganda hitzak”

Aurrekontuen eztabaida honetan, zerbitzu publikoen defentsarako izpirik sumatzen ez dugula salatu genuen Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, joan den martxoaren 30ean. Eusko Jaurlaritzak ez du zerbitzu publikoen aldeko inbertsiorik egiten, eta aurrekontuetan ikusi ahal izan dugu zein den gobernuaren jarrera. Hortik aurrera dena propaganda hutsa da. Horixe nabarmendu genuen joan den asteko mobilizazioan. Irakaskuntza, Administrazioa, Osakidetza, EITB… zerbitzu publikoetako zenbait ordezkariren iritzia jaso dugu erantsitako bideoan.
 

 

 

“Prekarietateak industria hartu du”

0


Bilbon atzo egin bezala, LABek manifestaziora deitu du gaur industriaren defentsan, “Prekarietatearekin Industria 4.0rik ez dago. Aberastasuna banatu” leloarekin. Mobilizazioa Gipuzkoa plazan hasi eta Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen egoitzaren aurrean amaitu da. Industriaren etorkizuna kolokan dagoela salatu dugu bertan, eta Confebask eta Eusko Jaurlaritzarentzat izan ditugu hitzak: “Inoiz baino aberastasun gehiago sortzen ari den honetan, lapurreta erraldoi bat egiten ari dira, egun argiz eta begibistan”.

Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean hartu dugu hitza, eta Confebask eta Jaurlaritzaren beraren apustuaren aurka aritu gara: “Industria 4.0 bultzatzen ari zaretela diozuen bitartean, Prekarietatea 4 Industria 0 eredua ari zaretete sustatzen”. Negoziazio kolektiborako eskubidearekin amaitu nahi dutela ohartarazi dugu: “Langileen artean lehia sustatu nahi duzue, ikusteko nor dagoen prest baldintza txarrenetan eta soldata eskasenaren alde lan egiteko”.

Hazkunde ekonomikoaren garaian, patronalak eta agintariek aberastasuna banatzeko inongo asmorik ez dutela nabarmendu dugu, eta langileen lan baldintzek okerrera egin dutela ohartarazi: “Lan baldintza okerragoak ezartzen dituzue kontratazio berrietan, eta emakumeek pairatzen duten diskriminazioa betikotu duzue. Pobreziak eta berdintasunik ezak gora egin du. Lana ez da jada pobrezia saihesteko berme bat. Prekarietateak industria hartu du”.

Hala, industriaren defentsan borrokatzen jarraituko dugula berretsi dugu.
 

 

 

Armagabetzea garrantzitsua da fase berri bat irekitzeko urrats gisa

0

ETAren berehalako armagabetzeak irekiko duen egoera dela eta, gaur, hilak 5, komunikabideen aurrera agertu gara alderdi politiko eta sindikatuok iritzi publikoari geure analisia eta balorazioa jakinarazteko. Gure iritziz helburu hau betetzea oso lagungarri litzateke euskal gizarte eta politikan iraganarekin lotutako epealdi bat ixteko eta aukera emango luke, biktima guztiak gogoan izanik, orainaldi eta etorkizun fase berri batean aurrera egiteko, zeinak oinarritzat bizikidetza izango duen.

Armagabetzea bakerako beharrezko urrats bat da; ezinbesteko urratsa, izan ere. Horregatik, gure organizazioek eta herritarrek aspaldidanik nahi genuen gertatzea. Armagabetze atzeraezina, erabatekoa, aldebakarrekoa eta baldintza politikorik gabea funtsezko mugarria da bortizkeriaren amaiera prozesu ordenatu eta behin betikoaren baitan. Beraz, albiste ona dugu hau, eta sinesgarritasuna eman nahi diogu, baldintza hauetan adierazita dagoen heinean; espero dugu arrakastaz betetzea.

Horregatik, beste ezer baino lehenago aintzat hartu nahi dugu urrats hau posible izan zedin bertoko eta nazioarteko hainbat pertsona, organizazio eta erakundek egin duten lana. Hemendik aurrera, gure erantzukizuna da, organizazio politiko eta sindikalak garen aldetik, hainbeste hamarkadak utzitako ondorioak gainditzea. Besteak beste, geure organizazioentzako ere erronkak dira honakoak: hitza armagabetzea; zilegizko gure gorabeherak demokratikoki eta gizalegez bideratzea, eta tirabirak kudeatzeko elkarrizketa eta negoziazioari balioa ematea. Ziur gaude, lehenago esan dugun bezala, armagabetze prozesu hau arrakastaz amai dadin lagungarria izan daitekeela instituzio errepresentatiboak, egiaztatze erakundeak eta gizarte zibila ordezkatzen duten organizazioak behar bezala artikulatzea. Gure organizazioek bakearekiko duten konpromisoa berresten dugularik, honako gogoeta eta eskariak adierazi nahi ditugu:

  • ETAri galdegiten diogu lehenbailehen egin dezala armagabetze ekitaldi bakarra, aldebakarrekoa, osoa, behin betikoa eta egiaztatua.
  • Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari eskatzen diogu helburu hau gauzatze aldera garatzen ari den lan onarekin jarrai dezala.
  • Ondo deritzogu helburu hau lortzeko gizarte zibileko pertsona eta erakundea inplikatzeari.
  • Gure Instituzioei dei egiten diegu jarrai dezaten gestioak egiten legezko eta segurtasun bermeak izango dituen azken armagabetze ekitaldia babesteko, eta honen jarraipena egin dezaten.
  • Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatzen diegu ETAren armagabetzea burutzen lagun dezatela.

