2026-02-08
Blog Page 925

Joseba Vizan ez estraditatzeko eskatu dugu


Pasa den astean, Joseba Vizan euskal errefuxiatu politikoa Brasilen atxilotu eta kartzeleratu zuten asilo eskaria ukatu ostean. Atxiloketa honen aurrean, gaur, maiatzak 9, hainbat eragile bildu gara Brasilgo Kontsulatuaren aurrean, Deustun. Elkarretaratze honen bidez estraditatu ez dezaten exigitu dugu.


 

 

 

Erregistro zibilaren ereduari buruzko eztabaida prozesu bat irekitzeko eskatu dugu

0

Erregistro Zibilaren zerbitzuko langileek Gasteizko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordean hartu dute parte, batzordeak berak eskatuta, erregistro zibilaren egoeraren eta geroaren inguruko iritzia eta kezka azaltzeko. LABek herritarrekiko hurbila den zerbitzu publiko bat defendatzen du, egungo egiturarekin, egun dituen bulego guztietako funtzioak bere horretan mantenduz.

Erregistro Zibilaren zerbitzuko langileek Gasteizko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordean hartu dute parte, batzordeak berak eskatuta, erregistro zibilaren egoeraren eta geroaren inguruko iritzia eta kezka azaltzeko.

Erregistro zibilean jaiotzetik hil arteko gure datu personal guztiak daude gordeta, bizitzan zehar suerta dakizkigukeen askotariko gertakariak. Gure nagusiek ere erregistro zibilera joan behar dute bizi eta egoera agiria lortzeko, pentsioa edo enpresa osagarria jasotzen jarrai ahal izateko. Aipatu ditugun guztiak oso datu delikatuak dira, eta, interes pribatuen menpe utziz gero, sekulako altxor bilaka daitezke negozioa egiteko.

Honengatik guztiagatik, Gasteizko Legebiltzarreko batzordean parte hartu duten langileek uste dute eztabaida eta gogoeta prozesu bat ireki behar dela erregistro zibilaren ereduari buruz, behar eta nahi dugun eredua zehazteko. Ildo honetan, LABek herritarrekiko hurbila den zerbitzu publiko bat defendatzen du, egungo egiturarekin, egun dituen bulego guztietako funtzioak bere horretan mantenduz. Bestalde, iritzi dugu erregistro zibilean jasota egon behar dutela pertsona bakoitzaren bizitzan eragina izan duten gertakari nagusienak lege pertsonalari dagokionez. Hori guztia Justizia Administrazioko langileek artatuta, datuen zaintza eta babesa bermatu ahal izateko, eta Autonomia Erkidegoak izendatutako arduradunaren zuzendaritzapean.
 

 

 

Europako sindikatuok elkartasuna adierazi diogu Palestinari

0

LAB kide den Palestinarekiko Europako Sindikatuen elkartasun sareak Palestinako preso politikoei babesa adierazi nahi die daramaten gose grebaren harira. Pasa den apirilaren 17an 1.500 preso politiko Palestinarrek gose greba baten hasiera iragarri zuten. Gose greban dauden preso politiko hauek Israelen gehiegikeria, isolamendu, tortura, arduragabekeria medikua, eta nazioarteko zuzenbideak bermatzen dituen eskubideen urraketa salatu nahi dute. Bertzeak bertze epaiketa justu baten aldeko eta bisita edukitzeko eskubidea urratzen ari zaie momentu honetan.

6.300 inguru preso politiko palestinar daude Israelgo kartzeletan Adameer erakundearen arabera (Presoen eskubideen aldeko eta giza eskubideen aldeko erakundea), horietatik 300 inguru haurrak. Gaza eta Cisjordaniako preso politikoak Israelgo kartzeletan preso daude, eta aunitzetan senitartekoen bisita erregularrak ukatzen zaizkie, Amnistia Internacional erakundearen arabera “azken hamarkadetan daramaten politika ez soilik legearen urraketa krudel bat, baizik eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa larri bat”.

Europako sindikatu bezala beldurra sentitzen dugu ikusten dugunean nola Europako Estatutak eta Europar Batasunak ez duten beraien betebeharra egiten Palestinak pairatzen duen injustizia egoera garbi hau Israeli aurpegiratzea, eta nola ez duten Israelen giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen urraketaren aintzinean deus ere egiten. Europar Batasunak eta multinazionalek etekin ekonomikoak lortzen dituzte errepresioarekin eta Palestinarren atxiloketekin.

Sindikalista eta hiritar kontziente bezala egoera honen aintzinean posizio bat hartu behar dugula uste dugu. Gose greban dauden preso politiko palestinarrei gure elkartasuna adierazten diegu tratu justu eta justizia aldarrikatzen dutenean. Gure sindikatuen barruan HP eta G4S enpresetako kontratuak ez berritzera konprometitzen gara, hauek preso politiko palestinarren egoeraren konplize diren neurrian. Hortaz gain Europar Batasuneko estatuei eta Europako nazioei Israelekiko haien konplizitatearekin bukatzea exijitzen diegu eta giza eskubideen urraketengatik kargu hartu diezaiotela.

 

 

 

Osakidetzaren pribatizazioaren aurka egin dugu protesta

0

Iñigo Urkullu lehendakariaren aurrean mobilizatu gara gaur, Urdulizko ospitaleko larrialdi zerbitzuaren inaugurazioa dela eta. Hain zuzen ere, Osakidetzaren pribatizazioa arbuiatzeaz gain, irekieraren atzerapena salatu dugu LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuetako ordezkariok. Urtebete beranduago inauguratu dute larrialdi zerbitzua.

Pribatizazioaren adibideak nonahi daude Osakidetzan, atzoko inaugurazioaren lekuko izan den Urdulizko ospitalean ere. Urrutira joan gabe, Urdulizko Ospitaleetako sukalde, ikuztegi eta garbikuntza zerbitzuen baldintza-agiria geldiarazteko agindua jaso ondoren ere, Osakidetzak zerbitzu horiek eta beste zentro batzuetakoak pribatizatzeko asmoarekin darrai.

Osakidetzak pribatizazioaren estrategiari eusten dio. Eta sindikatuok egiaztapen bat azpimarratu nahi dugu: osasun-sistemak zenbat eta pribatizatuago egon, orduan eta desberdintasun handiagoa osasun-zerbitzuak eskuratzeko. Guk apustu egiten dugu ekitatearen alde; baina, horretarako, ezinbestekoa da gure osasun publikoa sendotzea.  
 

 

 

CETA itunaren eragin kaltegarriaz ohartarazi dugu berriro

0

Madrilgo Kongresura iritsi da CETAren izenpetzearen inguruko eztabaida. Horren harira, itun honen aurka egiteko jarrera berretsi dugu, ondorio kaltegarriak besterik ez baititu ekarriko. Korporazio handien neurrira egindako legediak bultzatzea du helburu; hauek bertako merkatuan dituzten azken mugak ezabatzea, hain zuzen ere. Hitz batean, CETA bezalako nazioarteko itun ekonomikoek neoliberalismoan sakontzen dute.

Europako Parlamentuaren osoko bilkurak Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko Ekonomia eta Merkataritza Akordio Orokorraren testua bozkatu zuen otsailean; hots, CETA ituna, bere ingelesezko laburdurekin ezagutzen den tratatua. Hala, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Bizkaiko eta Nafarroako TTIP/CETA ez plataformekin batera, hainbat mobilizazio antolatu zituen Hego Euskal Herriko hiriburuetan, itunak ekar ditzakeen ondorioaz ohartarazteko.

Madrilgo Kongresura iritsi da orain eztabaida, eta salaketa bere horretan mantentzen dugu, CETAren aurkako plataformak zerrendatutako arrazoiak direla medio.

Legebiltzarkideei gutuna

Autonomia Erkidegoek ez dute eskumenik CETA onartzeko, baina bertan dauden alderdietako batzuk izan dira bai Europar Batasunean, bai Espainiar Parlamentuan, bere negoziazioa eta onarpena bultzatu dutenak. Beraz, orain eskumen ezaren aitzakiapean eskuak garbitu nahi badituzte ere, erantzukizun zuzena daukate. Hori dela eta, legebiltzarkideei azalpenak eskatzeko kanpaina abiatu du CETAren aurkako plataformak: "Ez iezaiezu utzi eskuak garbitzen! Herritar zaren heinean, behartu zure eskubideak babesten! Idatzi CETA babesten duten alderdietako parlamentari guztiei, euren postura aldatzera behartzeko!".
 

 

 

Igandeko herri kontsultekin bat egin dugu

LABeko Nazio Komiteko kideek bat egin dute Gure Esku Dago dinamikak maiatzaren 7rako deitutako herri kontsultekin. Hain zuzen ere, 91 herritan egingo dituzte galdeketak eta 250.000 gora lagun daude deituta. Gure etorkizuna erabakitzearen alde gaude, erabakitzeko eskubidea behar dugulako egoera laboral eta soziala iraultzeko. Oinarri berriak dituen jendarte eredu askea nahi dugu, eta langileok aukera paregabea dugu gure hitza eta erabakia aktibatzeko eta gure borondatea adierazteko antolatu dituzten herri kontsultetan.
 