Azkenik, jakinarazten dugu gure organizazioak ordezkatuta egon daitezkeela, erabakitzen duten eran, Baionan apirilaren 8an deituta dagoen ekitaldian, Frantziako eta Iparraldeko ordezkaritza politiko eta sindikal anitz eta zabal baten ondoan.

Sinatzaileak: PNV, EH Bildu, PSE, Podemos Euskadi, Ezker Anitza, Equo Euskadi, Geroa Bai, Podemos Nafarroa, Izquierda Ezkerra, ELA, LAB, CCOO, UGT,, STEE EILAS, ESK, Etxalde Mugimendua, HIRU.

Indesaren izaera publikoa aldarrikatu dugu

Apirilaren 3an, LABeko ordezkaritza Arabako Batzarretan egon zen, INDESA 2010 S.L. enpresaren ponentzian gure hausnarketa plazaratzeko. Enpresak juridikoki duen definizio eza, sortu zen xedearen ez-betetze sistematikoak, langileen lan baldintza txarrak eta enplegua prekarizatzeko erabili izana, izan ziren ponentzia aurkezteko arrazoiak. EH Bilduk aurkeztutako ponentzian enpresaren izaera juridikoa, lan soziala eta langileen baldintzak tratatzen dira eragile eta ikuspuntu desberdinetatik.

INDESA 2010. urtean Sozietate Publiko batean bihurtu zen Enplegu Zentro Berezi bat da, 750 langile baino gehiago dituena. Bere helburua ez litzateke negozio ekonomikoa egitea izan behar, baizik eta, helburua soziala izan beharko zen: aniztasun funtzionaleko pertsonak lan munduan integratzea. Baina gaur egun, publikoak diren zerbitzuak pribatizatzeko erabiltzen da INDESA, beraien zerbitzuak merke saltzen dituztelako kontratatzen ditu Administrazioak. Enpresak urtero jasotzen ditu diru laguntzak edota lan berriak Administrazioaren partetik, baina horrek ez ditu langileen baldintzak hobetzen. Enpresak aniztasun funtzionaleko pertsonak erabiltzen ditu eskulan merkea bezala, eta hori onartezina da.

LABetik argi daukagu INDESA enpresa publikoa izan behar dela bere osotasunean, diru publikoa jasotzeaz gain, bertako langileek administrazioan lan egiten dutenenen baldintza berberak izan behar dituztela. Salatu egin dugu INDESA Enplegu Zentro Berezia izanik, aniztasun funtzionaleko langileen baldintzak hobetzea ez litzatekeela gastu ekonomikoa bezala kontsideratu behar, inbertsio soziala baizik, horretarako sortua izan baitzen enpresa.

 

 

 

Osakidetzaren pribatizazioen aurka egin dugu protesta

0

Elkarretaratzeak egin ditugu gaur Gasteiz, Bilbo eta Donostian. Hain zuzen ere, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuak Osakidetzan ematen ari diren pribatizazioen kontrako kanpainan bete-betean gaude, osasun-arreta eta lanpostu publikoak suntsitzen ari direla salatzeko helburuarekin.

Osakidetzako zuzendari Maria Jesus Mugikaren hitzak dira erakundearen negozioa osasuna dela. Hitz horiek bete-betean azaltzen dute Osakidetza zuzentzen ari direnen filosofia, osasuna negozio iturri nahi dute. Iturri emankorra, baita bertan aritzen diren enpresentzat. Hona hemen hiru adibide:

-Garbialdi: azken hiru urteetan 1.518.797 eurotako irabaziak izan ditu. Garbialdik Osakidetzarentzat 30 milioi eurotik gorako gastua suposatzen du.

-IMQ Zorrozaurre: azken hiru urteetan 8.895.937 eurotako irabaziak izan ditu.

-Mapfre: Estatu mailan 1.148.310.000 eurotako irabaziak izan ditu.

Negozioa zabaltzen dute gizartearen osasun arretaren eta langileen lan-balditzen kaltetan. Osasun publikoa narriatzen duten neurrian handitzen da enpresa pribatuen negozioa. Noizko sindikatuok neurri hauek hartzea justifikatzen duten txostenak publiko egitea?

Eta, gainera, jendaurrean pribatizaziorik egiten ez dutela diote. Sindikatuokin sinaturik dute ez dutela zerbitzu berririk pribatizatuko, baina, Urdulizko Ospitalearen ondoren, Lezako garbitegiaren pribatizazioa dator.

Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontu proiektua argitaratu du. Aurrekontuei buruzko eztabaida oso momentu egokia da Osakidetzak enpresa pribatuei bideraturiko 350 milioi euroak berrikusteko.