 

 

Espetxeetara antolatutako martxekin egin dugu bat

LABeko Exekutibako kide Garbiñe Aranburuk hitza hartu du gaur Bilbon egindako agerraldian, maiatzaren 20an Espainiako eta Frantziako sei espetxetara egingo dituzten martxen berri emateko. Hain zuzen ere, sakabanaketa salatzeko iniziatiba Curtis, Fleury, Picassent, Puerto, Roanne eta Saint Maur herrietako kartzeletara iritsiko da, "presoei bakarrik ez daudela gogoratzeko eta munduaren aurrean bidegabekeria hau konpon dadin eskatzeko". Sindikatuak atxikimendua luzatu dio Bilbon aurkeztutako ekimenei, espetxeetara egingo duten martxa ez ezik, beste zenbait protestetara ere deitu baitute egunotarako, Amnistiaren aldeko aste odoltsuenaren 40. urteurrenaren harira.

Duela 40 urte, Euskal Herria bidegurutze garrantzitsu batean zegoen. Orduan antolatu zuten Amnistiaren Astea, eta euskal jendarteak babes ikaragarria eman zion. Espainiako Estatuak, ordea, errepresioarekin erantzun zion ekimenari, eta zazpi pertsona hil zituen amnistiaren alde borrokatzeagatik. 40 urte pasa dira aste odoltsu hartatik, eta datozen egunotan berriro ekarriko dugu gogora, baita presoak etxeratzeko aldarria ere.

Esaterako, mobilizazioak eta omenaldiak egingo dituzte, "Agur eta ohore" leloarekin: maiatzaren 11n, Iruñean (20:00); maiatzaren 12an, Bilbon (20:00); maiatzaren 13an, Oreretan (17:30); eta maiatzaren 14an, Ortuellan (13:00).

Era berean, espetxeetara martxak egingo dituzte, "Maite zaituztegu, kalera!" leloarekin. Maiatzaren 20an izango da, eta Curtis, Fleury, Picassent, Puerto, Roanne eta Sain Maur herrietako kartzeletara abiatuko dira.

Uztailaren 20 eta 27 artean, Askatasunaren Ibilbidearen 40. urtemuga gogora ekarriko dute, Gernikatik Sakanara ibilaldia eginez.

Ekimen hauei guztiei babesa eskaini die LABek, eta langile guztiei parte hartzeko deia luzatu diegu.

 

 

 

Pineko langileek greba egin dute euren lanpostuen defentsan

0

Pine enpresako langileek jakin berri dute Ingeteam taldeak pine marka saldu duela. Egoera salatu eta beraien lanpostuak defendatu nahian, langileek greba eta elkarretaratze bat egin dituzte gaur Zamudioko Teknologia Parkean. 500 langile inguruk lan egiten dute Pinen.

Pineko enpresa batzordeak zuzendaritza desberdinek azken urteetan egindako "zorigaiztoko kudeaketari" leporatu diote egungo egoeraren ardura, kaleratu duten adierazpenaren arabera.
 

 

 

Espainiatik dakarten industria ereduak prekarietatean murgilduko gaitu

0

Miramongo Parke Teknologikoko Auditorio parean elkarretaratzea egin dugu, "PNV, zuen eredua #Spanishprecarity4.0, langileok euskal Estatua!" leloarekin. Protesta honekin, Espainiako erregearen bisita salatu nahi izan dugu, EAJk bultzatzen duen benetako ereduaren erakusgarri baita; alegia, Espainiako lan erreforma eta prekarietatean oinarritutako eredua, etorkizunik ez duen eredua.

Erregearen bisitak ongi asko erakusten du zein de hemengo instituzioek, batez ere Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen eredua. Industria 4.0. propagandaren atzean prekarietatea zabaltzeko apustua besterik ez dago. Egiten duten apustua espaniar Estatuko eredua kopiatzea da. Honek prekarietatearekin lehiatzen saiatzea suposatzen du eta LABen iritziz industriak ez du etorkizunik bide honetatik jarraituz gero.

Gainera lotsagarria iruditzen zaigu inoizko aberastasun haundiena sortzen ari den bitartean negoziazio kolektiboa blokeatzen duen patronalari Jaurlaritzak babes osoa eskeintzea. Industria aurreratua izango bada, sozialki eta lan baldintzetan aurreratua izan behar da.
Espainiako eredua aplikatzeari utzi eta industria politika propioa, inbertsioan eta aberastasunaren banaketan oinarritutakoa bultzatzea behar du herri honek.

Tamalez, aurrekontuetan erdietsitako akordioak, beste behin erakusten du EAJ eta PPren proiektu ekonomikoa berberak direla: patronalaren, eta bereziki Confebasken eredu berbera, burujabetza ekonomikoari, erabakiak hemen hartzeari uko egiten diona. LAB hau aldatzeko borrokatuko da, hau baita egoera aldatzeko bide bakarra.